Iazko azaroan 189 ziren Osakidetzaren ospitaleetan operatzeko zain sei hilabete baino gehiago zeramaten herritarrak. Gaur egun 1.794 dira, horietatik mila baino gehiago traumatologiakoak. Osakidetzak aukera emango die osasun sistema publikoak itundutako ospitale pribatuetan operatzeko. Gaur egun, operatzeko itxaron beharreko batez besteko denbora 78 egunekoa da; 54koa zen iazko azaroan.
Denboraren luzatze horretan eragin zuzena izan dute medikuen grebak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak medikuen grebari erantzuteko ezarritako lehentasunek. Grebaren eraginez mediku gutxiagok lan egiten dutenez, Osakidetzak operatzeko lehentasuna eman die minbiziren bat dutenei eta ebakuntza egiteko itxaron beharreko denbora luzatzeak haien patologiak nabarmen okertuko lituzkeen pazienteei. Ondorioz, lehentasunik gabeko operazioak etengabe atzeratzen ari dira.
Eskuduntza eskatzeko prest
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Espainiako Osasun Ministerioari eta Monica Garcia ministroari zuzendu zaizkio batez ere. Gogor kritikatu du ministerioa eta ministroa nola kudeatzen ari diren medikuekin duten gatazka. Are gehiago, Martinez prest dago Osakidetzako medikuen oinarrizko lan baldintzak arautzeko eskuduntza eskatzeko ministerioa horretarako gai ez bada. Hurrengo astean egingo dio proposamena, idatziz. Haserre dago, medikuen grebak itxaron zerrendak gizentzen eta operatzeko zain egon beharreko denbora luzatzen ari direlako.
Ikusi gehiago
Osasun Ministerioak sindikatu orokorrekin eta osasun sektorekoekin negoziatu eta hitzartu berri du esparru estatutua, osasun zerbitzu publikoetako langile guztien oinarrizko lan baldintzen araudia. Medikuek, ordea, estatutu propio bat eskatzen diote Espainiako Osasun Ministerioari. Alegia, oinarrizko lan baldintzen araudi propio bat, haien prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura aintzat hartuko dituena. Esparru estatutu horrek arautzen ditu Osakidetzako eta Osasunbideko langileen oinarrizko lan baldintzak. Hortik abiatuta, gero Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen eta egokitzen dituzte. Medikuek greba asteak egin dituzte otsailean, martxoan eta apirilean. Apirilekoa gaur bukatuko da. Greba asteak egiteko asmoa dute maiatzean eta ekainean ere.
«Hauteskunde agenda»
Martinezek behin eta berriro errepikatu du osasun langile publikoen esparru estatutua negoziatzeko eskuduntza Osasun Ministerioarena dela. Beraz, medikuekin duen gatazka konpontzekoa ere bai. Baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, Osasun Ministerioaren eta ministroaren jokabidea ikusita, ez du uste gatazka luze gabe konponduko denik. Eraso pertsonala ere egin dio Monica Garciari: «Lan eta osasun krisi betean, Espainiako osasun sistemak ministerioaren arreta berezia behar duenean, ministroak beste gai batzuei eman die lehentasuna, ez da eseri negoziatzera, eta jopuntuan jarri ditu autonomia erkidegoak». «Hauteskunde agenda» izatea egotzi dio ministroari. Izan ere, Garciak iragan larunbatean jakinarazi zuen Mas Madrid koalizioaren hautagaia izan nahi duela 2027ko Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetan.
Martinezek auzitan jarri ditu ministerioa eta ministroa, bi galdera erretorikoren bitartez: «Zertarako behar dugu Osasun Ministerio bat, oinarrizko lege baten krisi betean ministroak autonomia erkidegoak seinalatzen baldin baditu? Ba al dago norbait Osasun Ministerioan?».
Ministerioaren eta ministroaren jarreraren aurrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak profesionalei entzuten diela eta akordioak lortzen dituela nabarmendu du Martinezek. Jakinarazi du azken asteetan bilerak egin dituela osasun arloko hainbat belaunalditako profesionalekin, «bitartekaririk gabe haiei entzuteko, haien kezkak eta proposamenak jakiteko, eta ulertzeko zergatik ez dauden gustura». Eskaerak formalki bidaltzeko eskatu zieten profesionalei, eta Osasun Sailak agindu zien aztertuko dituela.