Osakidetzako profesionalen %62k dute egiaztatua euskara maila

Euskara planaren betetze maila erdizkakoa izaten ari dela jakinarazi du erakundeak. Pazienteen %20 inguruk esan dute arreta euskaraz jaso nahi dutela, baina Osakidetzak aitortu du ezin diela hori bermatu ez dituelako nahiko baliabide.

Osakidetzan euskarazko zerbitzuak eta profesionalak identifikatzeko kartela eta ikurrak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Osakidetzan euskarazko zerbitzuak eta profesionalak identifikatzeko kartela eta ikurrak. MAIALEN ANDRES / FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 18a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen normalizazioa bidea egiten ari da Osakidetzan, baina aurreikusi baino motelago. Ondorio hori utzi du Euskararen Erabilera Normalizatzeko Osakidetzaren III. Planaren lehen balorazioak. Emaitzak aletzeko agerraldia egin dute arduradunek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta jakinarazi dute planaren orain arteko betetze maila «ertaina» dela. Aurrera egitea lortu da, besteak beste, langileen hizkuntza eskakizunen egiaztatzean, pazienteen lehentasunezko hizkuntza erregistroan edo komunikazio korporatiboan. Ordea, euskara urria da oraindik erabileran, lan tresnetan —historia klinikoetan— eta formakuntza tailerretan.

2028. urtera bitarteko plana martxan du Osakidetzak EAEko osasun sistema publikoa euskaldunduz joateko, eta horren barnean egiten ari diren aurrerabideen berri eman dute Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak, Josune Retegi Giza Baliabideetako zuzendariak eta Saioa Ortiz Prestakuntzako zuzendariordeak. EH Bilduk eskatuta egin dute agerraldia arduradunek.

Plana 2022an onetsi zuen Osakidetzak, eta bide erdian egin diren aurrerabideak nabarmentze aldera hiru aipatu dituzte arduradunek. Hizkuntza eskakizunak dira horietako bat. Osakidetzako lanpostuen %59k daukate euskara eskakizuna ezarrita, eta langileen erdiek baino gehiagok daukate egiaztatuta dagokien maila: langileen %62k, hain zuzen ere; duela lau urte %52 ziren.

Pazienteen hizkuntza erregistroan ere izan da hobekuntzarik, planaren helburuetako bat baita herritar guztiek adieraztea zer hizkuntzatan jaso nahi duten arta. Gaur emandako datuen arabera, pazienteen %90 inguruk daukate datu hori erregistratuta Osasun Karpeta deritzon tresnaren bidez: hau da, bi milioi pertsona pasatxok. Eta horietatik %20 inguruk dute zehaztua lehentasunez euskarazko arreta jasotzeko nahia: 375.177 herritarrek, zehazki.

Arduradunek aitortu dute, halere, oraingoz ezinezkoa zaiela herritar horiei guztiei euskarazko arta bermatzea, horretarako baliabiderik ez dutelako. «Estres linguistiko hori eragozte aldera, euskarazko arreta eskaintza sistematizatu egin behar da, hizkuntza ofizialen erabilera protokoloa betez», esan du Retegik. Hau da, agurra ez ezik elkarrizketak ere pazienteen hizkuntzan egin behar direla azaldu du, eta euskal hiztunak diren profesionalak sistematikoki eskaini behar zaizkiela.

«Estres linguistikoa eragozte aldera, euskarazko arreta eskaintza sistematizatu egin behar da, hizkuntza ofizialen erabilera protokoloa betez»

JOSUNE RETEGI Osakidetzako Prestakuntzako zuzendariordea

«Erakunde batzuetan hasiak dira lehen mailako arretan euskarazko kupoak osatzen eta euskara lehenetsi duten pazienteei familia mediku, pediatra, erizain, emagin euskalduna eskaintzen. Eta ospitaleko espezialitate batzuetan ere hasiak dira paziente euskaldunak profesional elebidunengana bideratzen», nabarmendu du. «Ekinaldi hauek pixkanaka zerbitzu guztietara zabalduko dira, ezinbestekoak baitira osasun artan euskara normalizatzeko».

Bide horretan, profesional eta zerbitzu elebidunen e ikurra zabaldu behar dela ere azpimarratu du. Alor horretan izan da aurrerabiderik handiena, hain justu ere: erakundearen irudian eta komunikazioan. Kartelak, errotulazioak, ikus-entzunezko mezuak, argitalpenak… ele bitan direla adierazi dute. Euskara hutsean zabaltzen dute, halaber, Osatu argitalpen korporatiboa.

Gabeziak egon badaude, edonola ere. Lan hizkuntzan, esaterako, oinarrizkoa da betetze maila, gaztelera baita oraindik ere langileen hizkuntza nagusia egunerokoan. Profesionalen «motibazioa» areagotzeko dinamikak sustatzea eta idatzizko barne dokumentazioa ele bitan zabaltzea aipatu dituzte egoera iraultzeko tresna gisa. Baita trebakuntza erraztea ere, hutsunea antzeman baita alor horri dagokionez ere.  

Hutsunea antzeman da historia klinikoari dagokionez ere, gaztelania nagusi baita testuetan. Retegik ñabardura egin du: uste baino konplikatuagoa dela alor horretan urratsak egitea, testu guztiak euskara hutsean idazteak ez lukeelako «segurtasun juridikoa» bermatuko. Espainiako legeak ezarritako arauen arabera jardun behar dela esan du eta, beraz, «tentuz aztertu» behar dela zer eta nola egin.

Balorazio kontrajarriak

Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoen artean, balorazioa gazi-gozoa izan da. EH Bilduren arabera, datuek agerian utzi dute planaren «porrota». Rebeka Ubera legebiltzarkideak egotzi die «tresnak eta helburuak» nahastea. Izan ere, adierazi du planaren azken xedea euskarazko arta bermatzea dela, baina salatu du hori oraindik «tonbola bat» dela. «Urteetako plangintzek ez dute lortu oinarriko helburuak konpontzea; egiturazko gabeziek konpondu gabe jarraitzen dute».

«Urteetako plangintzek ez dute lortu oinarriko helburuak konpontzea; egiturazko gabeziek konpondu gabe jarraitzen dute»

REBEKA UBERA EH Bilduko legebiltzarkidea

EAJk, berriz, koalizio subiranistak irudikatutako «paralisitik urrun» ikusten du planaren garapen maila. Olatz Peon legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu du ezin dela «porrotaz» hitz egin. Plana «ona» dela esan du, oinarriak ongi finkatuak dituela eta «progresibotasuna» bermatzen duela. «Gaur aurkeztutako txostena eta ebaluazioa ez dira txosten soilak, hizkuntza paisaia aldatzeko aukerak dira, errealitate soziolinguistikoan aukera dagoelako».

Hain justu ere, errealitate soziolinguistikoa aintzat hartzeko eskatu du PSE-EEk. Aroa Jilete legebiltzarkideak ontzat jo du plana, eta adierazi du herritarrek osasun arta euskaraz jasotzeko duten eskubidea errespetatu egin behar dela. Ordea, iritzi dio ezin zaiela profesional guztiei euskaraz jakiteko derrigortasuna ezarri. PPk eta Voxek, berriz, salatu dute hizkuntza eskakizunak aitzakia gisa hartuta gaztelania euskararekin «ordezkatu» nahi dela, errealitateari bizkarra emanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA