Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek hasia dute bigarren greba astea

Mobilizazioak egingo dituzte aste osoan. Oinarrizko lan baldintzen araudi propioa eskatzen diote Espainiako Osasun Ministerioari, beren prestakuntzari, lanari eta ardurari egokitua.

Medikuen manifestazioa, otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Medikuen manifestazioa, otsailean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 16a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko irudia ohiko bihurtzen ari da: osasun zerbitzu publikoetako medikuak, mantal zuriak soinean, kalean protesta egiten. Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek bigarren greba astea hasi dute gaur, eta ostiralera arte iraungo du. Astebeteko grebak egingo dituzte datozen hilabeteetan: martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean, 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra. Osakidetzak eta Osasunbideak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.

SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta Nafarroako Sindikatu Medikoak bat egin dute greba deialdiarekin, eta mobilizazioak egingo dituzte aste osoan. Gaur, esaterako, kontzentrazioak Gasteizko Txagorritxuko eta Barakaldoko (Bizkaia) ospitaleen aurrean, 11:00etan, eta manifestazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 18:00etan. Bihar, berriz, manifestazioa, 07:30ean, Donostia ospitalean, eta elkarretaratzea, 11:00etan, Gurutzetako ospitalean.

Estatutu propio bat eskatzen diote Espainiako Osasun Ministerioari. Alegia, oinarrizko lan baldintzen araudi propio bat, haien prestakuntza luzea —hamar urtetik gorakoa—, lana eta ardura aintzat hartuko dituena. Osasun Ministerioak sindikatu orokorrekin eta osasun sektorekoekin negoziatu eta hitzartu berri du esparru estatutua, osasun zerbitzu publikoetako langile guztien oinarrizko lan baldintzen araudia. Esparru estatutu horrek arautzen ditu Osakidetzako eta Osasunbideko langileen oinarrizko lan baldintzak. Hortik abiatuta, gero Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen eta egokitzen dituzte.

Espainiako Osasun Ministerioak esparru estatutu berri bat hitzartu zuen urtarrilaren amaieran CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Hitzartutakoa lege aurreproiektua da; alderdi politikoek elkarrekin negoziatu beharko dute aurrena, eta onartu gero, Espainiako Kongresuan.

Zuzenean negoziatzea

Medikuak kexu dira, esparru estatutuaren negoziazioan haien ordezkaritza oso apala izan delako: ordezkari bakar bat izan dute, iritzia emateko aukera izan du, baina botoa emateko eskubiderik ez. Eta salatu dute haien lanaren berezitasunek ez dutela islarik esparru estatutuan, araudia ez dagoela egokituta haien lanari. Horregatik, estatutu propio bat eskatzen dute, eta Osasun Ministerioarekin zuzenean negoziatzea.

Gaur egun indarrean dagoen esparru estatutua 2003an onartutakoa da. Urteotan asko aldatu da osasun zerbitzu publikoetako langileen lana, eta medikuek uste dute lan baldintzak asko okertu zaizkiela. Lan baldintzak eguneratu egin behar direla uste dute, urte askotan «berez» hala zirela uste zuten neurri batzuk aldatu.

Guardiak: borondatezkoak

Guardien baldintzak aldatzea da medikuen eskaera nagusietako bat: asteko 35 orduko lanaldi arruntetik kanpoko lanordu guztiak borondatezkoak izatea nahi dute; lanordu horiengatik ordainsari egokiak jasotzea —gaur egun, lanordu arruntak baino gutxiago ordaintzen dituzte; lanordu horien truke bidezko konpentsazioak edo atsedenak jasotzea; etenik gabe hamazazpi ordu baino gehiago ez lan egitea —lanaldi arrunta gehi apartekoa—; eta aparteko lanordu horiek erretirorako aintzat hartzea. 

Osasun Ministerioak urtarrilean sindikatuekin hitzartutako lege aurreproiektuaren arabera, guardiak gehienez hamazazpi ordukoak izango lirateke, baina lanaldi horiek luzatzeko aukera egongo litzateke, medikuek hala onartuko balute eta zerbitzuaren premiek behartuta. Medikuek uste dute halako salbuespenak orokortu egiten direla eta praktikan arau bihurtzen direla.

Medikuek erretiroa aurreratu ahal izatea ere eskatzen dute, erosahalmenik galdu gabe, arrisku jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldi guztiak aintzat hartuta. Sindikatuen kalkuluen arabera, aparteko lanorduak aintzat hartuta, medikuek gainerako osasun langileek baino sei edo zazpi urte gehiago egiten dituzte lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA