Zergak jaitsi, jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Eskuinaren aspaldiko aldarri horri astindu du gaurkoan UPN-PPk. Nafarroak zerga zuzenak arautzeko aukerak dituenez, zeharkako zergei erreparatu die eskuineko koalizioak. Besteak beste, oinarrizko elikagaien BEZa kentzea proposatu du.
Nafarroako Ogasun departamentuaren aurrean mintzatu da Javier Esparza Senaturako hautagaia. Zeharkako zergen inguruan PPk aurkeztutako testuarekin bat egin du: proposatu du oinarrizko elikagaiei BEZ kentzea eta erregai zein argindar tarifaren BEZa %21etik %10era jaistea, eta etxebizitzarena %10etik %4ra.
Gainera autonomoen botoa erakartzeko neurriak proposatu dituzte. Hala nola, ekintzaileei lehen urtean BEZ kentzea edo urtean 85.000 eurotik behera fakturatzen dutenentzako erregimen berezi bat ezartzea.
Borondate kontua
Esparzaren arabera, zortzi urteotan erregaia %53 garestitu da eta eguneroko saskia %43. Bere esanetan zergak murriztea herritarrei laguntzeko modu bat da: «Ez da gutizia bat. Hilabete amaierara iristen laguntzeko modu bat da. Uste dugu hobe dela dirua herritarren poltsikoan egotea, Ogasunaren kutxan baino». Gaineratu duenez, hori egin ahal izatea «borondate kontua da»
Bere esanetan, herritarrei zergak apaltzeko beste modua Hitzarmen Ekonomiko bidez da. Errenta zergaren inguruko eskumena Nafarroak du, eta azaroaren 29an ez da haren osaera erabakiko. Bere ustez, urteotan guztiotan Nafarroako Gobernuak familiei «esfortzu handia» eskatu die. «Eskainitako zerbitzu publikoekin alderatuta, ez dago justifikatuta igoera hori», salatu du.