Aste osoan hedabideetan egon da gaia, lehen lerroan: EAJk eta PSE-EEk zailtasunak dituzte Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatu eta hizkuntza eskakizunen gainean akordio bat lortzeko. Aste asko daramatzate negoziatzen, baina elkarrizketek ez dute fruiturik eman. Bi proposamen daude mahai gainean, EAJrena bat eta EH Bildurena bestea; orain arte, ordea, jeltzaleek ez dute EH Bildurekin negoziatu gaiari buruz. Sarri egin dute negoziatzen hasteko eskea EH Bilduko ordezkariek, baina ez dute erantzunik izan. Hilaren 30ean amaituko da zuzenketak aurkezteko epea, datorren astean, eta jeltzaleek epemuga horren harira gaur atera duten oharrean eman dute aldaketaren berri: prest daude erreforma EH Bildurekin ere negoziatzeko.
Jeltzaleek aurreratu dute beren erreforma proposamenari egindako zuzenketak aurkeztuko dituztela hilaren 30ean. Uste dute behin hori eginda aukera izango dela mahai gainean egongo diren «testuak» aztertzeko, eta azaldu dute prest daudela «zintzo» negoziatzeko asmoa duten talde guztiekin hitz egiteko. Erreformak zer helburu izan behar duen gogoratu dute: «Enplegu publikoan egiten diren deialdiei segurtasun juridikoa ematea». Izan ere, bai EAJk eta bai EH Bilduk legea erreformatzeko urratsa egin zuten ikusita urteotan epai ugari kaleratu direla administrazio publikoetan lan egiteko hizkuntza eskakizunen kontra, eta kontuan hartuta horrek ataka zailean jarri dituela hala enplegua egonkortzeko hainbat prozesu nola administrazioek euskara biziberritzeko egindako aurrerabideak.
Jarrera «eraikitzailea» izango dutela esan dute jeltzaleek, eta mahaikideei ere hori bera eskatu diete. Elkarrizketarako prest daudela esan arren, eskatu dute «itxaropen handirik» ez pizteko prozesu honen inguruan; izan ere, batzuen eta besteen ikuskerak «elkarrengandik urrun» daudela iritzita, zailtzat jo dute hemendik aurrerako bidea ere.
EH Bilduk, hala ere, «begi onez» hartu du aldaketa. «Akordio zabal bat» lortze aldera, ahal duen guztia egingo du, iragarri duenez. «Ezker subiranistak tradizio politiko desberdinen arteko akordio inklusibo bat lortzeko negoziazioa sustatuko du euskararen inguruan, posible dela uste baitugu».
Bi proposamen
Iazko urriaren 2an onetsi zen Eusko Legebiltzarrean bi erreforma proposamenei atea irekitzea. EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren alde bozkatu zuten; jeltzaleak abstenitu egin ziren EH Bilduren proposamena bozkatu zenean. EAJko legebiltzarkide Markel Olanok orduan esan zuen ez zutela gogoko EH Bilduren proposamena, baina «debaterako aukera» eman zezakeelako nahi zutela parlamentuan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ere elkarrizketarako bideak lantzeko asmoa azaldu zuen orduan.
EH Bilduk aurkeztu zuen lehen proposamena, iazko ekainaren 10ean: euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreformaren muina. Oinarrian, ideia nagusi bat du erreforma horrek: «Bi hizkuntza ofizialak jakitea izan dadila irizpide orokorra enplegu publikorako sarbidean». Euskara eta gaztelania. Gero, eskakizun orokor hori malgutze aldera «geroratze indize bat» ezartzea proposatu dute, eta behin baino gehiagotan aurreratu dute indize horren gainean negoziatzeko prest daudela. Lege proposamenean jasota daude, halaber, langile erdaldunei «trebakuntza plan pertsonalizatuak» eskaintzeko eta «ikaskuntzarako liberazioak» ziurtatzeko bideak.
Ekainaren 20an aurkeztu zuen EAJk bere proposamena: egin nahi duten erreformaren helburua da euskara eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzea. Jeltzaleen arabera, derrigortasun indizearen inguruan ardaztu dituzte epaile askok hizkuntza eskakizunen kontra egiteko argudioak, eta, horiek ezabatuta, eragotzi egingo da kontrako ebazpenak izatea. Era berean, jeltzaleek argudiatu izan dute aldaketa horren bitartez bakoitzak erakunde bere errealitatera egokitu ahal izango dituela lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunak.