Osakidetzak itzultzaile neuronal bat jarri du martxan, historia klinikoak euskaratik gaztelaniara itzultzeko

Adierazi dute Itzulbideri esker aurrerapausoak emango dituztela pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Urte amaierarako Osakidetzaren sare osora zabalduta egotea espero dute.

Osakidetzako erizain bat Itzulbide itzultzaile neuronala erabiltzen. OSASUN SAILA
Osakidetzako erizain bat Itzulbide itzultzaile neuronala erabiltzen. OSASUN SAILA
2025eko abuztuaren 26a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abian da Itzulbide, Osakidetzaren itzultzaile neuronala. Pazienteen historia klinikoetan euskaraz idatzita dagoen informazioa gaztelaniara itzultzen du. Baliabide horrek modua emango die pazienteei kontsulta medikoak euskaraz egiteko, eta profesionalek euskaraz lan egin ahal izango dute. Izan ere, euskaraz ez dakiten profesionalei informazio hori eskuratzeko bidea ematen die, itzulpen akatsik gabe. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Elhuyar enpresarekin batera garatu du, eta 200 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte haren sorkuntzan.

Itzultzailearen bidez, osasun langileek pazientearen historia klinikoan informazioa euskaraz sar dezakete kezkarik gabe, gerora itzulpenean edo interpretazioan egon daitezkeen akatsez arduratu gabe. Izan ere, akats horiek artaren jarraitutasuna baldintzatu dezakete. Orain, euskaraz ez dakiten profesionalek informazioa gaztelaniara itzultzeko aukera dute. Modu horretan, errazagoa da pazienteak kontsulta euskaraz egitea eta euskaraz ez dakiten profesionalek informazioa eskuratzea. «Laguntza medikoa euskaraz eman nahi dugu, baita garapen klinikoa ere. Itzultzailearen bitartez, profesional batek zerbait ulertuko ez balu, klik bat eginda lortuko luke itzulpena», adierazi du Felix Zubia Donostia ospitaleko ESIko zainketa intentsiboetako zerbitzuetako zuzendariak. Oraingoz erakunde sanitario integratua horretan bakarrik dago martxan itzultzailea, baina espero dute urtea bukatu baino lehen Osakidetzako sare guztietan erabilgarri egotea.

Itzulbide Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren barruko proiektu bat da, eta Osasunaren Euskal Itunean ere jasota dago. Plan horren arabera, Osakidetzaren barruan laguntzarako eta lanerako hizkuntza da euskara. «Norbait haren ama hizkuntzan artatzea hizkuntza eskubidea da, eta, gainera, frogatuta dago kalitatezko arreta eta segurtasun klinikoa hobetzen dituela». Beste hainbat eragile ere ari dira horren gainean ohartarazten; EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta EHUk, esaterako, ikerketa bat egin dute berriki, ikusarazteko zeinen garrantzitsua den hizkuntza eskubideak errespetatzea osasun sistemetan. 

Euskararen erabilera handiagoa

Osakidetzak esan duenaren arabera, gero eta handiagoa da historia klinikoa euskaraz betetzeko eskaria, bai gizartearen aldetik, bai profesionalen aldetik. Are gehiago, egiturazko lanpostuetako langile aktiboen erdiak baino gehiago elebidunak dira. Ondorioz, hazi egin da euskararen erabilera profesionalen arteko ahozko eta idatzizko komunikazioan, baita profesionalen eta pazienteen artekoan ere. Dena dela, egunerokoan profesionalek historia klinikoa gaztelaniaz idazten dute oraindik ere, beldur baitira euskaraz ez dakien profesional batek ez ote duen informazioa ulertuko eta arreta klinikoaren segurtasuna ez ote den arriskuan ote den.

Hori dela eta, egoera horri aurre egiteko eta arretaren jarraitutasunean sor daitezkeen arazoak murrizteko sortu dute itzultzaile neuronala. Horretarako, hainbat espezialitate eta kategoriatako profesionalek gaztelaniazko testu klinikoak bildu eta euskarara itzuli dituzte, corpus linguistiko elebidun bat sortzeko. Horrek elikatzen du itzultzaile neuronalaren motorra. Guztira 200 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte. EHUk garatu du tresna, Elhuyarren laguntzarekin batera, eta zenbait urtetako lana izan da, tresna prestatzen eta hiztegia zabaltzen joan baitira, Osakidetzako «ekintza guztietarako» baliagarria izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.