Txerto iraungien aferaz azalpenak eman ditu gaur Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean; oposizioak egindako galdera sortari erantzunez berretsi du gertatutako «intzidentziak» bideratuta daudela jada, eta Osasun Sailak «zorroztasunez eta segurtasunez» jardun duela. EH Bilduk, PPk eta Voxek, ordea, «oso larritzat» jo dute gertatutakoa.
Osasun sailburuaren esanetan, bere departamentua dagoeneko jarri da harremanetan txerto iraungiak jaso zituzten gehienekin, eta berriz txertatzea erabaki duten gehienek jada jaso dute zizta. Horren harira, azpimarratu du Osasun Sailaren jarduna «zorrotza, segurua, zuhurra, proaktiboa eta gardena» izan dela.
EH Bilduko Rebeka Uberaren iritziz, ordea, txertoen auzia larria da, eta ezin da «ez erlatibizatu, ez minimizatu», hamarnaka pertsona behar besteko babesik gabe geratu baitira gaixotasunen prebentzioari dagokionez. Hori alde batera utzita, azaleratu du Osakidetzan egiturazko arazoak konpontzeko daudela. Zera esan dio EH Bilduko legebiltzarkideak Osasun sailburuari: «Osakidetza legegintzaldi hasierako egoeran dago. Pare bat su itzali dituzu, eta ondo egindakoak aitortu ditugu, baina hemen egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute».
Uberaren ustez, sailburuak behin eta berriz azpimarratu du txerto iraungiek ez dutela ondorio kaltegarririk sortzen haurrengan, baina hori esanda «ahaztu» egiten du txertoen eginkizun nagusia: gaitz larriak prebenitzea. «Elgorria eta antzeko gaixotasunak berriro agertu dira, eta behar bezala txertatuta ez egoteak arrisku handiagoa dakar», ohartarazi du.
Martinezek erantzunean adierazi du EH Bilduren galdera «deigarria» egiten zaiola, auziaren inguruko informazioa aldez aurretik eman ziolako. Eta orain arte auziaz egindako kronologia berretsi du: urtarrilaren 27an, 15:30ean, Uberari berari telefonoz jakinarazi ziola zer gertatzen zen, hartutako neurriak zeintzuk ziren eta familien informazioaren kudeaketak zer-nolako garrantzia zuen. Horren arabera, familiei «banan-banan eta Osakidetzako erreferentziazko profesionalen bidez» informatzeko beharra helarazi zion, eta txosten teknikoa «berehala» egingo zutela jakinarazi.
Osasun Sailak eta Osakidetzak gertatutakoari aurre egiteko jokabide «koherentea» izan dutela azpimarratu du Martinezek, «osasun intzidentzia bat gertatzen denean bete beharreko irizpideak» kontuan hartuta. Egoera «bideratuta» dagoela ziurtatu du, halaber: familiei deitu zaiela, hitzorduak eman dizkietela, eta gehienak, eta beharrezkoa izan denean, berriz txertatu direla. Gertatutakoaren arrazoiak aztertzen ari direla gaineratu du, eta txertoen trazabilitatea ikertzeko batzorde bat sortu dutela gogoratu. «Alarmismoak» eta «demagogiak» alde batera uzteko ere eskatu die Martinezek oposizioko taldeei.
Oposizioa, kezkatuta
Uberak aintzat hartu du sailburuak barkamena eskatu eta ardurak onartu izana, baina horrek ez du Osasun Sailak egin duen kudeaketa garbitzen, ez eta larritasuna kentzen ere, haren ustez. «Larria da oraindik ez jakitea zer gertatu den, arazoa zein izan den, eta bereziki kezkatzen gaitu familien eta profesionalen egoerak, profesional horiek seinalatuta geratzen ari baitira, haiek ere biktima bihurtuta». EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Osakidetzak «bestelako kudeaketa eredu bat» behar du, «marketin gutxiago» egiten duena eta egiturazko arazoei erantzuna emango diena.
Osasun sailburuak ez ezik, Imanol Pradales lehendakariak ere ahotan izan du txerto iraungien auzia— PPk egindako galdera bati erantzunez—, eta Martinezen defentsa egin du. Redacción Médica aldizkariak sailburuaren jarduna defendatuz argitaratutako lerroburu bat irakurri du esateko Martinez «garden eta azkar» aritu dela, eta une oro azalpenak eman dituela.
Javier de Andres PPko legebiltzarkideak, aldiz, gogor jo du Osasun sailburuaren aurka, eta txertoen afera «ezkutatu» nahi izatea aurpegiratu dio. Lehendakariaren aurka ere mintzatu da PPkoa, hark barkamena eskatu zuelako eta zera esan zuelako: kaltetutako familien lekuan jarrita, ulertzen duela horiek «zaurgarri» sentitu izana. «Aita naizen aldetik, kaltetutako pertsonen eta familien lekuan jartzen naiz», adierazi zuen lehendakariak astelehenean. Hitz horiei erantzunez zera esan dio De Andresek Pradalesi: «Aitaren trajea jarri duzu, baina bada garaia lehendakariarena jartzeko, eta erantzukizuna zure gain hartzeko».