Okzitaniera gertatzen ari delako

Udako Okzitaniar Eskola egitasmoak berrehun pertsona inguru biltzen ditu astebetez udan, okzitanieraz bizitzeko. Ez dago halako beste eskaintzarik.

Umeak eta gazteak EOEn parte hartzen, abuztuan, Vilanova d’Olten. IZARO ARRUTI AGIRREURRETA
Umeak eta gazteak EOEn parte hartzen, abuztuan, Vilanova d’Olten. IZARO ARRUTI AGIRREURRETA
Izaro Arruti Agirreurreta
Vilanova d’Olt
2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hiru zorok duela 52 urte ideia ero bat izan zuten, munduko hainbat txokotatik okzitaniera ikastera etorritako jendearen belarrietara hizkuntza itzularazteko. Eta badirudi ideia horrek funtzionatu duela!». Vilanova d’Olt herria Okzitanian dago, eta hitz horiekin hasi du EOE–IEO47 elkarteko presidente Yves Seguirrek aurtengo EOE Udako Okzitaniar Eskola. Hainbat ekintza antolatzen ditu EOE–IEO47 elkarteak, eta horien artean esanguratsuena EOE da, okzitanieran murgiltzeko astebeteko esperientzia, edonori irekitako arnasgune bakanetakoa. Hauxe da funtsean: astebetez, okzitanieraz aske eta beldurrik gabe bizitzea. Aurten, abuztuaren 10etik 16ra egin dute.

Aurreko urteetako joerari eutsiz, berrehun bat lagun elkartu dira Vilanova d’Olten: hain zuzen, 164 parte hartzaile —134 heldu eta 30 adingabe—, soldatapeko langile bakar bat eta 58 boluntario. Parte hartzaileen erdientzat ez da lehen aldia, berriro egin baitute astebeteko egonaldia. Lau profil dira ohikoenak: hizkuntza maila hobetu nahi duten okzitanierazko profesionalak, txikitako hizkuntzara itzuli nahi duten erretiratuak, aktibismoan diharduten gazteak, eta murgiltze ereduetara sarbiderik izan ez duten haurrak eta gazteak. Gehienak Frantzia hegoaldekoak dira, eta %13, kataluniarrak.

Umeek Escoleta taldean parte hartzen dute, eta gazteek Escol’ados taldean, biak beren adinera egokitutako jarduerekin; helduentzat, berriz, okzitaniera ikastaroak antolatzen dituzte: lau dialektotan, hiru mailatan eta bi modalitatetan —intentsiboa edo normala—. Modalitate normala hautatzen dutenek arratsaldeetan hautazko tailerretan parte hartzeko aukera dute: besteak beste, dantza, abestea, sukaldaritza, poesia eta eskulanak. Arratsaldearen bigarren partean, berriz, okzitanieraren eta okzitaniar kulturaren inguruko adituen hitzaldiak izaten dituzte, eta, gauean, okzitanierazko sorkuntza artistikoak hartzen du lekukoa: kontzertuak, dantzaldiak, antzerkia... Atsedenaldirako ere badira txokoak: okzitaniar produktuen liburu denda; tambornet jokoan —tenisaren antzeko okzitaniar kirol tradizionala— ibiltzeko gimnasioa; eta Estanquet tabernatxoa, zeina hizkuntzaren sozializaziorako epizentroa den. Hantxe izaten dira goizaldera arte luzatzen diren solasaldiak, barreak eta dantza zein kantu inprobisatuak. Horiek dira hizkuntza eta kultura oso bat biziberritzen ari direnen gozagarri, eta emozio hori ez da bertan geratzen: elkarrekin gozatuz gero plazera ez baita desagertzen.

Okzitaniera denerako

Denerako baita EOE: ikasteko, gozatzeko, bizitzeko. Hizkuntza batek iraun dezan, ezinbestekoa da beste hizkuntzen mehatxurik gabe sentitzeko inguru esklusiboak izatea, eta, okzitanieraren kasuan, EOE horietako bat da. Aurtengo parte hartzaileak eta antolatzaileak pozik daude. Okzitaniera irakaslea da Ciril Veyssiere: «Hemen, okzitanieraz aritzen gara eskoletan, baina baita hortzak garbitzen ditugun bitartean eta gaueko kontzertuetan ere». Mundu bat eraikitzen dute, okzitanieraz, Anael Garcia-Drieuek nabarmendu duenez: «Diglosi egoeran existitzen ez diren iruditeriak sortzeko modua ematen digu». 17 urte baino ez dituen arren, hamar urtean joan da barnetegira Valentina Cros-Chapduelh, Escol’Ados taldearen partaidea: «Hamar urte daramatzat EOEra etortzen. Astebetez okzitanieraz bizi naitekeen toki bakarra da. Familia bat bezalakoa gara, eta urte osoan itxaroten dudan garaia da».

Helduak okzitanierako eskola batean, EOEn. IZARO ARRUTI AGIRREURRETA
Helduak okzitanierako eskola batean, EOEn. IZARO ARRUTI AGIRREURRETA

Egonaldiko azken egunean «Mercé plan e a l’an que ven!» (mila esker eta hurrengo urtera arte) esaldia denen ahotan dabil, errepikatzea zaila den utopia arnasgunean. Barnetegia amaitu da, baina parte hartzaileek badakite utopia hori errealitate bihurtu dela: Vilanova d’Olten, 2026ko abuztuaren hirugarren astean, hainbeste dialekto, hain lur eremu zabal eta hain babes gutxi dituen hizkuntza batean, berrehun eztarrik elkarrekin kantatu, barre egin eta hitz egin dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA