Astebete baino ez da igaro EH Bilduk ohartarazi zuenetik Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) eta Bilboko Arangoiti auzoko anbulatorioetan hotz katea eten zitzaien txerto batzuk eman zituztela. Gaur, berriz, botika horien «segurtasuna» indartzeko tresna informatiko baten berri eman du Osakidetzak. Azken hilabeteetan atzemandako txerto iraungien auziaren ondoren hartutako neurrien emaitza da eTxertoa tresna, osasun arduradunen arabera. Besteak beste, dosi bakoitzaren iraungitze data automatikoki erregistratzeko aukera emango du.
Gaur goizean aurkeztu dute eTxertoa tresna Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak eta Xabier Ibarzabal Estrategia Ekonomikoko eta Finantzaketako zuzendariak, Miribillako Lehen Mailako Arretako osasun zentroan, Bilbon. Eskaneatze tresna horrek aukera ematen du dosi bakoitzaren lotea eta iraungitze data automatikoki erregistratzeko. Egitasmoaren helburua da «akatsak murriztea, profesionalen lana sinplifikatzea eta txertaketa prozesu osoaren trazabilitatea hobetzea», Ibarzabalek esplikatu duenez.
«Osakidetzaren txertaketa politika ez da perfektua» aitortu du Berganzok, baina «Europan erreferentzia» dela esan du. Ibarzabalek zehaztu duenez, txerto iraungien auziaren ondoren txertaketa prozesuetan segurtasuna hobetzeko iragarritako hobekuntza planaren parte da tresna berria, modua emango baitu emandako dosi bakoitzaren trazabilitatean eta kontrolean aurrera egiteko.
«Jarduera horien helburua da zirkuitua hobeto ordenatzea, zentroen arteko aldakortasuna murriztea, eta dosi bakoitzaren kontrola indartzea, farmaziatik ateratzen denetik ematen den arte», azpimarratu du Osakidetzako Estrategia Ekonomikoko eta Finantzaketako zuzendariak. «Jarduera horiek guztiak egikaritu ditugu jada», gehitu duenez. Besteak beste, 1.500 osasun langile inguruk jaso dituzte formakuntza pilulak.
Giza akatsak saihestu
Bilbo-Basurtu ESIko hiru osasun zentrotan garatzen ari dira proiektu pilotu hori, Osakidetzako Medikuntza Prebentiboko eta Informatikoko zerbitzuen ekimenez. Profil profesional askotarikoak dituen diziplina anitzeko lantalde bat aritu da hura diseinatzen eta abian jartzean: «Aurreikusitako neurriak planifikatzeaz eta aplikatzeaz arduratzen da lantalde hori», zehaztu du Ibarzabalek. Proiektua baliozkotu ondoren, tresna progresiboki zabalduko da sare osora: Osakidetzak dauzkan 315 txertaketa zentroetan «iraila baino lehen» ezartzea aurreikusten dute.
Esplikatu dutenez, dosia eman aurretik barra kodearen irakurgailutik pasatu behar du txertoa osasun langileak, Data Matrix kodea irakurtzeko. Sistemak berehala deszifratzen ditu lotearen zenbakizko sekuentzia eta iraungitzea. Ordenagailuaren pantailan dosi horren informazio laukiak agertu behar du: lauki hori berdea izango da txertoa indarrean eta emateko prest badago. Kasu horretan, profesionalak bi klik baino ez ditu beharko dataren eta lotearen datuak historia klinikora pasatzeko. «Horrela, giza akats oro ezabatuko da informazioa tekleatzean», azaldu dute osasun arduradunek.
«Osakidetzaren txertaketa politika ez da perfektua, baina Europan erreferentzia da»
KOLDO BERGANZO Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria
Lauki hori horia ere izan daiteke: txertoaren kodea irakurketa konplexukoa dela adierazten du horrek, eta sistemak profesionalari eskatuko dio data eta lotea eskuz egiaztatzeko. Azkenik, laukia gorria izango da txertoa iraungita dagoenean, eta kasu horretan prozesua geldiarazi egingo da.
Osakidetzak beste fase bat aurreikusten du, uda osterako, non sistemak «automatizazio oso baterantz» aurrera egingo duen. Fase horretan, tresnak Data Matrix kodea irakurtzeaz gain, zuzenean sartuko du informazioa emandako txertoaren erregistroan, eta horrek are gehiago arinduko du profesionalen lana. Gainera, plangintzaren barruan sartzen dira prestakuntza indartzea eta prozedura korporatiboak hobetzea; baita eskaera, harrera, biltegiratze eta administrazioko zirkuituak estandarizatzea ere. Farmaziatik dosia aplikatu arteko trazabilitate osoa finkatzea da helburua.
Txerto akastunak
Hotz katea eten zitzaien txertoei buruz galdetuta, «zero akats dituen sistema bat lortzea ezinezkoa» dela adierazi du Ibarzabalek. Izan ere, gaur Gara egunkariak zabaldu duenez, 66 txerto akastun jarri zituzten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) anbulatorioan. Joan den astean zabaldu zen hotz katea etena zitzaien txertoak eman zituztela Lasarte-Oriako eta Bilboko Arangoiti auzoko osasun zentroetan. Txerto iraungien auzian bezala, EH Bilduk eman zuen horren berri, eta Alberto Martinez Osasun sailburuak berak baieztatu egin zuen. Hala ere, ziurtatu zuen txerto horiek hartu zituzten pazienteak ez daudela «arriskuan». Osasun etxe horietako hozkailuetan akatsak atzeman ondoren, hamazazpi helduri eta adingaberi txertoa berriro jartzea erabaki zuen Osakidetzak.
«Gerta daiteke txerto batzuen hotz katea etetea; argia joan daiteke. Oker horien kalteak ahalik eta txikienak izatea da kontua»
XABIER IBARZABAL Osakidetzako Estrategia Ekonomikoko eta Finantzaketako zuzendaria
Bada, Ibarzabalek ez du gezurtatu katea eten zitzaien dosiak horrenbeste zirenik, baina adierazi du gaixoak banaka aztertu ostean erabaki zutela bost laguni bakarrik txertoa berriro ematea Lasarte-Oriako osasun zentroan, eta hamabiri Bilboko Arangoiti auzoko anbulatorioan. Berretsi duenez, osasun etxe horietako hozkailuetan akatsak atzeman ondoren jabetu ziren arazoaz: «Gerta daitezke holakoak; argia joan daiteke. Oker horien kalteak ahalik eta txikienak izatea da kontua», esan du Ibarzabalek. Txerto iraungien auziaren ostean «hartutako neurriei esker» lortu zuten hozkailuetan izandako okerraren berri izatea, azpimarratu du.
Txerto iraungien auzia urtarril amaieran atera zen argitara. Osakidetzak hutsegitea aitortu zuen, eta jakinarazi txerto iraungiak jarri zizkietela dozenaka pazienteri; haietako gehienak haurrak eta jaioberriak ziren. Hala ere, Pazientearen Defendatzailea elkarteak salaketa bat aurkeztu zuen, eta fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen. Txerto hexabalentea zen iraungitakoa. Handik gutxira, baina, beste bi txerto jartzeko garaian ere dosi iraungiak eman izana aitortu zuten: tetrabalenteari lotutako 49 kasu, eta 29 txerto hirukoitz biriko. Fiskaltzak, ordea, auzia artxibatzea erabaki zuen maiatzaren 21ean. Aurtengoa ez da dosi iraungiak jarri diren aurreneko aldia: 2017., 2023. eta 2024. urteetan ere beste 106 kasu izan ziren.
osasun langileak, beroaz kexu
Osasun arduradunek prentsaurrekoa amaitu bezain laster, kazetariengana joan dira Miribillako osasun etxeko dozena eta erdi langile. Egun hauetako beroaldiaren ondorioz anbulatorio barruan «35 gradutik gorako tenperaturak» dituztela salatu dute, eta horrek kalte egiten diela beharginei eta gaixoei. Horiek horrela, «premiazko neurriak» hartzeko eskatu diote Osakidetzari: osasun zentroa goizago ixteko eskatzea ere ez dute baztertzen. Are, Xabier Ibarzabal Estrategia Ekonomiko eta Finantzetako zuzendariari kargu hartu diote, prentsaurrekoan esandakoengatik: Miribillako anbulatorioa «oso ondo» dagoela esan du hark, tenperatura beroen eraginei buruz galdetuta. Osakidetzako azpiegitura berri guztiek aire girotua dutela ziurtatu du. Bilbo aldeko anbulatorio horretako osasun langileek, ordea, zera gogoratu diote: «Miribillako osasun etxeak hamar urte baino ez ditu, eta ez dauka aire giroturik». Osasun arduradunek aurreratu dute aztertzen ari direla 60 edo 70 urte dituzten osasun zentroetan ere beroari aurrea hartzeko inbertsioak egitea. Hala ere, «epe ertain edo luzerako» asmoak dira horiek, zehaztu dutenez. «Epe laburrera, haizagailuekin eta eguzki oihalekin moldatu beharko dugu», esan dute.