Oldarraldi judizial bat abian dela ukatu arren, Bizkaiko PSE-EEko buruak iragarri du euskararen kontrako ebazpen gehiago izango direla

Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak EAJri egotzi dio Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren bitartez euskara eskakizunak handitu nahi izatea EH Bildurekin batera.

Mikel Torres, bigarrena ezkerrenik, Portugaleteko ekitaldian. PSE-EE
Mikel Torres, bigarrena ezkerrenik, Portugaleteko ekitaldian. PSE-EE
14789412 kepa
Portugalete
2026ko apirilaren 25a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak EAJri ohartarazi dio EAEko sozialistak Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamenaren kontra daudela «argi eta garbi». Are, jeltzaleen jarrera «onartezintzat» jo du, eta egotzi die «EH Bilduri segika» ibiltzea. Torresek EAJri eta EH Bilduri adierazi die «inondik ere» ez dezatela pentsa hizkuntza eskakizunen inguruko «gehiegikerien» aurkako salaketak edo epai judizialak amaituko direnik.

PSE-EEren Portugaleteko egoitzaren kontrako atentatuaren 39. urteurrena gogoratzeko ekitaldian egin ditu adierazpenak Torresek. Molotov koktelekin egindako eraso haren ondorioz, Maite Torrano eta Felix Peña portugaletetarrak hil ziren. Bada, haiek gogoratzeko ekitaldian, lehendakariordeak aste osoan bolo-bolo ibili den gai bati heldu nahi izan dio, atzo bertan EAJk esan baitzuen prest dagoela hizkuntza eskakizunen erreforma EH Bildurekin ere negoziatzeko.

Bizkaiko sozialisten buruak adierazi duenez, PSE-EEk «ez dio boto emaileen konfiantzari traizio egingo», eta, horregatik, «oso argi» du zer jarrera duen Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzearen inguruan. «Beti egon gara inplikatuta euskararen defentsan eta sustapenean, hori ukaezina da, baina orain EAJk nahi duen hori ez da onargarria», aipatu du Torresek.

Are, PSE-EEko buruzagiak txartzat jo du EAJk, «EH Bilduri segika», asmoa izatea «euskara eskakizunak handitzeko, izan edozein administrazio publikotan lanpostu bat lortzeko edo izan aspaldi beteta dagoen lanpostu bat egonkortzeko». Torresen ustez, «pertsona askoren eskubideen aurkakoa da hori».

Torresen ustez, oldarraldi judizialik ez

Torresek gezurtatu egin du PSE-EEk alde batera utzi izana 2022aren amaieran, hau da, legea egin zenean lortutako adostasuna. «Negoziazio ahalegin handi baten ondoren aurrera ateratako hori erreformatu nahi dute orain. Nahitaez bete beharreko indizeak ezarrita daude dagoeneko», gehitu du. Hori dela eta, Torresek EAJri eta EH Bilduri ohartarazi die «inolaz ere» ez dezatela pentsa hizkuntza eskakizunen inguruko «gehiegikerien» aurkako salaketak edo epai judizialak amaituko direnik.

Hala ere, PSE-EEko Bizkaiko buruak ukatu egin du oldarraldi judizial bat martxan dela: «Justiziaren erasoak direla diote, baina errealitatea da langileek eta haien ordezkari sindikalek helegiteak aurkezten dituztela lan eskubideak zapaltzen ari zaizkiela uste dutelako; eta epaileek errealitate hori aitortu besterik ez dute egiten», defendatu du Torresek.

Haren ustez, «Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforma hau euskal gizartearen parte handi baten aurkakoa da». «Horregatik», haren hitzetan, «PSE-EE beti egongo da herritarren eta eskubideak urratzen dizkieten langileen ondoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA