Osakidetzan 120 pazientek eskatu zuten hiltzeko laguntza 2025ean, aurreko urtean baino %61 gehiagok

Eutanasia eskaeren %90 inguru onartu dituzte; legea 2021ean indarrean sartu zenetik izandako tasarik handiena da. Eskaria egiten denetik gauzatu arte, 39,4 egun igarotzen dira batez beste, legeak ezarritako gehieneko 41 eguneko epearen azpitik.

Itxaso Bengoetxeak, Gontzal Tamayok eta Julia Barrosok eutanasiari buruzko txostena aurkeztu dute Gasteizen. ENDIKA PORTILO / FOKU
Itxaso Bengoetxeak, Gontzal Tamayok eta Julia Barrosok eutanasiari buruzko txostena aurkeztu dute Gasteizen. ENDIKA PORTILO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko ekainaren 4a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko osasun sistemetan legezkoa da eutanasiak egitea, 2021eko ekainetik, baldintza jakin batzuk betez gero. Eta, datuei so, geroz eta gehiago dira bizitzaren amaierako prestazio hori eskatzen duten pazienteak. Osakidetzak argitara eman ditu azken urteko datuak, eta horiek berretsi egiten dute goranzko joera hori. Datuon arabera, 211 pertsonari eman diete hiltzeko laguntza legea ezarri zenetik. Iazko datuei erreparatuta ere, joera berbera da: gero eta eutanasia eskaera gehiago egiten dira, eta gero eta prozedura gehiago baimentzen dira. 2025ean, guztira, 120 eutanasia eskaera erregistratu ziren, aurreko urtean baino %61,2 gehiago —2024an 74 eskaera egin ziren—, eta horietatik, bizitzaren amaierarako 78 prestazio egin ziren — 49 izan ziren 2024an—.

Hiltzeko laguntza eskatu zuten 120 kasuetatik 107 baimendu zituen eutanasiaz arduratzen den batzordeak, hau da, egindako eskaera guztien %90 inguru. Eutanasia legea 2021ean indarrean sartu zenetik baimendutako kopururik handiena da hori. Baimendutako kasuetan, pazienteek legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen zituzten: gaixotasun larria eta sendaezina edo pairamen larri, kroniko eta eragozlea izatea.

Datuok gaur goizean eman dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Gontzal Tamayok, Eutanasiaren Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidente Julia Barrosok eta Osakidetzako eutanasia talde korporatiboko kide Itxaso Bengoetxeak. Nabarmendu dutenez, eutanasia eskatzen denetik hura gauzatu arte 39,4 egun pasatzen dira batez beste, legeak ezarritako gehieneko 41 eguneko epearen azpitik eta Espainiako batez besteko 82 egunetik urrun. 

Eutanasia eskatzen duten pazienteen konplexutasuna ere bistaratu du txostenak. Izan ere, hiltzeko eskubidea baliatu zuten 31 paziente prestazioa gauzatu aurretik hil ziren, eta horietatik 21 kasu Berme eta Ebaluazio Batzordera iritsi ondoren zendu ziren.

75 urtekoa eta sufrimendu larria

2021ean eutanasia arautzen duen legea indarrean sartu zenetik, Osakidetzan 568 pertsonak eskatu dute hiltzeko laguntza medikoa, horietatik 468 bideratu dira, eta 315 iritsi dira eutanasiaren berme eta ebaluazio batzordera. Batzordera iritsi ez diren gainerako espedienteetan, arrazoi nagusiak izan dira pazienteak eskaera bertan behera utzi duela edo prozesuan hil dela. 

Eutanasia eskatzen duten pazienteen batez besteko adina 75 urte da, nahiz eta adin tartea askoz ere zabalagoa den —27 eta 98 urte artekoa—. Hiltzeko laguntza eskatu zutenen %63,7k arreta aringarria jaso zuten gaixotasunak iraun ahala, eta, eutanasia eskatzeko arrazoi nagusiei dagokienez, aipatu dute pazienteen %58,3k pairamen larria, kronikoa eta eragozleak zituztela. Gainerako %41,7ek, berriz, gaixotasun larri eta sendaezinak zituzten. Gaixotasun neurologikoak zituzten hiltzen laguntzeko eskaera egin zutenen %42k, eta onkologikoak %38k.

Bizitzaren amaierarako prestazioen erdiak ospitaleetan egin dira, eta gainetakoak, etxean edo zentro soziosanitarioetan.

%63,7

 

Zenbatek jaso zuten arreta aringarria. Hiltzeko laguntza eskatu zutenen %63,7k arreta aringarria jaso zuten gaixo egon ziren bitartean. Gaixotasun neurologikoak zituzten hiltzen laguntzeko eskaera egin zutenen %42k, eta onkologikoak %38k.

Bestalde, txostenak jasotzen du Aurretiazko borondateen dokumentua gero eta gehiago erabiltzen dela. Dokumentu horretan, edozeinek zurian beltz adieraz dezake hiltzeko laguntza nahi duen ala ez, betiere legeak jasotzen dituen egoeretan. 2025ean, eskaeren %20,8 dokumentu horren bidez izapidetu ziren.

Lurraldeka aztertuta, Gipuzkoak izan du eskaera gehien: 53 eskaera eta 37 prestazio. Bizkaian, 45 eskaera eta 26 prestazio erregistratu dira, eta Araban, 22 eskaera eta 15 prestazio.

2025ean, gainera, Euskadiko Eutanasiaren Informazio Sistema sendotu dela azpimarratu dute. Tresna digital berri horrek aukera ematen du prozesu osoaren jarraipena denbora errealean egiteko, lehen eskaeratik azken ebazpenera arte. Sistema horren osagarri, eutanasiaren unitate teknikoa jarri dute martxan, profesionalei laguntza emateko eta prestazioaren aplikazioa euskal osasun sistema osoan modu homogeneoan bermatzeko. Osasun Sailaren arabera, bi tresna horiek direla medio lehen aldiz lortu da eskaera guztien trazabilitate osoa bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE