«Tortura ezin da erreparatu. Beti izango dugu zauri hori barnean, betiko eramango dugu. Mina baretzeko tresnak bilatu behar ditugu, horrekin bizitzeko». Isiltasuna ozendu da, eta aretoan dauden dozenaka gorputzetan arnasa eten da une batez. Tortura feminismotik erreparatu izeneko jardunaldietan, torturaren ondoren oneratzea ezinezkotzat jo du ahotsetako batek. Korapiloa airean dela, beste eztarri batek berretsi du segituan sentipen hori: «Ni desberdina naiz orain: ez naiz emakume bera». Baina akaso guztiz berregin gabe ere aurrera egin daitekeela iradoki du beste batek: «Torturatu gintuzten, torturatu ninduten, erori ginen, erori nintzen, altxatu gara, eta borrokan ari gara oraindik».
Emaginek antolatuta egin dute jardunaldia, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Olatz Dañobeitiak berriki aurkeztutako Sorginak, putak, terroristak liburua abiapuntutzat hartuta, tortura politikoa indarkeria matxista gisa ulertzea, eta hala, osatze prozesu feminista bat abiatzea izan du helburu topaketak. Emakume* torturatuen ahotsak: erreparazioaren akuiluak eta oztopoak izenburupean, tortura jasandako bost emakumek parte hartu dute lehen mahai inguruan: Aniaiz Ariznabarreta, Ainara Gorostiaga, Kristina Gete, Nekane Txapartegi eta Aiora Epelde.
«Gauza bakarra nekien: zer tortura metodo aplikatu ziguten; ez nekien besteek zer sentitzen zuten, ordea. Balio izan zidan sentitzeko ez nengoela bakarrik»
AINARA GOROSTIAGA Emakume torturatua
Musikak eta poesiak lagunduta, norbere bizipenez mintzatu dira, bakoitzari zerk lagundu dion, zerk handitu dion zauria. Hutsuneak aipatu dituzte, eta babesak; askok torturaren aurkako taldeak izan dituzte abaro, jasandakoa konpartitzeko gune. Ainara Gorostiaga kartzelatik atera eta hamasei urtera joan zen taldera: «Banekien kasu asko zeudela, baina gauza bakarra nekien: zer tortura metodo aplikatu ziguten; ez nekien besteek zer sentitzen zuten, ordea. Balio izan zidan sentitzeko ez nengoela bakarrik».
Arrastoak, gaur egun arte
Izan ere, «Ainara ezezagun bat» ezagutu zuen torturaren ondoren: «Nire bizitzako unerik basatiena eta bortitzena izan zen: bederatzi egun inkomunikatuta eman ostean, ez zara pertsona bera». Beste Ainara hori ulertu beharraz jardun da: «Hasieran espetxean, leku arrotz batean. Etengabe negarrez ari zara, ez dakizu zergatik; zeurekoia bihurtzen zara, zuhurra, eta harresi bat sortzen duzu inguruan». Espetxetik kanpo ere ageri dira torturaren arrastoak: «Iluntasunak urduri jartzen nau, oihuak ezin ditut jasan, kontzentratzeko gaitasunik ez dut... Ikasketa prozesu bat da: onartu eta ulertu behar duzu gertatzen ari zaizun hori normala dela, eta baimena eman behar diozu zure gorputzari hori bizitzeko».
«Beldurren preso geratzen zaren heinean, askatasuna fisikoa besterik ez da; askatasun emozionala ez dago berreskuratzerik»
KRISTINA GETE Emakume torturatua
«Beldurren preso geratzen zaren heinean, askatasuna fisikoa besterik ez da; askatasun emozionala ez dago berreskuratzerik», gaineratu du Kristina Getek, ildo horretan. Torturaren itzala orain arte luzatu baita haren egunerokoan ere: «Egun haietako hainbat objektuk, oroimenek, sentsaziok barrenak mugitzen dizkidate orain ere, beldurra sentiarazten didate, eta txikitu egiten naute: begietarako estalki bat, iluntasuna, marmolezko eskailerak, hotza, ate hotsa, gomazko alfonbra beltza...».
Torturaren erreplikez ere jardun da Gete, batez ere amatasunarekin lotuta: «Haurdunaldiko probak egitera ere furgoian eramaten ninduten, eskuburdinekin, eta ospitalean guardia zibilez inguratuta egoten nintzen, jende guztia begira nuela. Zortzi hilabeteko haurdun nengoela, Picassentera eraman ninduten, anbulantzian, baina berriro eskuburdinekin; erditze gelan ere lotuta eduki ninduten dilatatu bitartean».
«Torturaren aurreko aldian, banuen torturaren arriskuaren berri. Baina ez zitzaidan berdin gertatzen torturaren osteko aldiarekin: hutsune bat zegoen»
ANIAIZ ARIZNABARRETA Emakume torturatua
Halako elementu fisikoen eragina erraz antzera ulertu zuen Aniaiz Ariznabarretak, baina zailagoa suertatu zitzaion elementu abstraktuagoei heltzea: nortasun eta konfiantza galera, erabakiak hartzeko zailtasunak.... Izan ere, erreferentziarik ez zuen tortura osteko abagunean: «Torturaren aurreko aldian, banuen torturaren arriskuaren berri. Baina ez zitzaidan berdin gertatzen torturaren osteko aldiarekin: hutsune bat zegoen. Zer gertatzen zaio Itziarren semeari komisariatik ateratzean? Ez dago kantarik. Isiltasuna izan da nagusi».
Osatze prozesu horretan, bada agindu berri bat, erresilientziarena: «‘Min egin ziguten, baina indartuta atera gara’. Mandatu horren presioa sentitu dut». Ildo horretan, Nekane Txapartegik erantsi du gudariaren iruditeriak ez duela lagundu: «Gogorra izatea, aurrera jarraitzea... Baina hautsi gaituztela eta altxatu garela aitortzea ez da ahultasuna, baizik eta ekite feminista bat, jarrera iraultzaile bat».

Txapartegik aitortu du kostatu dela ikusaraztea emakumeen aurkako erasoak ez direla albo kalteak izan, baizik eta «eraso helburu zuzenak». «Indarkerien hierarkia bat egon da: gizonek erabaki dute zein ziren diskurtsoak eta lehentasunak». Torturez hitz egitean ere marko feministaren hutsunea antzeman zuen: «Nik beharra sumatzen nuen salatzeko eta ulertzeko eraso egindako gorputz hura zergatik eta nork torturatu zuen basaki; eskatzen zitzaidana, ordea, bestelakoa zen: tortura metodoen kontakizun zehatza egitea eta biktima gisa geratzea».
«Nik beharra nuen salatzeko eraso egindako gorputz hura zergatik eta nork torturatu zuen basaki; eskatzen zitzaidan, ordea, tortura metodoen kontakizun zehatza egiteko»
NEKANE TXAPARTEGI Emakume torturatua
Kartzelatik atera eta berehala eman zuen prentsaurrekoa, «inongo aholkularitza juridiko edo psikologiko feministarik gabe». «Gorputza publiko egitearen» ondorioak ezin ditu ahaztu: zalantzan jartzea, sexualizazioa, ingurukoen esposizioa, intimitatea galtzea. «Komunikabideek, noski, ez zuten torturaren erabilerari buruz idatzi: sentsazionalismoz bete zituzten lerroak; horrek errudun sentiarazi ninduen, nire familiak komunikabideen bidez jakin zuen tortura moten berri esplizituki».
Aitortza instituzionalaren bidea
Aiora Epelde, berriz, militantziaren eta ezker abertzalearen barruko hausnarketen bidez ohartu zen berak ere torturak jasan zituela: «Nik bizi izandakoak suabeagoak izanda ere, argi izan nuen torturatua izan nintzela, eta torturaren izaera sistemikoaren aurka altxatzea merezi zuela; arreta, torturometroan baino gehiago, torturak zekarren eskubide galera sistemikoan jarri behar zela». Aitortza instituzionalaren bideari ekin zion, beldurrez eta zalantzaz, baina «entzuna eta jasoa» sentitu zela esan du. «Badakit, aitortza gorabehera, prozesu honek ez duela guztiz bermatuko torturarik berriro ez gertatzea, baina torturaren izaera eta testuinguru politikoa azaleratzeak badu bere balio politikoa».
«Aitortzak laguntzen du kokatzen errua ez dela zurea, eta sinesten hortik ateratzen den guztia ez dela soilik zurea»
AIORA EPELDE Emakume torturatua
Eta aitortza hori erreparazio bide bat izan da harentzat: «Laguntzen du kokatzen errua ez dela zurea, eta sinesten hortik ateratzen den guztia ez dela soilik zurea. Eta aitortza pertsonala iritsi zenean, on egin zidan. Eskertu egin nien, baina eskatu nien ausartak izateko, gela txikian aitortzen ziguten hori jendartera ateratzeko».
Urduri mintzatu dira bostak, beldur puntu batez, baina kementsu; elkar laztandu dute hitzaldien artean, eta babes eta konplizitate keinuak izan dira ahotsa urratzear sumatu dutenean. Arretaz entzun dituzte aurrean ziren dozenaka emakumeek, tarteka malkotan, eta zirrarak eztanda egin du amaieran, aretoak txalo zaparrada batez besarkatu dituenean. Ezinezkoa den osatze horretan ale bat jarri nahian.

Kontatzeko eta entzuteko
Erreparazioa ez da prozesu indibiduala soilik; asko du kolektibotik, eta hori argi izan dute tortura feminismotik eta indarkeria matxistaren betaurrekoetatik aztertu dutenek. Hala, Jendartearen ardurak feminismotik astintzeko ahotsak izeneko mahaian, iraganaz eta etorkizunaz hausnartzeko eskatu die Emaginek hainbat laguni: torturari nola begiratu dioten orain arte, eta osatzea nola landu daitekeen aurrerantzean. Isiltasuna hausteko premiaz aritu dira: kontatzeko eta entzuteko.
«Maizegi» tokatu zitzaion Amaia Izko abokatuari torturaren lekuko izatea: «Gure lanaren parterik gogorrena zen. Ukazioaren harresiaren kontra egin behar izan dugu». Neurri batean harro agertu da lan hartaz, «egin behar zena» egin zutelakoan, baina aitortu du erreparazioaren galderak gogoeta bat piztu diola: «Askotan hausnartu dut zer egin behar luketen torturaren erantzuleek, epaileek, instituzioek, tortura ukatu dutenek... baina ez torturatuen ondoan egon garenok zer egin dezakegun. Torturak kanpora eraman genituen, eta salaketa publikoa egin, baina pertsona haien barruari oso gutxitan begiratu genion, emozioei, minei. Agian erritmoak ez zigulako horretarako tarterik eman, edo agian gogorregia zelako».
«Torturak kanpora eraman genituen, eta salaketa publikoa egin, baina pertsona haien barruari oso gutxitan begiratu genion. Agian gogorregia zelako»
AMAIA IZKO Abokatua
Arreta psikologikoan ere hutsuneak ikusten ditu Olatz Barrenetxea psikologoak. 1980ko urteak oroitu ditu: «Oso latza zen ikustea nola ateratzen zen jendea komisariatik. Baina gure egitekoa zen aztertzea zer metodo erabiltzen zuen talde polizial bakoitzak, nola aldatzen ziren...». Gaineratu du ez zegoela begirada espezializaturik: «Artatzea ere oso gogorra zen, poliziak zelatan izaten baikenituen kontsultan. Gainezka geunden. Urgentziazko arreta ematen genuen, ez benetako arreta emozionala; ez genuen astirik, eta ez geunden prestatuta». Eta haren ustez, orduan ez zen posible halakoak artatzea: «Min haiek ezin ziren atera, errepresiopean oso zaila baita ate hori irekitzea, eta arriskutsua. Orain bai, bada garaia».
Tortura feminismotik izendatzea ere ez zen erraza mende hasieran, Edurne Epelde Bilgune Feministako kideak gogora ekarri duenez: «Ezleku batean geunden. Tortura indarkeria matxistaren tresna bat zela esateak tentsioa sortzen zuen ezker abertzalean. Eta tortura sexista zela aipatzea deserosoa zen mugimendu feministan, askok tortura bazegoela ukatzen baitzuten. Zubi lana egiten saiatu ginen, salaketa publikoen bitartez».
«Ez bagaude eroso biktima perfektu gisa, ez dugu zertan halakoak izan. Guk erabaki behar dugu gauzak nola kontatu»
MADDI ALTUNA Ikerlaria
Denboran hurbilago, 2010eko urteetan torturaren mehatxupean izan ziren gazteen bizipenak ikertu ditu Maddi Altunak: «Jende asko bizi izan zen pentsatuz hurrengoa izateko arriskua zuela. Torturaren mehatxuak egunerokoa gobernatzen du. Eta ez da abstraktua: bizi izan ez dugunok ez dakigu zehazki zer den, baina sumatu dezakegu; ezagutza sozial oso handia dago, batzuetan hitzekin transmititzen ez dena, baizik eta gorputzetik gorputzera». Osatzeari begira, hitz egitearen garrantziaz jardun da, eta memoria deserosoak eraikitzeaz: «Ez bagaude eroso biktima perfektu gisa, ez dugu zertan halakoak izan. Guk erabaki behar dugu gauzak nola kontatu».
Garai bertsuko zazpi pasarte pertsonal irakurri ditu Kattalin Miner militante feministak, orduko giroa gogoratzeko, eta etengabe agertu dira eustea, izua eta isiltasuna hitzak. «Ez ote den hori izan komunitatean egin duguna: izuari isiltasunez eustea». Urte askoan begiratu nahi izan ez zaion horri erreparatzeko garaia da orain, eta «ez ahaztea» hitzeman du: «Begietara begiratu, akatsak onartu, aurrera begiratu».

Teresa Toda kazetariari, ordea, torturari buruzkoak entzutea eta idaztea egokitu zitzaion, Egin egunkarian. «Kazetaritzan ez da erraza bizipen intimo horiek ondo jasotzea. Elkarrizketatua lasai sentiaraztea, eremu seguru eta eroso bat sortzea...». Bat etorri da Amagoia Gurrutxaga Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko kazetari ohia: «Azkar informatzeak gaina hartzen dio maiz ondo informatzeari». Baina ofizioaren egitekoa aldarrikatu du: «Bizi garen gizartea ulertzeko eta hobetzeko tresna bat da kazetaritza; boterea auzitan jartzea dakar, errelatoaren gatazkan parte hartzea, begirada zorroztea, isiltasun induzituak hausteko estrategiak garatzea».
«Tortura kontakizun deseresoa da denontzat», ondorioztatu du Samara Velte kazetari eta ikerlariak. «Zaila da bertsio leundu bat egitea, adibidez, nerabeentzako testuliburu batean; ez dakigu nola azaldu haurrei». Baina «album kolektiboaren» parte da: «Ez du zabaltzeko gogoa ematen beti, baina laguntzen digu honaino nola iritsi garen ulertzen». Eta albuma osatze aldera, gaur jardunaldian egindako ariketaren garrantzia nabarmendu du: «Iraganari buruz hitz egiten dugun bakoitzean eraikitzen baitugu memoria».