Osakidetzako medikuek duintasuna eskatu dute beren lanbiderako: «Guretzat eta gure pazienteentzat»

Protesta egin dute gaur Donostian, Espainiako Osasun Ministerioak esparru estatutua berritzeko medikuekin ez beste osasun langileekin adostutako aurreakordioaren aurka. Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan ere elkarretaratzeak egingo dituzte asteon.

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute gaur Osakidetzako medikuek, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute gaur Osakidetzako medikuek, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
kristina martin
Donostia
2026ko otsailaren 16a
16:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euria goian behean egin du gaur medikuek Donostian egin duten greba asteko lehen manifestazioak iraun duen ordubetean. 11:00etarako minutu eskas batzuk falta zirela, tantaka gerturatu dira medikuak Bulebarreko kioskora. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) deitutako protestara batzekoak zirenek hor hartu dute aterpe, eta manifestaziorako prestaketa lanak egiten hasi dira berehala: batzuek txilibituak kartelak eta eranskailuak banatu dituzte, eta beste batzuk, berriz, protestaren arrazoiak azaltzen aritu zaizkie bildu diren hedabide ugariei. Handik gutxira, kioskoaren inguruak bete dituzte medikuek: batzuk, bata zuria jantzita; beste batzuk, gomazko botaz eta sirenaz ondo hornituta.

Medikuen bozeramaileek onartu dute historikoki ez dutela greba egiteko ohiturarik izan, etika eta pazienteekiko konpromisoa direla eta: «Guretzat zaila da, ez da atsegina pazienteek grebaren ondorioak jasan behar izatea», adierazi du Elena del Val Donostiako Ospitaleko anestesistak. Del Val medikuen eskubideen aldeko elkarteko (MUD) kidea ere bada, eta hark laburtu ditu protestaren arrazoiak: «Greba egitea erabaki dugu ez digutelako beste aukerarik eman».

Haren esanetan, bokazioaren eta etikaren izenean jasan izan dituzte denbora luzean bidezkoak ez diren zenbait lan baldintza: 24 orduko guardiak, gehiegizko paziente kopurua, aitortzen ez zaien arrisku fisikoa eta mentala... baina gainezka egin dute. «Ez da bokazioa, esplotazioa da», oihukatu dute gaurko manifestazioan.

Estatutuaren aurka

Javier Ferrandok ere parte hartu du gaurko protestan. Ez da lehen aldia, azken hilabeteetan egin diren beste manifestazioetan ere izan baita. Oftalmologoa da Donostiako ospitalean, eta arrazoitu du zergatik egin duen lanuztearekin bat: «Estatutuaren negoziazioan medikuen ordezkaritza egotea eskatzen ari gara, gure beharrak kontuan har ditzaten». Gipuzkoako Medikuen Elkargoko zenbait kide ere batu dira protestan ari zirenei babesa emateko. Carmen Solorzano elkargoko lehendakariak esan duenez, «estatutuaren aurka gaude medikuen lanbidearen eta pazientearen segurtasunaren aurkakoa delako».

«Estatutuaren aurka gaude medikuen lanbidearen eta pazientearen segurtasunaren aurkakoa delako»

CARMEN SOLORZANOGipuzkoako Medikuen Elkargoko lehendakaria

Duela ia urtebete hasi ziren medikuak protestak eta grebak egiten beren lan baldintzak hobetzea eskatzeko, baina, salatu dutenez, alferrikakoa izan da. Medikuen lan baldintza eskasak aspaldikoak direla argitu dute, eta koronabirusaren pandemian goia jo zuten krisiak. Pandemia amaitu zen, eta baldintzak ez dira inondik inora hobetu. Presio eltzea leherrarazi duena, ordea, Espainiako Osasun Ministerioak iaz esparru estatutua negoziatzeko abiatutako prozesua izan da. Ministerioak osasungintzako beste langileen sindikatuekin negoziatu du estatutuaren berritzea, eta, behin-behinean, ados jarri ziren urtarrilaren amaieran. Medikuek, ostera, ez dute ordezkaritza propiorik izan mahai horretan, eta, salatu dutenez, haien lanbidearen ezaugarriak eta beharrak ez dira behar bezala jaso estatutu berrirako aurreakordioan.

Gasteizen eta Bilbon ere protestak

Hilabeteak daramatzate protestan, negoziazioetan medikuek ahotsa izan dezaten eskatzeko. Fruiturik lortu ez dutenez, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroa estuago hartu nahian iragarri zuten hemendik ekainera arte astebeteko greba egingo zutela hilean behin. Gaur Donostian egin dute ziklo horretako lehenengo protesta, eta beste bi elkarretaratze antolatu ditu SMEk: asteazkenerako, Gasteizko Txagorritxu ospitalean, eta, ostegunerako, Bilboko Basurtukoaren aurrealdean, biak 11:00etan. Konponbiderik lortu ezean, protesta gehiago egingo dituzte: apirilaren 27 eta 30era bitartean, maiatzaren 18tik 22ra, eta ekainaren 15etik 19ra. Nafarroako medikuek ere bat egin dute greba deialdiarekin. 

«Medikuak gaixotzen ari gara, eta osasun sistema publikotik alde egiten ari dira gero eta profesional gehiago. Denbora luzean aritu gara horretaz ohartarazten, aldaketak behar direla esaten, baina ez digute kasurik egin»

ELENA DEL VALAnestesista

Sendagileen ordezkariek aitortu dutenez, aurrerapauso batzuk eman dituzte esparru estatutu berrian, baina medikuen baldintzak ez dituzte hobetu. «Gure lanbidean pairatzen ari garen gehiegizko lan karga, 24 orduko guardiak, duen arrisku maila, bai biologikoa eta bai fisikoa, ez ditu aintzat hartzen». Paziente gehiegi artatu behar dituztela eta, ezin dute nahiko bezalako arretarik eman, eta pazienteak urduri eta haserre daude. «Eskatzen dugu gure lanbidea duintasunez egin ahal izatea; duintasuna guretzat eta gure pazienteentzat», laburtu du Del Valek.

Baldintza txarrek ondorioak dituzte, medikuen bozeramaileak azpimarratu duenez: «Medikuak gaixotzen ari gara, eta osasun sistema publikotik alde egiten ari dira gero eta profesional gehiago». Hori osasun artaren kalitatearen kalterako da, haien iritziz. «Denbora luzean aritu gara horretaz ohartarazten, aldaketak behar direla esaten, baina ez digute kasurik egin».

Pazienteei ere dei zuzena egin diete medikuek: «Zuen laguntza ere behar dugu, denok garelako pazienteak edo noizbait izango garelako». Eta laguntza eskatu diete hedabideei ere, haien borroka gizartera dezaten. Izan ere, kexu dira ez dutelako lortzen grebak oihartzun handirik izatea, gutxieneko zerbitzuak «neurrigabeak» direlako.

Donostiako manifestazioan entzun diren eskaeren artean egon da Monica Garcia Espainiako Osasun ministroaren dimisioarena: Del Valek penaz azaldu duenez, «alderdi politiko batzuek interesa erakutsi dute gurekin biltzeko eta gure eskaerak entzuteko, baina ministroak ez du nahi, eta benetan harrigarria da, bera ere anestesista delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.