Ofelia Hernandezek behin baino gehiagotan salatu izan zituen bere bikotekidearen tratu txarrak, eta urruntze agindu bat ere ezarri zioten auzitegiek gizonari. Baina ez zen aski izan. Felipe Ardanzak, bikotekide ohiak (35 urte), emandako labankada batek hil zuen emakumea.
Ikusi gehiago
Hernandezek bazituen 4 urteko ume bat —Ardanzarekin edukitakoa— eta 11 urteko beste bat —aurreko harreman batekoa—, eta bi umeekin bizi zen, Durangoko pisu batean, Bizkaian. Tratu txarrak eta urruntze aginduak gorabehera, eta biek bikote harremana utzia zuten arren, gizona haiekin bizi zen, pisu berean.
Bikote ohia festa batean egona zen, eta han eztabaidan aritua ere bai. Etxean agertu zen gizona, bi labana hartu, eta horietako bat sartu zion emakumeari, «defenditzeko aukerarik eman gabe eta ezustean», epaiaren arabera. Abdomenean sartu zion.
Andreak ihes egin zuen etxetik, eta inguruko pizzeria batean babes hartu zuen. Galdakaoko ospitale batera eraman zuten, baina hurrengo egunean hil zen han, 2005eko urtarrilaren 15ean. Guatemalakoa zen sortzez.
Ardanzak etxetik ihes egin zuen, baina emakumea hil eta hurrengo egunean atxilotu zuten ertzainek; hilketa aitortu egin zien orduan. 2006ko azaroan epaitu zuten; hamazazpi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak, hilketagatik, tratu txar iraunkorrengatik eta urruntze agindua urratzeagatik.
Hernandez hil eta hamabi urtera, 2017an, hirugarren gradura aldatu zuten Ardanza, eta baimenekin kalera ateratzeko eskubidea lortu zuen. Kalera ateratakoan, Durangon zegoen aldi batean, Pilar Riosi mehatxu egin zion. Udaleko alkateordea eta Berdintasun arloko presidentea da Rios. Hernandezen hilketaren ondoren, emakumeen aurkako indarkeria borrokatuko zuen elkarte bat sortzeko lanean ere aritu zen.
Riosek ez zuen gizona ezagutu, baina Ardanza ez zegoen ahaztua. Eskua pistola bat balitz bezala jarri eta tiro egiteko imintzioa egin zion Riosi, kafetegi batean. Auzi horrengatik ere epaitu zuten gizona, eta Riosengandik urruntzeko agindu bat ezarri zioten.