Mendeetan hizkuntza entzutetsua izan zen okzitaniera —testu juridikoetan, trobadoreen literaturan, Donejakue bidean...—, baina XVI. mendetik aurrera atzerakada azkarra izan zuen, frantsesak lekua kenduta. Frantziak frantsesa ez den beste hizkuntzarik onartzen ez duenez, okzitaniera Aran ibarrean baino ez da ofiziala, 1991tik; eta Italian, berriz, gutxiengo historiko gisa babestuta dago Piemonten 1999tik; hots, sustapen neurriak ditu, ofizialtasunik gabe.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
XIX. mende hasieran gaskoia Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritan bizirik zegoen oraindik. Ipar Euskal Herrian, ofiziala izan zen Baionan laurehun urtez, eta Erdi Aroko dokumentu asko gaskoiz idatziak daude. Egun, Xarnegu izeneko eremuan hitz egiten da (Nafarroa Beherea). Euskal Hirigune Elkargoak bere sorreratik gaskoia ere sustatzen du.
Egun, okzitanieraz hitz egiten den eremu osoko daturik ez badago ere, OPLO Okzitanieraren Bulego Publikoaren datuek —Okzitaniako, Akitania Berriko eta Aran ibarreko datuak dira— hizkuntzaren egoera zer-nolakoa den jakiteko balio dezakete. Ondorioa argia da: hizkuntza dakitenen ehunekoa oso baxua da (%7); Euskal Herrian euskaraz dakitenen ehunekoa (%30,2) baino lau aldiz txikiagoa, okzitanieraren lurraldea hamar aldiz zabalagoa izanagatik ere.
Okzitaniera datutan
- Okzitania, Akitania Berria eta Aran ibarra. OPLO Okzitanieraren Bulego Publikoak inoizko inkesta soziolinguistiko zabalena egin zuen 2020an. Horren arabera, Okzitanian eta Akitania Berrian 542.000 lagun okzitanieraz hitz egiteko gai dira —herritarren %7—; Aran ibarrean, 6.539 lagun —herritarren %62—. Hauxe hiztun horien soslaia: %66 gizonak dira; %56 landa eremukoak dira; %58k ez dute goi mailako ikasketarik; eta batez beste 66 urte dituzte.
- Italiako Piemonteko harana. Unescoren datuen arabera, 40.000 pertsona inguru dira okzitanieraz hitz egiteko gai.
- Ipar Euskal Herria. Euskal Hirigune Elkargoaren datuek diotenez, 6.000 pertsona inguru dira hitz egiteko gauza.
Erabilerari dagokionez, OPLOren arabera, okzitaniera eremu pribatura edo eskolara mugatzen da gehienbat: okzitanieraz hitz egiten dutenen %60k lagunekin eta bizilagunekin erabiltzen dute, eta %45ek, familiarekin. Eremu profesionaletan oso bazterrekoa da oraindik ere. Eremu sozialetan atzera egiten ari da, eta festetan eta elkarretaratzeetan, adibidez, %7koa da erabilera. Hots, babes politiko faltak, diglosia egoera gogorrak eta familia bidezko transmisioaren etenak egoera larrian utzi du okzitaniera. OPLOk esan du okzitaniera galtzeko arrisku larrian dagoela, eta Unescoren Munduko Hizkuntza Mehatxatuen Atlasean, Galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza etiketapean agertzen da.
Eskola gehiago okzitanieraz
Horiek horrela, hizkuntza biziberritzeko gakoetako bat izan daiteke hezkuntza. Alta, FELCO irakasle elkarteak emandako datuen arabera, okzitanieraren lurralde historikoko ikasleen %3,3k soilik (99.806 ikaslek) dute hizkuntzarekin nolabaiteko harremana, aintzat hartuta urtean pare bat sentsibilizazio saio egiten dituztenak eta murgiltze ereduan ikasten dutenak. Hezkuntza publikoak, hain zuzen, hiru modalitate eskaintzen ditu, ikastetxearen borondatearen arabera: sentsibilizazio saio puntualak, astean hiru orduko saioak, eta Oc-bi eredu elebiduna —bigarren hezkuntzan asko murrizten da—. Horiez gain, Calandreta eskola asoziatiboek —Seaskaren parekoek— murgiltze eredua dute, eta irakaskuntza ia osorik okzitanieraz ematen dute.

Jarrerei dagokienez, OPLOren arabera, herritarren %41 okzitaniera eskolatze osoan txertatzearen aldekoa da. Azken urteetan, eskaerak gora egin du eskola publikoetan, eta ikasle kopurua egonkorra da Calandretetan, baina hazkundea ez da maila guztietan berdin gertatzen. Oc-bi hezkuntza programa elebiduneko presidente Martine Raluren arabera, erronka nagusia Lehen Hezkuntzatik lizeorainoko eskaintza jarrai eta sendo bat osatzea da: hutsuneek urtero ikasleak galarazten dituzte, eta azken lau urteotan hiru Calandreta itxi dituzte Akitania Berrian.
Hortaz, hezkuntza sistemaren bidez okzitaniera gero eta ikasle gehiagorengana iristen bada ere, horrek ez du oraingoz hiztun kopuruaren gorakadarik ekarri. Hala dio Raluk: «Gure hizkuntzak eta gure kulturak aukera politak dituzte etorkizunera begira, gizartearen eskaria hor dagoelako. Aukera horiek gauzatzeko, ordea, Frantziako hezkuntzak eskola publikoetan ibilbide elebidun gehiago garatu behar ditu, eskola elkarteekin eta okzitanieraren inguruko gizarte osoarekin elkarlanean».