Oposizioak amaitutzat eman du kasik Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioa

EH Bilduk adostasunerako «tarte gutxi» ikusten du eta Sumarrek «oso zaila» izango dela dio. Alderdi Popularrak atea itxi die jada akordio orori.

EH Bilduko ordezkariak D'Anjourekin egindako bileran, gaur eguerdian. IREKIA
EH Bilduko ordezkariak D'Anjourekin egindako bileran, gaur eguerdian. IREKIA
aitor biain
2026ko azaroaren 9a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburu Noel D’Anjou oposizioko taldeekin bildu da gaur 2027ko aurrekontu proiektuari buruz hitz egiteko. EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoari esker gobernuak ez du arazorik izango aurrekontuei bide emateko, baina sailburuak beste taldeen ekarpenak eta proposamenak entzun nahi ditu adostasun zabalago bat lortzeko zumerik dagoen jakiteko. Bilera erronda hasi aurretik aitortu du, ordea, aurreko bi urteetan ezinezkoa izan dena are zailagoa izango dela aurten, hauteskunde kanpaina hastear delako. Bada, ordubeteko bilera bana nahikoa izan du hori egiaztatzeko, negoziazioa amaitutzat edo ia amaitutzat eman baitute EH Bilduk, Sumarrek eta PPk.

Pello Otxandiano EH Bilduko eledunaren hitzetan «berandu» dator negoziazioa, Jaurlaritzak jada bere proposamena itxita duelako. Koalizio subiranistak eskaera egin zion gobernuari, Nafarroan egin bezala kontuak diseinatzen hasi aurretik hitz egiteko, baina Ogasun Sailak entzungor egin dio proposamenari beste behin. Horrek zera erakusten du, EH Bilduren arabera: Jaurlaritzak oposizioarekin akordioak erdiesteko duen borondate eza.

Hori dela eta, Otxandianok aitortu du «tarte gutxi» ikusten duela ezer adosteko, Jaurlaritzak bere agendaren arabera egindako proiektu bat aurkeztu dielako, «maniobratzeko ia tarterik utzi gabe». Bada, «zintzotasuna» galdegin dio sailburuari, eta argi esatea bere helburua zein den. Izan ere, aurreratu du EH Bildu ez zaiola «gehiengo absolutua duen gobernu baten aurrekontu bati atxikiko», horrek «ez lukeelako inolako zentzurik».

Koalizioak bere proposamenak jarri ditu mahai gainean, dena den. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusietako kontuak batera negoziatzeko proposamenari eutsi dio, eta etxebizitza politiketan apustu «argia» egiteko eskatu dio. Horrez gain, bizi kostuen garestitzea arintzeko neurriak hartzea galdegin dio, baita aldaketa klimatikoari aurre egiteko baliabide publiko gehiago bideratzea ere.

Sumar Mugimenduko ordezkariak Jaurlaritzako eta EAJko eta PSE-EEko ordezkariekin. IREKIA
Sumar Mugimenduko ordezkariak Jaurlaritzako eta EAJko eta PSE-EEko ordezkariekin. IREKIA

Beste eredu bat

Jarrerak «oso urrun» daude Sumarren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ere eta ez dirudi hurbiltzeko modurik egongo denik, Jon Hernandezek bilera sortari ekin orduko aitortu baitu akordioa «oso zaila» izango dela. Are, bi aldeen arteko negoziazioak «ibilbide urria» izango duela adierazi du, ez baitu uste Ogasun Sailak koalizioaren eskakizunak aintzat hartuko dituenik: «Egiaztatu dugu, eta hala berretsi digute, desberdintasunak ditugula diru partidei eta ereduari dagokionez».

Joan den ostiralean lehendakariari Eusko Legebiltzarren adierazitakoa berretsi dio Hernandezek D’Anjou sailburuari: etxebizitzaren aldeko apustua handitu ezean ez du proiektua babestuko. Izan ere etxebizitza da Sumarren lehentasun nagusia, eta hori aurrekontuetan islatzea nahi du: baliabide gehiago jartzea nahi du bizitoki krisiari aurre egin ahal izateko, iritzi baitio gobernuak proposatu duena ez dela arazoa konpontzeko nahikoa.

Horrez gain, zerbitzu publikoak indartzeko beharra ere aldarrikatu du Hernandezek. Eta, kasu honetan ere, harago joatea eskatu du: «eredu aldaketa bat» galdegin du, eta proposatu du egun pribatizatuta dauden oinarrizko zerbitzu batzuk publiko egitea berriro. Horretarako zerga sistema egokitzeko beharra ere azaldu du; batez ere, Sozietate Zerga handitzea jarri du mahai gainean, aberastasunaren banaketan ekarpena handiago egin dezan.

Atea guztiz itxi du, aldiz, Alderdi Popularrak: ordu erdiko bilera nahikoa izan du negoziazioa amaitutzat emateko. Laura Garridok adierazi duenez, eredu oso desberdinak dituzte eta ez dute tarterik ikusten ezer adosteko: «Ez da gure eredua, eta ez dira gure aurrekontuak». Are, Jaurlaritzarekiko «konfiantzarik ez» dutela nabarmendu du, «diruaren erabilera okerra» egiten duela iritzita.

Oposizioko taldeak bigarren bilera batera deitu edo ez erabaki beharko du D'Anjouk orain. Edozelan ere, jeltzaleek eta sozialistek adierazi dute Jaurlaritzak aurrekontuak izango dituela datorren urtean eta gobernuak bere bide orriari eutsiko diola.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA