Otegi Puigdemontekin batzartu da, bi alderdien arteko elkarlana indartzeko asmoz

Waterloon elkartu dira EH Bilduko eta JxCko buruzagiak, koalizio subiranistak alderdi ezkertiar eta subiranistekin hasitako bilera sortaren barruan. Espainiako Estatuaren «izaera plurinazionalean» indar egin dute.

Elejabarrieta, Puigdemont eta Otegi, Waterloon. EH BILDU
Elejabarrieta, Puigdemont eta Otegi, Waterloon. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 30a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bildu Euskal Herrian jasotzen ari da Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako alderdi ezkertiar eta subiranistetako ordezkariak. Gaurkoan, baina, salbuespen bat egin du, egoerak hala eskatuta. Arnaldo Otegi idazkari nagusia buru, koalizio subiranistaren ordezkaritza bat Waterloon (Belgika) izan da, Junts per Catalunyako presidente Carles Puigdemontekin. Bi aldeek orain arteko elkarlanari eusteko asmoa azaldu dute, Euskal Herriaren eta Kataluniaren «eskubide politiko, kultural eta linguistikoak» aitortu eta bermatu daitezen.

EH Bilduk adierazi duenez, «giro adeitsu, eraikitzaile eta errespetuzkoan» elkartu dira Otegi eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoen idazkaria Kataluniako Generalitateko presidente ohiarekin, Errepublikaren Etxean. Hartan, egoera politikoaren inguruko azterketa egin dute, eta Euskal Herriak eta Kataluniak «nazioarteko jokaleku aldakor, konplexu eta ziurgabean» dituzten erronkez aritu dira.

Oharrean azaldu dutenez, bi aldeek kezka adierazi dute «eskuin autoritario eta atzerakoia» Espainiako Estatuan izaten ari den gorakadagatik. Iritzi diote horrek ondorio kaltegarriak izan ditzakeela Euskal Herriko eta Kataluniako eskubide sozial eta nazionaletan.

Hala, egoera horri aurre egiteko estatuaren «izaera plurinazionalaren aitortzan» sakontzeko beharra azaldu dute: «Estatuaren demokratizaziorako pauso sendoak eman behar dira», nabarmendu dute, eta gehitu «funtsezkoa» dela Euskal Herriaren eta Kataluniaren nazio aitortza.

Iaz ere egin zuen antzeko bilera sorta bat EH Bilduk. Aurtegoan, BNGrekin elkartu zen lehenengo, eta jada bildu da, besteak beste, ERCrekin eta Sumarrekin ere. Atzo bertan, CUPeko kideekin izan ziren, eta kasu hartan gaurkoan baino zehatzagoa eta zabalagoa izan zen bi aldeek adostutako oharra. EH Bilduren eta CUPen arteko elkarlana «beren herrien askapen nazionaleko prozesuak aurrera eramateko» eta «eskubide sozial eta politikoak bermatzeko» neurri gisa azaldu zuten, baita indar atzerakoiei erantzuteko ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA