1974tik, murgiltze egonaldien bidez, belaunaldi, hizkuntza maila eta dialekto ezberdinetako hiztunak elkartzen ditu EOE Udako Okzitaniar Eskolak, okzitaniera ikasteko ez ezik, baita hizkuntza horretan bizitzeko ere. Yves Seguier (Saint Etienne Loire, Okzitania, 1957) eta Marion Bourgeois (Agen, Okzitania, 1991) dira antolatzaileetako bi. Diotenez, hizkuntzarekiko grina bizirik dago, baina horrek ezin du itzalean utzi okzitanieraren transmisioaren egoera zaila.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Zergatik astebeteko egonaldi bat okzitanieraz?
MARION BOURGEOIS: 5 urte nituenetik 10 urte izan arte hezkuntza publiko elebidunean ikasi nuen, baina, adin horretatik aurrera, kolegioan ez nuen okzitanieraz ikasten jarraitzeko aukerarik izan. Familian ez zuen inork okzitanieraz hitz egiten, eta oso etsigarria izan zen bat-batean halako etena bizitzea. Garai hartako okzitaniera irakasleak gure amari gomendatu zion ni EOEra eramatea, hizkuntzarekiko harremana mantentzeko, eta, hala, 12 urte nituela Escol’ados gazteen taldean hasi nintzen.
YVES SEGUIER: 68ko maiatzaren ondorengo giroak belaunaldi berrien artean interesa piztu zuen okzitanierarekiko: hizkuntzak errepresioa jasan bazuen ere, oraindik bizirik zegoen etxeetan, batez ere landa eremuetan. 1974an, EOEko sortzaile gehienak irakasleak ziren lanbidez, eta ordura arte ahoz menperatzen zuten okzitaniera idatziz ikasi nahi zuten, haren transmisioa bermatzeko. EOEren helburua okzitanieraz bizitzeko esperientzia bat sortzea zen, irakasle eta adituez sostengatutako egonaldi eredu hau.
Zuen webgunean argi ipintzen du: «Nòstra tòca: l’Occitan a la portada de totas e totes, e per totas e totes!» (gure helburua: okzitaniera denon eskura, eta guztiontzat!).
BOURGEOIS: Elkartean bi mailatan islatzen da aniztasuna. Ardura postuetan, adibidez, belaunaldien arteko lankidetzari eusten diogu, eta ezinbestekoa izan da: gazteok elkartera heldu ginenean, garai hartako helduei geratzeko eskatu genien, ez gintzatela bakarrik utzi. Parte hartzaileen artean, berriz, hizkuntza maila, dialekto, adin eta jatorri ezberdinei tokia egiten saiatzen gara, bakoitzak bere izateko modua eta hizkera erabil ditzan defendatzen dugulako. Elkartea martxan jarri zenetik, katalanekin harreman estua izan dugu, eta azken urteetan Alemaniatik, Ingalaterratik eta Japoniatik ere etorri da jendea.
SEGUIER: Puntu morea sortzea ere ezinbestekoa izan da; gaian formakuntza sendoa zuten gazte feministak iritsi zirenean sortu genuen, esparru seguru eta inklusiboago bat bermatzeko. Oso harro nago proposamen berriak egin zituzten partaideez.
Zer behar dute okzitanierak eta EOEk etorkizunera begira? Berrikuntzarik espero da?
BOURGEOIS: Okzitanierak, hizkuntza guztiek bezala, existitu, bizi eta eraldatu egin behar du. Okzitanierak ezinbestean behar du eremu hau, gaur egun belaunaldi, hizkuntza maila eta dialekto ezberdinetarako prestatutako murgiltze esperientzia bakarra baita. Berrikuntza gisa, prozesu bat abiatu dugu, Escol'adoseko gazteak ardura postuetan sartzeko. Kanpora begirako komunikazioa ere hobetu nahi genuke, gure proiektua ezagutarazteko eta beste hizkuntzekiko eta ekimenekiko loturak hobetzeko.
SEGUIER: Okzitanierak, hizkuntza guztiek bezala, familia transmisioa behar du, baina hori urruti gelditzen zaigu. Gaur-gaurkoz, eskolak egiten du transmisioa, baina %1ekoa besterik ez da; Ipar Euskal Herriko eskola transmisioa, berriz, %25ekoa da [eredu elebiduna eta murgiltze eredua hartu ditu aintzat]. Guk kolibriarena egiten dugu: denok gara beharrezkoak, eta guregana datozen guztiak dira ongi etorriak. Jendea okzitanieraren inguruan mobilizatu nahi dugu, indarra metatuz. Politika linguistikoak eta sostengu ekonomikoa ere behar ditugu, noski. Prest gaude berrikuntzak egiteko.