Osakidetzako medikuek «premiazko irtenbideak» eskatu dituzte gatazka konpontzeko

Bosgarren greba astea amaitu dute medikuek, eta elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Donostian. Berriro eman dute abisu: akordiorik lortu ezean, irailean greba mugagabea hasiko dute.

Medikuen kontzentrazioa Donostia ospitaleko sarreran. JON URBE / FOKU
Medikuen kontzentrazioa Donostia ospitaleko sarreran. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 19a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bosgarren greba astea amaitu dute Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek, baina gatazkak ez du oraingoz konpontzeko trazarik. Gaur, Osakidetzako sendagileek greba asteari amaiera emateko elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Donostian, eta salatu dute egoera «gero eta korapilatsuagoa» dela eta oraindik ez dela benetako irtenbiderik eskaini azken hilabeteetan piztutako gatazkarako.

Espainiako Gobernuak estatutuaren aurreproiektua onartu du, baina Osasun Ministerioaren eta autonomia erkidegoetako osasun arduradunen arteko desadostasunek eragin dute medikuen aldarrikapenak ez aurrera ez atzera egotea. Medikuek kezka agertu dute gatazkaren konponbidea urrundu egin dela eta.

Horregatik, «benetako negoziazio prozesua» abiatzea eskatu dute, medikuen lanbidearen berezitasunak aitortuko dituen estatutu bat lortzeko. Eta berriro egin dute oharra: akordiorik lortu ezean, irailetik aurrera greba mugagabea hasiko dute.

Era berean, Madrilgo ordezkari politikoei dei egin diete estatutu berriaren tramitazioaren aurka egiteko Espainiako Senatuan eta Kongresuan, egungo proposamenak ez dituelako jasotzen haien eskari nagusiak. Elkarretaratzeetan gogorarazi dutenez, medikuen kolektiboak hainbat aldarrikapen nagusi ditu mahai gainean. Horien artean daude mediku eta fakultatiboentzako negoziazio esparru propioa sortzea; unibertsitate kredituetan, espezializazioan eta erantzukizun mailan oinarritutako sailkapen profesional berria ezartzea; astean 35 orduko lanaldi arrunta bermatzea; gehiegizko lanorduak borondatezkoak izatea eta behar bezala aitortu eta ordaintzea; arta presioari mugak jartzea, eta prestakuntza espezializatuko urteak karrera profesionalaren barruan aitortzea. Halaber, 60 eta 70 urte bitarteko erretiro sistema malgu eta borondatezkoa ezartzea ere eskatu dute.

Gaurko mobilizazioetan, medikuek berretsi dute protestetan jarraituko dutela euren lanbidearen garrantzia eta berezitasuna aitortu arte. «Sistemaren ardatza gara; medikurik eta fakultatiborik gabe ez dago osasun sistemarik», adierazi dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE