Olentzerori gutuna, gazatarrei laguntzeko

Salam Gaza elkarteak eskuragai jarri ditu 10, 20 eta 50 euroko laguntza bonuak, palestinar desplazatuentzako elikagaiak erosi ahal izateko. Elkarteak egoitza berria zabaldu du Iruñean.

Salam Gaza elkarteko kideak, Iruñeko Donibane auzoan zabaldu berri duten egoitzan. IÑIGO URIZ/FOKU
Salam Gaza elkarteko kideak, Iruñeko Donibane auzoan zabaldu berri duten egoitzan. IÑIGO URIZ/FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko abenduaren 12a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira Gazaz ahaztu. Elkartea sortu eta urtebetera, egoitza berria zabaldu du Salam Gaza elkarteak Iruñeko Donibane auzoan, eta, horrekin batera, kanpaina bat aurkeztu du Gabonei begira: laguntza bonuak jarriko dituzte salgai, bildutako diruarekin palestinar desplazatuak laguntzeko xedez.

Gabon hauetan, oparitu esperantza izenburua eman diote egitasmoari, eta, kanpainak irauten duen bitartean, aukera izanen da laguntza bonu horiek erosteko, hala elkartearen egoitzan nola online. «Desplazatu familiei janaria eta ura bidaliko dizkiete aurten Gabonetako opari gisa», adierazi dute elkarteko ordezkariek.

Zehazki, 10 euroko bonua erosita, Gazako familia batentzako ur edangarria finantzatu ahalko da astebetez; 20 euroko bonu batekin, arroz eta oilasko otordu bat erosiko zaio hiru pertsonako familia bati; eta 50 euroko bonuaren bidez, hiru familiari emanen zaie jan-edana. «Opari hauek ez dira kutxa batean sartzen, baina gai dira mahai huts bat betetzeko, etxe bat berotzeko eta bizitzari eusteko», esan dute aurkezpenean. Bonu bakoitzarekin batera, «duintasuna, janaria eta mezu indartsu bat» helaraziko diete palestinarrei: «Ez zaudete bakarrik, gertu sentitzen zaituztegu».

Bonuak salgai izanen dira gaur, bihar eta etzi Iruñeko Geltoki guneko merkatu solidarioan, eta, astelehenetik aurrera, Salam Gaza elkartearen egoitzan: Tulebras monasterioaren kaleko 1 zenbakian. Online ere egin litezke eskaerak, salamgaza.org webgunearen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.