Osakidetzako emaginek bederatzi greba egun egingo dituzte emakumeen osasun arretan dagoen «narriadura» salatzeko eta profesional faltari egiturazko irtenbideak eskatzeko. Lanuzteak ekainaren 17an, 18an, 23an, 24an, 25ean eta 30ean egingo dituzte, baita uztailaren 1ean eta 2an ere.
Greba deialdia Gurutzetako ospitaleko eta Barrualdeko emaginek sustatu dute, SATSE sindikatuaren babesarekin. Haien esanetan, emagin eskasia «larria» da lehen mailako arretan eta ospitaleetan, eta horrek zuzenean eragiten dio emakumeek jasotzen duten arretaren kalitateari.
Osakidetzako emaginak aspaldi ari dira protestak egiten. 2024an egindako protesten eta grebaren ondorioz, Osakidetzan lan mahai espezifiko bat sortu zen, eta horren bidez hainbat aurrerapauso egin dira osasun erakundeen artean agendak, protokoloak eta zerbitzu zorroak bateratzeko. Hala ere, sindikatuaren iritziz, arazo nagusiak bere horretan dirau: profesionalak eta plangintzak falta dira.
SATSEren arabera, gaur egun emagin bakoitzak 2.600 emakume baino gehiago ditu bere ardurapean, eta ratio horrekin «ezinezkoa» da kalitatezko arreta bermatzea. Horrez gain, salatu dute Osakidetzak ez duela egin erretiroei aurre egiteko behar bezalako aurreikuspenik, ezta emakume eta emagin kopuruen arteko benetako ratioak kalkulatzeko lanik ere.
Oporretan, are okerrago
Sindikatuak nabarmendu du egoera bereziki larria dela opor garaian, hainbat osasun erakundetan ez direlako ordezkapen guztiak betetzen. Hala ere, ohartarazi dute arazoa ez dela udako hilabeteetan bakarrik izaten: urte osoan daude, hutsuneak, bajak, baimenak edo lanaldi murrizketak estaltzeko garaian.
Nahiz eta greba Barrualde-Galdakaoko ESIko (Bizkaia) emaginek abiatu, profesional faltaren arazoa Euskal Autonomia Erkidego osoan dagoela adierazi dute. Horregatik, beste ESI batzuetako emaginak ere mobilizazioekin bat egiteko aukera aztertzen ari dira egoerari irtenbiderik ematen ez bazaio.
Emaginek gogorarazi dute beren lana ez dela soilik erditzeak artatzea. Ospitaleetan, larrialdi obstetrikoak, erditzeak, erdiondoa, eta amaren eta fetuaren zaintza artatzen dituzte; lehen mailako arretan, berriz, sexu eta ugalketa osasunarekin lotutako arreta ematen dute, eta haurdunaldia, edoskitzea, menopausia, gaixotasunen prebentzioa, minbiziaren baheketak, zoru pelbikoaren errekuperazioa, eta indarkeria matxistaren detekzioa eta laguntza ere bertan lantzen dituzte.
Profesional faltaren ondorioz jarduera batzuk atzeratu edo eten egiten direla salatu dute. Haien esanetan, lehentasunezkotzat jotzen diren zerbitzuak soilik bermatzen dira askotan, eta emakume asko ez dituzte garaiz artatzen osasunerako funtsezkoak diren kontuetan.
Era berean, lanean ari diren emaginek absentzien ondoriozko lan karga gehigarria hartu behar izaten dutela azaldu dute. Ohartarazi dute horrek asistentzia presioa handitzen duela eta erabiltzaileei ematen zaien arretaren kalitateari eustea zailtzen duela.
Sindikatuaren arabera, milaka emakumeren osasunean eragin zuzena du arazo horrek, eta, horregatik, Osakidetzari eskatu diote behin-behineko neurriez harago joateko eta luzera begirako konponbideak jartzeko martxan. Grebaren bidez, Osakidetzako zuzendaritzari «konpromiso irmoa» eskatu nahi diote, emakume guztientzako arreta segurua, eskuragarria eta kalitatezkoa bermatzeko.