Osakidetzak lau ospitale nagusietako taldeak indartuko ditu, zaintza aringarri pediatrikoak bermatzeko

Haursare aurkeztu du, patologia kroniko konplexuak dituzten eta zainketa aringarriak behar dituzten haurrak eta nerabeak artatzeko zerbitzua. Egun osoan eta urte guztian emango du zerbitzua.

Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatria arduraduna, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, gaurko aurkezpenean. MIGUEL TOÑA / EFE
Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatria arduraduna, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, gaurko aurkezpenean. MIGUEL TOÑA / EFE
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 8a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela ia urtebete, Osakidetzak kargu hartu zion pediatra bati, hil hurren zen 4 urteko neska bati zaintza aringarriak emateagatik gaueko ordu txikietan eta lan ordutegitik kanpo, Faltan Botatzen Dugu plataformak iazko ekainean salatu zuenez. Pediatra horren esanetan, Osakidetzako arduradunek «kargu hartu» zieten haur hari behin baino gehiagotan goizaldean laguntza eman zioten bi pediatrari, bi erizaini eta psikologo bati, beren borondatez lanorduetatik kanpo baliabide publikoak erabiltzeagatik. Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) zaintza aringarri pediatrikoen taldea zen.

Kasu hark agerian utzi zituen zaintza aringarri pediatrikoen premiak eta Osakidetzaren zerbitzuaren hutsuneak. Harrabotsa eragin zuen, eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azalpenak eman behar izan zituen. Martinezek zehaztu zuen zaintza aringarrietako profesionalak ez zituztela «zigortu». Onartu zuen Erizaintzako arduradunek «ohartarazpen bat» egin zietela, lanorduetatik kanpo ospitaleko baliabideak erabiltzen ari zirela zerbait gertatuz gero izango lituzkeen ondorioengatik.

Espezializazioa eta koordinazioa

Ia urtebete geroago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Haursare aurkeztu du: arreta espezializatua, jarraitua eta koordinatua patologia kroniko konplexuak dituzten eta zainketa aringarriak behar dituzten haur eta nerabeentzat. Eta haien familientzat. «Haur batek gaixotasun larria duenean, ez gara gaixotasuna tratatzeaz soilik arduratzen. Familia bati laguntzen diogu, bizitza bati eusten diogu eta duintasuna defendatzen dugu», adierazi du gaur Martinezek, Bilboko aurkezpenean. Harekin izan dira Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia eta Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatria arduraduna ere.

Haursarek egun osoan eta urte guztian funtzionatuko du. Izan ere, orain arte Osakidetzak zainketa aringarri pediatrikoetarako talde bakarra izan du, Gurutzetako ospitalean, eta talde horrek, berez, goizeko ordutegian lan egiten zuen, 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Familien eta haurren premiak ikusita, ordea, talde horretako profesionalak, lanorduetatik kanpo egonda ere, familiengana eta haurrengana joaten ziren hala eskatzen zietenean. Horrela jokatu zuten hamahiru urtean. «Haurren heriotzak ez du ordutegirik», esan zuen iaz kargu hartu zioten pediatrak.

Pixkanaka

Egoera hori izanik, zerbitzu berria tresna bat da halakoei «erantzun ordenatuagoa, ekitatiboagoa eta eraginkorragoa» emateko. Osasun Sailak arlo horretan lan egiten duten profesionalen lana aitortu du, eta sarea ez dela hutsetik sortu onartu. Haren esanetan, baina, orain «egitura komun, egonkor eta jasangarri bihurtzen du» ahalegin hori. Pixkana-pixkana ezarriko dute, profesionalak prestatu eta beharrezko baliabideak eskuratu ahala.

Egun osoko eta urte guztiko arreta bermatzeko diziplina anitzeko taldeak sortuko dituzte lau ospitale nagusietan: Gurutzetan, Basurtun, Donostian eta Gasteizen. Gurutzetako ospitalea izango da erreferentzia. Lau ospitaleetako lantaldeak indartuko dituzte. Pediatrek, pediatriako erizain espezialistek, gizarte langileek eta psikologoek osatuko dituzte talde espezializatuak, eta lehen mailako arretarekin eta bestelako zerbitzuekin koordinatuko dira. Lehen arretako zerbitzuak izango dira «jarraipenaren erreferentzia nagusia», eta ospitaleetako talde espezializatuen babesa edukiko dute. Nolanahi ere, haur eta nerabeen etxea izango da «zainketaren gune nagusia», Salcedok zehaztu duenez.

Osasun Sailaren arabera, eredu berriak langileen «guardia lokalizatuak» aurreikusten ditu, eta, «beharrezkoa denean», aurrez aurreko arreta emango da, «batik bat azken egunetako egoeretan, sintoma kontrolagaitzetan edo premiazko etxeko arretaren beharra dagoenean».

Erizainak gidari eta lotura

Erizain talde bat izango da zerbitzuaren berritasunetako bat. Osasun Sailak «erizain kudeatzaileak» deitu die. Haiek arduratuko dira haur eta nerabeen gaixotasun kroniko konplexuak eta zainketa aringarriak kudeatzeaz. Pediatrian adituak izango dira, eta zainketa aringarrietan ezagutza handia izango dute. «Kasu konplexuen kudeaketa gidatuko dute, etxez etxeko arreta aurreratua egingo dute, eta ospitalearen, lehen mailako arretaren, familiaren, eskolaren eta gizarte zerbitzuen arteko lotura izango dira», Osasun Sailak zehaztu duenez. Hamasei erizainek osatutako talde bat izango da, eta ESI erakunde sanitario integratuetan banatuko dituzte. «Gaixotasun prozesu osoan jarraipena egitea, babesa ematea eta laguntzea izango da helburua».

Arreta emozionala oso garrantzitsua izaten da halako egoeretan. Osasun Sailak arreta psikologikoa ematea aurreikusi du zainketa aringarri pediatrikoa behar duten haur eta nerabeentzat, haien familientzat, eta dolu perinatalari aurre egin behar dioten gurasoentzat. Hiru psikologo izango dira: bat Bizkaian, bat Gipuzkoan, eta beste bat Araban, helduen zainketa aringarrien unitatean ere ibiliko dena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iazko uztailean emandako datuen arabera, 2020tik hamazazpi haurri eman zieten zaintza aringarria: 11 neskari eta sei mutili. Hiru hilabeteko haurtxo bat izan zen gazteena; 18 urte bete berri zituen gazte bat zaharrena.

Ospitaleratzeen %20

Datu gehiago eman dituzte gaur. Pediatria zerbitzuetako haur eta nerabeen %6,8k dute gaixotasun kroniko konplexuren bat. 10.000 adingabetik 90 inguruk behar dituzte zainketa aringarriak. «Talde txikia izanda ere, eragin oso handia dute osasun sisteman», zehaztu dute. Ospitaleratze pediatrikoen %20 dira; ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egonaldien erdiak baino gehiago; eta ospitaleetako haurren hamar heriotzatik zortzi.

Pazienteen soslaia aldatu egin da: medikuntzako aurrerapenei esker, gaixotasun konplexuak dituzten adingabeak denbora luzeagoan bizitzen dira. «Horrek areagotu egiten du jarraipena egiteko eta laguntza teknikoa eta arreta emozionala emateko beharra, baita laguntza baliabideen arteko koordinazioa ere», Osasun Sailaren esanetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu du zerbitzu berriak Osasun Itunean jasotako konpromiso bati erantzuten diola: lan egiteko modu integratuagoa, gizatiarragoa eta pertsonen benetako premietara bideratuagoa izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA