Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «material oso delikatua» zeramaten hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an egindako kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Hiru pertsona horietatik bi Ertzaintzaren Irungo polizia etxera (Gipuzkoa) joan ziren aurreko larunbatean, abokatuarekin, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen. Bada, gaur bertan Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute biek: 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat dira, eta bere esku zuten material horrek barne hartzen omen du poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa. Hala, «terrorismo» delitu bat egotzi diete.
EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik auzi horri buruz hitz egin du gaur, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean. Lehenik eta behin, «zuhurtzia» eskatu du zabaltzen ari diren informazio horien inguruan. Indarkeria armatuaren itzuleraren inguruan galdetu diote Otegiri, eta erantzun azkarra eman du: «%0,1eko aukera ere ez» dio eman «hipotesi horri». Dena den, EH Bilduko buruak erantsi du atxiloketa horien inguruko informazio gehiago izan arte, koalizio abertzaleak ez duela balorazio politikorik egingo.
Hala ere, azaroaren 29ko hauteskundeen kanpaina abian dela —ofizialki azaroaren 12an hasiko da—, Otegik helarazi du atxiloketa horiekin lotutako guztia «neurriz gain» balia dezaketela askok. «Espekulazio asko dago», esan du, eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak ez duela auziari buruz hitz egin oraindik.
Aieteko Adierazpenak 15 urte
Halaber, bi albiste kontrajarri nahi izan ditu Otegik. Aieteko Adierazpenak ETAren desegite prozesuari abiapuntua jarri zion 2011ko urriaren 17an, eta gaur dira hamabost urte ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik. Azken egunetan, baina, bi gazteren atxiloketaren albisteak ere eskuratu du hedabide askoren arreta. «ETAk bere hitza bete zuen. Ez dakit iraganeko nortalgikoak ote dauden, baina gu ez gara nostalgikoak. Beste batzuk badira nostalgikoak, eta esaten dute Francorekin hobeto bizitzen zela».
«Euskal herritarrok ezin dugu gure geroa erabaki, eta eskuin muturreko gobernuen menpe bizitzeko arrikua daukagu; hori ez litzateke gertatuko Euskal Herri subirano batean»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Batera edo bestera, EH Bilduko idazkari nagusiak garbi esan du «pozik» dagoela «Euskal Herri hobe bat egiteko ekarpena» egin zuelako: «Aieten erakutsi genuen bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiteko gaudela, eta mundu guztiak aitortzen du herri honen bakearen aldeko ekarpen esanguratsua egin genuela». Era berean, «gatazka politikoak» bere horretan jarraitzen duela erantsi du Otegik. «Euskal herritarrok ezin dugu gure geroa erabaki, eta eskuin muturreko gobernuen menpe bizitzeko arriskua daukagu; hori ez zen gertatuko Euskal Herria subirano batean», gaineratu du.
Ertzaintza eta Auzitegi Nazionala
Irailaren 26an Eskoriantzan egindako kontrol batean atxilotutakoei dagokienez, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta harremanetan jarri zen Espainiako Auzitegi Nazionalarekin, «kontuan hartuta bazitekeela gertakariak terrorismo delitu bat izatea». Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak egin du ikerketa, eta, Segurtasun Sailak zehaztu duenez, hainbat bilera egin dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko agintari judizialekin, baldin eta ekintza judizialen bat egin behar zela erabakitzen bazen, haiei «bide emateko». Ikerketak eta harremanak «aurrerapauso nabarmenak» izan dituzte, prentsa ohar baten bitartez jakinarazi zutenez.
Asteon bertan, EAJko eta PSE-EEko zenbait agintari indarkeriaren inguruan aritu dira, ohartarazita hura itzultzeko asmorik egonez gero, aurrez aurre izango dituztela. Izan era, talde armaturen bat sortzeko ahaleginez hitz egiten hasi dira zenbait hedabidetan, eta horri buruz galdetu zioten atzo Maribel Vaquero EAJk Espainiako kongresuan duen taldearen bozeramaileari: «Ezin dugu baimendu inork pentsa dezan hil zutenak heroiak direnik», erantzun zuen.
Bestalde, Jardunek adierazi du Irungo atxilotuek ez dutela «inolako loturarik koordinakundearekin». Hainbat hedabidek Jardunekin lotu dituzte, izan ere, gaur Auzitegi Nazionalean deklaratuko duten bi atxilotuak. Aske antolakundeak, ordea, Jardunen kontrako «kriminalizazio kanpainatzat» jo du plazaratutakoa. Koordinakunde horren barruan sortutako erakundea da Aske, errepresioaren aurkakoa eta amnistiaren aldekoa, eta irmo salatu ditu «Jardun seinalatzeko eta haren aurkako kriminalizazio kanpaina martxan jartzeko» baliatu dituztela atxiloketak.
EAJren adierazpena
ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri zuenetik 15 urte bete diren honetan, EAJk «indarkeriarik gabeko Euskadi» aldarrikatu du adierazpen batean, eta «bakea babesteko bidean atzerapausorik ez ematera» deitu du gizartea. «ETAren jarduera terroristaren 60 urteek euskal gizartean arrasto sakona utzi dutela jakinik, EAJk herritarrei eskerrak eman nahi dizkie askatasunean eta bizikidetza nagusi den herri baterantz elkarrekin joateko erakutsi duen ausardiagatik, duintasunagatik eta heldutasunagatik, gaur egun dugun Euskadi eraikiz».
Jeltzaleak ibilbide horren «lekuko» izan direla gehitu du alderdiak: «ETAren sorreraren urtean (1958) Agirre Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren buru zen, eta 2018ko maiatzaren 3an Urkullu zen Lehendakaria Ajuria Enean; hamarkadetako alferrikako sufrimenduaren ondoren, ETAk bere desegitea iragarri zuen egun horretan».
Aurreko larunbatean, terrorismo delitu bat egotzita atxilotu zituzten gazteen auzia ere izan du mintzagai EAJk bere adierazpenean. Jeltzaleek «kezkaz» ikusten dute gerttu dena. «Bakeak, askatasunak eta elkarbizitzak kostu handiegia izan dute; ezin dugu itxialdi faltsurik onartu. Terrorismoaren bidegabekeria aitortzeari eta indarkeria gaitzesteari buruzko memoria partekatua, biktima guztien erreparazio eta oroitzapenekin batera, funtsezkoa da berme nahikorik izateko halakoak etorkizunean berriro errepikatu ez daitezen. Gure Herria ezin dugu ahanzturaren gainean eraiki».