Nafarroako inbestidura

Ostegunean eta ostiralean egingo dute inbestidura saioa Nafarroan

PSNko afiliatuen %89,34k egin dute Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin alderdiak adostutakoaren alde. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilerak egin ditu gaur alderdiekin. EH Bilduk asteazken goizean emango du barne kontsultaren emaitzen berri, eta Ahal Dugu-k ere kontsulta egingo du abstentzioaren eta baiezkoaren artean erabakitzeko —, eta, kasu horretan, gobernuan sartu ala ez zehazteko—.

Eduardo Santos (Ahal Dugu), Maria Txibite (PSN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai), ostiralean, Iruñean, Nafarroako Parlamentuan, gobernu akordioa lortu ondoren. VILLAR LOPEZ / EFE
Hodei Iruretagoiena - Joxerra Senar
2019ko uztailaren 29a
07:15
Entzun

PSNko afiliatuek argi azaldu dute iritzia: zuzendaritzak egindako kontsultari erantzunez, %89,34k babestu dute PSNk Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin egindako akordioa Nafarroako Gobernua osatzeko. %10,16 izan dira aurkako botoa eman dutenak, eta zuri bozkatu dute %0,5ek. Ostiralean sinatu zuten akordio hori lau alderdietako kideek. Haren arabera, eta betiere inbestidura aurrera ateraz gero, hamahiru departamentu izango dira: sozialistek zortzi lituzkete; Geroa Baik, lau; eta Ahal Dugu-k, bat. Tarte bat utzi zuten alderdiek akordioa berresteko, eta Maria Txibite PSNren lehendakarigaiak nabarmendu zuen PSOEren babesa ere baduela akordioak. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilerak egin ditu gaur alderdiekin, eta ostegunerako eta ostiralerako jarri ditu inbestidura saioak. Alderdien jarrerak kontuan hartuta, izendatzekotan, ostiralean izendatuko lukete Txibite lehendakari, bigarren itzulian.

23 aulki dituzte akordioa egin duten lau alderdiek; izan ere, ezinbesteko dute, gutxienez, EH Bilduren abstentzioa. Barne kontsulta bat egingo du bihar koalizioak, eta asteazkenean jakinaraziko du emaitza. Txibite lehendakari hautatzeko saioan zer egin erabakiko dute: aurkako botoa eman ala abstenitu. Zuzendaritzak abstentzioaren alde egin du, baina gaurko bileran, Unai Hualde parlamentuko presidenteari esan diote ezin dutela oraindik aurreratu beraien posizioa. "Eztabaida bizia" dago koalizioan, Bakartxo Ruiz bozeramailearen esanetan, eta bi posizioak —abstentzioa eta ezezkoa— "zilegi" direla nabarmendu du. Dena den, esan du estrategikoa dela eskuina oposizioan geratzea.

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak ere eman du iritzia, bere blogean. Abstenitzea "erabaki koherente baten" ondorio litzatekeela adierazi du: "Ez dugu erreakzioaren gobernurik erraztuko, ez Nafarroan, ez [Espainiako] estatuan, ez inongo erakundeetan". Lau arrazoi azaldu ditu aukera horren alde egiteko: EH Bilduk "egiten duena esaten du eta esaten duena egin"; ezker independentistak gizarteko baldintzak "aldatu" izana, PSNk Navarra Sumarekin bat ez egiteraino; "erregimenaren bloke gidarian arrakalak" sortzea; eta EH Bilduk ez dituela "bere erantzukizunak" alboratzen.

Ahal Dugu-k ere kontsulta egingo du

Parlamentuko presidentearekin egindako bileren ondoren, Ezkerrak eta Geroa Baik berretsi dute Txibiteren aldeko botoa emango dutela, eta kontsulta egingo duela jakinarazi du Ahal Dugu-k. Hiru aukera emango dituzte: inbestiduran baiezkoa eman eta gobernuan sartu, baiezkoa eman eta gobernutik kanpo geratu, edo abstenitu. Bihar jakinaraziko dute emaitza.

Geroa Baiko Koldo Martinezek azaldu du "gobernu aurrerakoia eta plurala" osatzea espero duela. Haren ustez, sinatutako akordio programatikoak aurreko legealdikotik "asko" du, eta ondorioz, bide horretan "jarraituko du eta sakondu". PSNk, berriz, Hualderi helarazi dio asteon Txibiteren hautagaitza aurkeztuko duela. Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkariaren arabera, "afiliatuetako askok" parte hartu zuten barne kontsultan; ez du argitu zenbatek bozkatu zuten atzo, "barneko datu" bat delako. EH Bilduren menpe egonik, kezkatuta ote dagoen galdetu diote, eta Alzorrizek erantzun du ezetz. Haren arabera, "24 urteren ondoren", lehendakari sozialista bat egongo da "politika sozialei erantzuteko".

Unai Hualde parlamentuko lehendakariak gaur egin du alderdiekin bilera sorta, inbestidura saiora deitzeko. Ordezkaritzarik txikiena duenarekin hasi eta handienera egin dituzte bilkurak; Ezkerrarekin (10.30), Ahal Dugu-rekin (10:45), EH Bildurekin (11:00), Geroa Bairekin (11:15), PSNrekin (11:30) eta Navarra Sumarekin (11:45). Ondoren, gutxienez 72 orduko tartea utzi behar luke Hualdek inbestidura saiora bitartean; ostegunean izan daiteke, beraz. Lehen itzulian, gehiengo osoa behar duenez, ez da aurrera aterako Txibiteren hautagaitza, baina EH Bilduk abstentzioa berretsiko balu, bigarren itzulian hautatuko lukete lehendakari. Gauzak PSNk aurreikusi bezala eginez gero, ostiralean. Horretarako, parlamentuak abuztuan "beharrezko diren egunak" lan egun izendatu ditu gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.