Jose Luis Rodriguez Zapateroren kontrako autoak izango dituen ondorio politikoez kezkatuta azaldu da gaur Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. «Lehendik ere giro gaiztoa zegoen, eta orain muturrera hel daiteke, inoiz ez bezala», azaldu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Horregatik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari galdegin dio ez dadin despista eta Jaurlaritzarekin dituen konpromisoei hel diezaien.
Elkarrizketan, azpimarratu du Gernikako Estatutua osorik betetzeko «hamar maila» falta direla. Beraz, Espainiako giro politikoak izan dezakeen eragina gogoan, arreta ez galtzeko eskatu dio Sanchezi. «Aste garrantzitsuak izango dira hurrengoak. Sanchezek eta biok konpromisoa hartu genuen uda aurretik biltzeko eta estatutuko gai berriak ixteko. Horretan gabiltza».
Printzipioz, Madrilek konpromisoa zuen 2025a amaitzerako eskumen guztiak Jaurlaritzaren esku uzteko, baina Pradalesek onartu du Gizarte Segurantzaren inguruko elkarrizketak berriki hasi dituztela: «Lehen bilerak izan dira, baina lehen bilera horiek beti doaz ondo. Orain azkartu egin behar ditugu». Negoziazioetan heldu egin behar diete pentsio kontributiboei, erregimen ekonomikoari, Fogasa soldatak bermatzeko funtsari eta mutualitateei. Pradalesen hitzetan, «gai konplexuak» dira, eta negoziazioa «gogorra» izango da. Dena den, hartutako konpromisoari eusteko eskatu dio Sanchezi: «Itun bat bilatzera behartzen gaituen agindu bat dugu».
«Aste garrantzitsuak izango dira hurrengoak. Sanchezek eta biok konpromisoa hartu genuen uda aurretik biltzeko eta estatutuko gai berriak ixteko. Horretan gabiltza»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Transferentzien inguruko beste auzia Bilboko eta Pasaiako portuen ingurukoa da. Pradalesek onartu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Pasaiakoari buruzko proposamen jakin bat helarazi diola elkarrizketei begira. Bere esanetan, baina, Jaurlaritzak bi portuen autonomia berreskuratu nahi du, eta horiei begirako proposamena helaraziko dio Madrili. «Gaur egun portuetan hartzen ditugun erabakiak Estatuko Portu Agintaritzak baldintzatzen ditu, eta lehiakortasuna eta malgutasuna galtzen ditugu». Akordio baten bidez kudeaketan jauzia ematea espero du.
Legealdiaren erdira ailegatu da haren agintaldia, eta lehendakariak nabarmendu du gobernu programaren %80 aktibatu dela. Haren esanetan, «giro ona» dago jeltzaleen eta sozialisten artean. Dena den, aitortu du ez zitzaiola gustatu PSE-EEk Aitor Esteban igerileku batera jauzi egiten ageri zen irudia zabaldu izana. «Politikan moduak eta pertsonak errespetatu behar dira. Hasieratik, nire gain hartu dut eredugarri izateko konpromisoa. Kode horren arabera, ihes egin behar diegu gezurrezko polemikei». Argi utzi du horrek ez duela auzitan jarriko koalizio gobernua.
Hain justu, Estebanek estatus berriaren harira egindako adierazpenek eragin zuten polemika. Irailean, Pradalesek iragarri zuen asmoa zuela ekainean taldeekin biltzeko. Horri buruz galdetuta, lehendakariak erantzun du alderdiak «diskrezioz» ari direla lanean. Espero du «saninazioetarako», uztailaren 31rako, pausoak ematea. «Denbora horiek errespetatu egin behar dira».
Konponbide baten bila
Sozialisten eta jeltzaleen beste desadostasunetako bat administrazio publikoaren euskalduntzeari buruzkoa da. Enplegu publikoaren legearen eztabaidan, EAJk eta EH Bilduk proposamen bana egin dute. Pradalesen esanetan, «saiatu» dira PSE-EErekin ados jartzen, eta orain EH Bildurekin ari dira negoziatzen. «Ez dakit ados jarriko ote garen», aipatu du. Azkenaldian auzitegietako zenbait epaik zalantzan jarri dituzte euskal erakundeen lan eskaintza publikoak eta administrazioko egonkortze prozesuak. Lehendakariaren ustez, ongi aztertu behar da epai horien mehatxua, eta «beste estatus bat» eman behar zaio enplegu publikoaren egungo legeari, «segurtasun juridikoa bermatzeko eta konponbide bat topatzeko».
Dena den, Pradalesen hitzetan, euskarari buruzko auzia administraziotik harago doa, eta modu orokor batean heldu behar zaio —kaleko erabilera, hezkuntza, sare sozialak eta komunikabideak, migrazioaren eragina...—. «Adostasunak zabaldu behar ditugu. Zubi gehiago eta harresi gutxiago».
Azken asteetan egin legez, gogor kritikatu du Monica Garcia Espainiako Osasun ministroa. «Medikuen greba gure eragin ahalmenetik kanpo dago, ezin baitugu ezer egin medikuen estatutu esparruaz». Bere irudiko, Garciak «ardura politikoa» du ez delako eseri negoziazio mahaian: «Ministro batek konpondu egin behar ditu berak sortutako arazoak, eta hori egiteko gai ez bada, eman diezagula eskumena hori egiteko».
EH Bilduk etxebizitzaren inguruan egindako proposamenaz galdetuta, Pradalesek azaldu du «180 graduko ziaboga» egin duela eta «ongietorria» dela. Dena den, koalizioak EAJri egindako kritikak gaitzetsi ditu: «Eztabaida eraikitzailea egin nahi badute, ongi, baina ezin dute esan jeltzaleok ezin dugula arazo hori konpondu eta ez dugula nahi». Gaineratu duenez, «etenik gabe» egin ditu EAJk ekinaldiak: «EH Bilduk ehun udaletan baino gehiagotan gobernatzen du, eta Jaurlaritzak eta udalek ardura handia dute babes ofizialeko etxebizitzak bultzatzeko. Zer egin dute orain arte?».