Otegi estatus berriaz: «Ez dira hainbeste hilabete behar akordioa gauzatzeko»

EH Bilduko idazkari nagusiak esan du koalizioak hiru urte daramatzala esaten Sanchezen gobernua zer egoeratan den eta aukera baliatu behar dela. «Beste batzuk bestelako patxadarekin egon dira». PSEk muga zehaztu du: «Alde bakarreko abenturarik ez».

Arnaldo Otegiren hitzaldia, EH Bilduren Konferentzia Politikoan. MAIALEN ANDRES  / FOKU
Arnaldo Otegiren hitzaldia, EH Bilduren Konferentzia Politikoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2025eko irailaren 22a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko osoko bilkuraren ostean, estatus berriaren eztabaida biziberritu egin da alderdien artean, eta, gaur, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik Gernikako Estatutua atzean utziko lukeen akordio berri bati erreparatu dio. «Lanean jarraitzen dugu estatus politikoaren alorrean», esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, eta EAJri zuzendutako mezu bat helarazi du jarraian: «Ez dira hainbeste hilabete behar hemen akordioa gauzatzeko».

Aurreko ostegunean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek alderdien esku utzi zuen autogobernuari buruz ados jartzea. Garai «ilun eta zailak» etor daitezkeela ohartarazi zuen, baina bederatzi hilabeteko epea jarri zuen estatus berriaren inguruko akordio bat blindatzeko.

«Aukera aprobetxatu behar dela esaten dute orain. Nor ari da urteetan hori esaten? Jakina baliatu behar dela», esan du Otegik. Jaurlaritzako lehendakariak datozen garaien inguruan egindako ohartarazpena «baieztapen oso sakona» da, koalizio abertzalearen buruarentzat, eta azkar ibiltzeko eskatu du: «Hori horrela bada, politika arduratu beharko da. Garai ilun horiek saihesteko edo haiei aurre egiteko prestasun osoa dugu. Baina gero, erreplikan, ez genuen jarrera hori ikusi, ostegunean». Otegik erantsi zuen EH Bilduk hiru urte daramatzala esaten baliatu egin behar dela Sanchezen gobernuaren egoera. «Beste batzuk bestelako patxadarekin egon dira».

Frankismoaren oinordekoak

Joan den larunbatean, jeltzaleek sinbolismoz betetako ekitaldi bat eginda ospatu zuten Parisko Marceau etorbideko eraikinaren eskualdatzea. Aitor Esteban EBBko presidenteak esan zuen PP eta Vox «frankismoaren oinordekoak» direla; Espainiako eskuinak kritika garratzak egin dizkio eraikin horren jabetza aldatzeko prozesuari, eta, atzo bertan, ika-mika horrekin jarraitu zuen EAEko PPko buru Javier de Andresek, esan baitzuen etxe hori ez zela inoiz ere izan EAJrena, eta Eusko Jaurlaritzaren testaferroek erosi zutela. 

«PP frankismoaren oinordeko dela esan du EAJk. Bada, horiekin egin zituzten akordioak Gipuzkoan, Durangon eta Gasteizen, gu gobernuetara ez iristeko»

ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia

EH Bilduko buruak gogora ekarri ditu Estebanek PPren aurka esandakoak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gasteizko eta Durangoko udal gobernuak nola eratu diren azpimarratzeko: «Bada, horiekin [PPrekin] egin zituzten akordioak Gipuzkoan, Durangon eta Gasteizen, gu gobernuetara ez iristeko».

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, berriz, Onda Vasca irratian egon da, eta mezu argi bat bidali dio EH Bilduri: «Independentzia aspirazioek ez dute zentzurik orain». PSEko buruak uste du «nazioarteko egoerak» lekuz kanpo utzi dituztela independentziaren aldeko proiektuak. «Nik ez dut ikusten Euskadi Espainiatik kanpo, are gutxiago Europatik kanpo», esan du. Anduezak erantsi du uste duela koalizioan jabetzen direla egoeraz eta «dagokion pedagogia» egin beharko dutela.

(ID_15330450) (Raul Bogajo/@FOKU) 2025-09-18, Gasteiz. Eusko Legebiltzarra
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Autodeterminazio eskubidea ez

Oharrak ematen hasita, Pradalesek aurreko astean estatutu berri bat adosteko premiaz esandakoari erreparatuz, mezua EAJri ere zabaldu dio PSEko idazkari nagusiak, sozialisten mugak azalduta: «Azken 46 urteotan lortu ditugun eskubide sozialen aitortza eta blindatzea, horrek izan behar du akordio berriaren oinarria». Oinarri horretatik abiatuta, autonomia estatu berriak izan behar du, Anduezaren esanetan, «elkarbizitzaren zorua, herri honen pluraltasuna errespetatuz». EAEko sozialisten buruak beto argia jarri dio hortik kanpo ateratzen den guztiari. «Alde bakarreko abenturei atea zabaltzeko den beste edozer gauza sobran egongo da, eta porrotera eramango luke akordio saioa». 

«Alde bakarreko bideak eta estatuarekin hausteak Kataluniak bizi izan zuen jokalekura eramango gintuzke»

ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia

Autodeterminazioa ahotan hartuta, burujabetzaren aurkako ildo gogorrari eutsi dio Anduezak, baina, aldi berean, Gernikako Estatutuak jasotzen ez dituen formula berriak onartzea aztertuko lukeela aditzera emanez, lerro artean. «Espainiako Konstituzioak onartzen dituen eskubide historikoen garapenak legezko markoaren barruan egon beharko du, eta estatuarekin adostu beharko da». Edonola ere, adosten den horrek ez du jasoko autodeterminazio eskubidea edo erabakitzeko eskubidea, PSEko idazkari nagusiak ziurtatu duenez: «Eztabaida hori ez dago kalean orain; alde bakarreko bideak eta estatuarekin hausteak Kataluniak bizi izan zuen jokalekura eramango gintuzke».

Jaurlaritzak hamar agiri igorriko dizkio Madrili, urtea amaitu aurretik «estatutua ixteko»

Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu eta gobernu bozeramaile Maria Ubarretxenak iragarri du Gasteizko gobernuak prest dituela hamar agiri Espainiako Gobernuari igortzeko, helburu batekin: «Urtean amaitu aurretik Gernikako Estatutua ixtea». Urriko bigarren astean jasoko ditu Madrilek agiri horiek, Angel Victor Torres Administrazio Publikoko ministroak, hain zuzen. Horrez gain, Ubarretxenak aurreratu du litekeena dela datorren astean lehen bilerak hastea gobernu bien artean, aireportuen edukia mahai gainean dela. Horren ondoren, Ubarretxenak espero du Torres ministroarekin batzartzea, Espainiako Gobernuak jaso ditzan falta diren transferentzien inguruko agiriak. «Hortik aurrera, pilota Espainiako Gobernuaren teilatuan egongo da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.