Osoko zuzenketak baztertuta, azken-aurreko oniritzia jaso dute Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuek

EAJren eta PSE-EEren botoekin ezetsi dituzte osoko zuzenketa guztiak. D'Anjouk salatu du oposizioak proiektua ez babestea erabakita zeukala negoziazioak hasi aurretik. Oposizioak esan dio ez duela balio egungo beharrei erantzuteko.

Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 9a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontu proiektuak beste urrats bat egin du aurrera, abenduaren 23an behin betiko onespena eman aurretik. Oposizioko talde politiko guztiek osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten, eta horiek eztabaidatzeko saioa egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Ez da ezustekorik izan bozketan: den-denak atzera bota dituzte, EAJren eta PSE-EEren gehiengoa baliatuta. Osoko bilkuran agerian geratu dira bi ikuspegiak: gobernua babesten dutenena eta oposizioarena. Akordioak lortzeko borondaterik ez izatea egotzi diote elkarri.

Eztabaidaren hasieran, Jaurlaritzak ondutako kontuak defendatu ditu Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak: «Proposamen errealista da; aurrekontu anbiziotsua». D’Anjouk nazioarteko testuinguru nahasia ekarri du gogora, eta adierazi du industriak eta enpresek oro har zuzenean pairatzen dituztela muga zergei edo gatazka armatuei lotutako «tentsio» horiek. Haren ustez, egoerari aurrea hartu behar zaio inoren zain egon gabe, eta erakutsi «ekonomia txiki eta dinamiko bat erreferente» izan daitekeela Europan: «Euskadik eskura dituen tresna guztiak aktibatu behar ditu».

Taldeekin izandako elkarrizketei ere erreparatu die D’Anjouk. Salatu du oposizioak proiektua ez babestea erabakita zeukala negoziazioa hasi aurretik, «aldez aurretik diseinatutako estrategia politiko bati» jarraituta: «Zilegi da, baina ez dugu ulertzen». EH Bilduri egotzi dio proposamena etxebizitzara mugatzea, jakinda mahai gainean jarri duena ez dela «egingarria». Eta kritikatu dio gai horri lotutako zuzenketa partzial bat bera ere aurkeztu ez izana. Sumarri aurpegiratu dio 890 milioi euroko balioa zuten aldaketak proposatu zituela baina ez zuela zehaztu dirua nondik aterako zuen aldaketa horiek finantzatzeko. PPri, berriz, «proposamen bakar bat ere» egin ez izana txarretsi dio; eta Voxi, politikoki «antipodetan» egotea.

«Badirudi hasieratik oposizioko hiru alderdiek aurrekontu proiektua ez babestea erabakita zeukatela. Zilegi da, baina ez dugu ulertzen»

NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Edonola ere, sailburuak esan du taldeek aurkeztutako zuzenketa partzialak aztertuko dituztela, eta horiek aurrekontuetara gehitzeko prest daudela, betiere «egingarriak» badira eta proiektua «aberastuko» badute. Ostiralean eztabaidatuko dituzte horiek. Ikusteko dago, ordea, jarrerak hurbiltzeko gai izango ote diren.

Ezer ez aldatzeko kontuak

Gobernuaren eta oposizioaren arteko aldea, hain zuzen ere, agerian geratu da talde politikoen osoko zuzenketak argudiatzeko txandan. EH Bilduk Jaurlaritzari egotzi dio negoziazioari «ateak itxi» izana, eta iritzi dio aldez aurretik erabakita zeukatela koalizioarekin ezer ez adostea. Izan ere, Pello Otxandianok gogorarazi du koalizioak etxebizitzari lotutako legeei ehundik gora zuzenketa aurkeztu dizkiela, baina EAJk eta PSEk ez dutela bakar bat ere onartu: «Zeri erantzuten dio jarrera horrek? Zer tarte uzten dio horrek oposizioari negoziatzeko? Agerikoa da ez dagoela negoziatzeko borondaterik».

Otxandianok esan du etxebizitzarena «arazo handia» dela eta premiazkoa dela horri aurre egiteko neurriak hartzea. Berretsi du elkargune bat egon daitekeela gobernuarekin etxebizitza funtsaren inguruan, besteak beste. Baina jarrera aldatzeko eskatu die jeltzaleei eta sozialistei. «Ez da erraza, badakigu, baina etxebizitza larrialdiari aurre egiteko neurriak ez dira errazak. Baina posible da». 

Pello Otxandiano EH Bilduren eleduna, gaurko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduko eleduna, gaurko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen esanetan, Jaurlaritzak landutako proiektuak ez du balio «errealitatea eraldatzeko», oinarrian «ezer ez aldatzeko» diseinatuta daudelako: «Ez dira hedakorrak. Zifrak handitzen dira, baina herrialdea ez». Hernandezek kritikatu du aurrekontuak segurtasuna lehenesten duela etxebizitzaren aurretik, eta salatu du diru sarreren «arkitektura bidegabea» dutela, zerga bilketaren eredu desegoki bat dutelako oinarrian. Halaber, Jaurlaritzari leporatu dio akordioetara heltzeko borondaterik ez izana.

PPk, berriz, eredua bera jarri du ezbaian. Javier de Andres popularren bozeramaileak adierazi du Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak dirua xahutzen duela EAEko ekonomia baino gehiago haziko delako, eta ohartarazi du horrek herritarren «pobretzea» ekarriko dutela. De Andresek Espainiako politikarekin lotu du eztabaida, eta «alternatiba» gisa aurkeztu du PP, EAJ, PSE, EH Bildu eta Sumar «bazkide» direlakoan. Ildo beretik, Voxek aurrekontu proiektu «ideologizatua» dela adierazi du.

Eredu ezberdinak

Gobernuaren proiektua babestu eta oposizioaren jarrera kritikatu dute, ordea, EAJk eta PSE-EEk. Jeltzaleen bozeramaile Joseba Diez Antxustegik gogor egin du EH Bilduren aurka, eta, «koherentzia faltaz» gain, aldaketa jakinak egin ordez beraien eredua inposatu nahi izatea egotzi dio: «Beste politika batzuk egiteko aukeratu gintuzten. Eredu ezberdinak ditugu». PPri ere mezu bera helarazi dio, eta esan dio begirada Gasteizen jarrita izan ordez Madrilen duela. Edonola ere, Antxustegik azpimarratu du Jaurlaritzaren aurrekontua bi alderdi ezberdinen arteko akordioaren fruitua dela eta «egonkortasuna» bermatuko duela. 

Susana Corcuera legebiltzarkide sozialistak, berriz, EH Bilduri txarretsi dio alternatibarik aurkeztu gabe aurrekontua kritikatu izana eta herri itunak berak eskatutako gai eta baldintzetan negoziatu nahi izana. Sumarri erantzun dio zerga sistema «justua» dela eta proposamen «maximalistak» egin dituela beste behin. PPri adierazi dio ikuspegi «antagonikoak» dituztenekin «ezinezkoa» dela ezer adostea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.