Denbora, egon, badago. Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak baieztatu du aurrerapausoak ematen ari direla estatus berriaren inguruan, nahiz eta, gaur-gaurkoz, ez dagoen haren gaineko zehaztasunik. «Negoziazio prozesua garatzen ari gara, maiz biltzen gara, eta aprobetxatu egin behar dugu daukagun denbora. Ez dakigu aurrerapen elektoralik egongo den, baina prozesua bururaino eramatea dagokigu orain», erran du bozeramaileak, gaur, ETB1en. Alabaina, kontu bat dauka argi: Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ez dela nahikoa egiten ari. «Deigarria egiten zait lehendakariak estatusarekiko duen jarrera pasiboa».
Izan ere, ekainean zen biltzekoa Pradales hiru alderdiekin, baina orain uztailera gibelatu du bilkura errronda; are, eginen ote duten ere zalantzan jarri du. Eta horrek amorrarazi egin du Otxandiano: «Kontziente baldin bagara hiru herrialdeek beste estatus politiko bat behar dutela erronka berriei aurre egiteko, uste dut lehendakariak zentralitate handiagoa eman beharko liokeela eztabaida honi, eta rol aktiboagoa hartu».
Presazko eta lehentasunezko bertze hainbat gaiz ere jardun da Otxandiano; etxebizitzaren arazoaz eta Euskal Enplegu Publikoaren Legeaz, adibidez. Koalizio subiranistaren ustez, jeltzaleek ez dute «ezer» egin etxebizitzaren arazoaren aitzinean, eta ariketa bat egin dezaten proposatu die bozeramaileak: «Arazo potolo baten aurrean gaudela onartu». Hain zuzen ere, geroz eta jende gehiago dago merkatu pribatuan alokairu bat ordaindu ezin duena, edo hipoteka baten kuotari aurre egin ezin diona. Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan ere geroz eta izen emate gehiago daude, Otxandianoren erranetan. Orain arteko etxebizitza politikak huts egin duela iritzita, norabidez aldatzea da EH Bilduren proposamena.
Alta, EAJk ez du proposamen hori begi onez jo, eta «180 graduko ziaboga bat» ematea aurpegiratu dio EH Bilduri, esplikatu ondotik orain 30.000 etxe eraiki nahi dituztela, orain arte «lehentasunetan azkena» izanik eraikitzen hastea. Bada, erantzun egin dio Otxandianok, eta azaldu du kontua ez dela eskaintzaren eta eskariaren arteko arazoa soilik, eta arazoa ez dela konponduko eraikuntza sustatzearekin bakarrik. Alegia, etxebizitza «ondasun espekulatibo bat» bihurtu dela, eta hain justu horrexek igotzen dituela prezioak. «Eskaintza falta existitzen da, noski, baina ez da hori arazoaren muina. Eta hori da aldarrikatzen duguna, hau ez dela konponduko eraikiz soilik, baizik eta joko arauak aldatuta. Sektore inmobiliarioa desmerkantilizatu egin behar da, eta hor jarri dugu guk arreta». Etxebizitza parke publiko bat sortu nahi du koalizioak, lurzoru estrategia politiko bat izanen duena eta udalak eragile estrategiko bihurtuko dituena lurraldea antolatzeko. «Nik ez dut ezagutzen alkaterik, edozein alderdietakorik, ez dagoena interesatuta bere udalerrian etxebizitza publikoak eraiki daitezen. Beraz, Eusko Jaurlaritzak dagokion ardura hartu behar du». Jarrera baikorra izan dezan eskatu dio gobernuari; proposamena hartu, aztertu, eta eztabaidatu dezaten.
Euskararen korapiloa
Bertzalde, Euskal Enplegu Publikoaren Legeari dagokionez, «diskrezioa» eskatu du, eta positiboki baloratu du azkenean EAJrekin negoziazio bat abiatu izana. Argi du «erantzunak eta irtenbideak» eman behar dituztela, baina pausoz pauso eta «kontu guztiak zainduta» egin nahi dute aitzinera. Arazoari, baina, ikusten dio alde onik, auzitegiek administrazio elebiduna auzitan jarri duten arren, «gehien-gehienek» ez baitute zalantzan jarri administrazioak elebidun izaten akabatuko duela. «Ez zait iruditzen hain zaila denik korapilo hau askatzea. EAJk proposamen bat dauka, eta guk beste bat, orain adostasun batera iritsi behar dugu». Hau da, eztabaida sortu litekeela prozesuaren erritmoaren, intentsitatearen edo moduen inguruan, baina ez azken helburuaren inguruan.
Bide batez, jeltzaleen proposamenaren gainean abstentziora jotzeko eskatu izana kritikatu du Otxandianok, eta salatu du hori ez dela «negoziatzeko modu bat». Are, haiek ere ez luketela halakorik onartuko bueltan. «Hemen bi proposamen daude, zilegiak biak, eta biak hartu behar dira aintzat. Negoziazio batean bi aldeak egon behar dira prest elkargune batera hurbiltzeko». Eta horra iritsi nahian ari dira, antza.
Aparteko lehentasunik gabeko gai batzuez ere aritu da solasean; Munduko Futbol Txapelketaz, kasurako. Azken egunetako ika-miken harira ahoan bilorik gabe solastatu da EH Bilduko bozeramailea: «Iruditzen zait gobernuko bazkideen arteko polemika bat gehiago dela, beste askotan bezala publiko egin dutena hala behar ez zenean». Izan ere, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak onartu zuen oraindik ez duela gaiaz Aitor Esteban EAJko presidentearekin hitz egin, eta Otxandianok uste du «maila pribatuan» hitz egiteko kontuak direla. «Horrek gauza bat uzten du argi», gaineratu du: «PSE-EEren eta EAJren harremana ez dela oso ona, eta eztabaidak modu ozpinduan ematen dituztela, Espainian egiten duten bezala».
2030ean Munduko Futbol Txapelketako egoitza izatearekin dagoen arazoa «ekitaldi handien atzean dagoen arazo bera» dela uste du Otxandianok: inpaktu ekonomikoa. «Azken urteetan ekitaldi handien aldeko apustua egin da, eta interesgarriak dira batzuk, baina batzuetan soilik inpaktu ekonomikoari begiratzen zaio. Nekatzen hasiak dira batzuk, eta akaso alderdi politikoak ere horregatik ari dira orain hori dena zalantzan jartzen».