Otsoa ehizatzeko baimena eman dezala eskatu dio ENBAk Eusko Jaurlaritzari

Sindikatuak nabarmendu du bi hilabete igaro direla Espainiako Kongresuak otsoa babes bereziko espezieen zerrendatik kendu zuenetik.

Otso bat, Espainiako Zamora probintziako mendi inguru batean.
Otso bat, Espainiako Zamora probintziako mendi inguru batean. MARIAM A. MONTESINOS/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 4a
11:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsoen ehizari bide emateko eskatu du ENBA Euskal Nekazarien Batasunak. Gogorarazi du bi hilabete baino gehiago igaro direla Espainiako Kongresuak otsoa Lespre zerrendatik —babes bereziko basa espezieen zerrendatik— atera zuenetik, eta kezkagarria iruditzen zaio ordutik Jaurlaritzak pausorik ez eman izana otsoen ehiza baimentzeko. «Eskatzen diogu erreakzionatu dezala eta aktiba ditzala behingoz otsoen erauzketak Euskadin».

ENBAk nabarmendu du otsoa «ganaduari eraso egiten» ari zaiola Bizkaiko eta Arabako zenbait eremutan, eta «Kantaurialdeko autonomia erkidego batzuek» egin dituztela lehen urratsak otso aleak hiltzeko. Sindikatuaren esanetan, gobernuaren jarrerak «kezka handia» sortu du abeltzainen artean, «pasotismo horrek kalte handia egiten baitio gure abeltzaintza estentsiboari».

Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburuak begi onez ikusi zuen Espainiako Kongresuak otsoa Lespre zerrendatik atera izana, baina ohartarazi zuen neurri hori hartzeak ez duela esan nahi «inolako justifikaziorik gabe» ehizatu ahal izango denik uxaldietan, harrapaketetan eta itxaronaldietan: «Izan ere, otsoak babestuta jarraituko du, apalago edo beste maila batean bada ere».

Ehiza, «justifikatuta»

Barredok adierazi zuen otsoa babestuta egongo zela aurrerantzean ere, baina «bizikidetzari hobeto egokitzen zaion» kategoria batean, eta, horren bidez, «kontrol neurriak» hartu ahal izango direla abeltzaintzan kalterik egin ez dezan. Azaldu zuen otsoa hiltzeak «justifikatuta» egon beharko duela. Besteak beste, txosten bat beharko da erakusteko bestelako prebentzio neurriak ez direla aski izan otsoak kalterik ez egiteko. Gaur-gaurkoz, otsoa interes bereziko espezie gisa sailkatuta dauka Jaurlaritzak Espezie Mehatxatuen Katalogoan.

Hainbat talde ekologistak gogor kritikatu dute otsoaren babesa apaltzeko erabakia, eta biodibertsitatearen kontrako neurritzat jo dute. Euskadiko Otso Taldearen iritziz, biodibertsitatea defendatuz gero «argi eta garbi egon beharra dago gure ekosistemetan funtsezkoa den espezie hori hiltzearen aurka», eta gaitzetsi egin du «biodibertsitatea nahieran» egokitu nahi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.