Fiskaltzak artxibatu egin du Osakidetzako txerto iraungien auzia. Argudiatu duenez, txertoek ez diete «kalterik» eragin horiek hartu zituzten haurrei; hortaz, ez dago «nahikoa ebidentzia» akusazioa delitu gisa epaitzeko. Carmen Adan del Rio fiskalak maiatzaren 21ean hartu zuen erabakia. Halere, kudeaketan egondako zenbait «hutsegiteren eta akatsen» berri ematen du dokumentu horretan.
Pazientearen Defendatzailea elkarteak jarritako salaketa baten harira abiatu zuen ikerketa fiskaltzak. Prozesu horretan, txerto iraungiak jarri zizkieten pazienteen eta haien senideen testigantzak jaso ditu, baita horiek kudeatu zituzten osasun langileenak ere, eta Osakidetzako zenbait dokumentu aztertu ditu. Horren arabera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak urtarrilaren 15ean izan zuen aurrenekoz dosi iraungien inguruko kexen berri —azaroaren 3aren eta urtarrilaren 13aren artean jarri zituzten guztiak—, eta egun hartan bertan hitz egin zuen txerto haien fabrikatzailearekin, nola jokatu argitzeko. Fabrikatzaileak hurrengo egunean erantzun zuen, argiki: iraungitze datatik aurrera, dosi horiek ez zuten babesik ematen, baina ezta kalterik eragiten ere, eta beharrezkoa zen pazienteei berriro ere zegozkien txertoak jartzea.
Osakidetzak, ordea, bi aste beranduago ekin zion fabrikatzaileak aholkatutako bideari. Fiskaltzak jakinarazi duenez, Osakidetzako zenbait goi kargudunek balorazio eta txosten gehiago eskatu zizkien bai fabrikatzaileari, bai AEMPS Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari. Bada, AEMPSen erantzunak are gehiago atzeratu zuen Osakidetzaren erabakia, Farmazia Zuzendaritzari esan baitzion ez zela beharrezkoa dosi iraungiak eman zizkieten pazienteei berriro ere txertoak jartzea.
Hori aski ez, eta Osakidetzako zuzendaritzako kideen arteko desadostasunen beste adierazle bat da, fiskaltzak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari Guillermo Herrerok Txertoen Arloko Aholkularitza Batzordearekin biltzeko eskatu zuela urtarrilaren 20an, eta «kargu hartu» ziotela horregatik. Azkenean, urtarrilaren 21ean bildu ziren aurrenekoz, 26an gero, eta 28an azkenik.
Horiek horrela, fiskaltzak ondorioztatu du «hutsegite eta akats nabarmenak» egon direla txerto iraungien kasuaren kudeaketan; halere, ez da posible delitu gisa ikertzea. Izan ere, Zigor Kodeko 361. artikulua aplikatu ahal izateko, frogatu egin beharko lukete dosi iraungiek pazienteei «osasun ondorio larriak» eragin dizkietela. Dena den, fiskaltzak jakinarazi du posible dela kasuarekin lotutako salaketak beste bide batzuetatik aurkeztea.
Zalaparta kalean, Osakidetzan eta legebiltzarrean
Auzia urtarril amaieran atera zen argitara, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean erregistratutako idatzi baten harira. Osakidetzak hutsegitea aitortu zuen, eta jakinarazi txerto iraungiak jarri zizkietela dozenaka pazienteri; haietako gehienak, haurrak eta jaioberriak. Txerto hexabalentea zen iraungitakoa. Sei gaitzen kontrako babesa ematen du: difteria, tetanosa, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa. Handik gutxira, baina, beste bi txerto jartzeko garaian ere dosi iraungiak eman izana aitortu zuten: 49 kasu tetrabalenteari lotutakoak, eta 29 txerto hirukoitz birikoari zegozkionak.
Kasua dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txertoen prozesu osoa kontrolatzeko sistema bat ezartzeko asmoa du, txertoen trazabilitatea kontrolatze aldera. Izan ere, aurtengoa ez da dosi iraungiak jarri diren aurreneko aldia: 2017., 2023., eta 2024. urteetan ere beste 106 kasu izan ziren. Halere, txerto iraungien aferak haserrea eta kezka eragin zituen herritarren artean, eta hautsak harrotu ditu Eusko Legebiltzarreko zenbait saiotan ere. Kasurako, OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek Osakidetzaren prozesua eten zezatela eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dimititu zezala eskatu zuten apirilaren 18an egindako mobilizazio batean.