EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok uste du Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra «birformulatu» egin beharko litzatekeela, «EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak erakundeen arteko harremanak indartu ditzaketela esateko, betiere parez pareko baldintzetan».
UPNk Espainiako Konstituzioa aldatzeko eskatu zuen atzo, «Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzeko aukera eragozteko». Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrean dago jasoa aukera hori, eta hura moldatzeko eskaera egin zuen Espainiako Kongresuan. Bada, Otxandianok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean erantzun dio eskaera horri, gaur. «Orduan, laugarren xedapen iragankorrak balio zuen UPNk nagusitasuna zuenean Nafarroan, eta nagusitasun hori ez duenean, jada ez du balio?», galdetu du. «UPNren foralismoak apur bat arraroa dirudi». Eta erantsi du laugarren xedapen iragankorra «birformulatu» egin beharko litzatekeela, Hego Euskal Herriko lurraldeek «harremanak indartzeko».
Eta zehaztasunetara jo du esan nahi duena azaltzeko. «Kontua ez da Nafarroako Foru Erkidegoa kanpoko proiektu batean txertatzea; kontua da kolaborazioak indartzea edo harreman instituzionalak ezartzea, betiere parez pareko baldintzetan. Uste dut hor ados egon gaitezkeela». Otxandianok erantsi du helburuak izan behar duela «Nafarroako gizartearen borondate demokratikoari erantzutea». Inkestek diotena gogoratu du: «Gizarte horrek oso argi adierazten du, gehiengo osoz, EAErekin harremanak indartu nahi dituela». Sinetsita dago kolaborazio horrek «denen onura» ekarriko lukeela.
«Nafarroako gizarteak oso argi adierazten du, gehiengo osoz, EAErekin harremanak indartu nahi dituela»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean
Nafarroari dagokion eskaera hori estatus berriaren inguruko negoziazioetan hizketagai ote den galdetuta, EH Bilduko eledunak erantzun du «bi alde» daudela EAJ, EH Bildu eta Alderdi Sozialista negoziatzen ari diren edukietan. «Alde bat EAEn gertatzen ari da, eta Nafarroan bestea, abiadura desberdinetan. Baina ez da kasualitatea euskal lurraldeak Espainiako Estatuaren barruan foru lurraldeak izatea. Eskubide historiko berak ditugu, idiosinkrasia bera, izaera, ezaugarri sozioekonomikoak eta abar».
Hori dela eta, Otxandianok esan du «merezi» duela Hegoaldeko «lurralde historikoen arteko kolaborazioa indartzeko aukera aztertzea». Eta garbi esan du hori badela estatus berriaren inguruko negoziazioaren eduki bat: «Begien bistakoa da: estatus politikoaren eztabaidan dago hori».
Hauteskundeen zain
Jakina da alderdi abertzaleek Espainiako Gorteetan indarrean dagoen legealdia baliatu nahi dutela, datozen aste edo hilabeteetan estatus politikoaren inguruko akordiorik balego hark aurrera egiteko aukera handiagoa izan dezan, egungo Kongresuaren osaerarekin. Baina gero eta gehiago hitz egiten ari da Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek bozetarako deia egiteko aukeraz. Halere, Otxandianok ez du uste horri begira egon behar direnik.
«Pedro Sanchezek erabakiko du noiz egin nahi duen deialdi hori, eta baliteke 2026aren amaieran edo 2027an izatea. Ez du merezi aurreikuspen lanetan jardutea». Hausnarketa horri loturik, EAJko presidente Aitor Estebanen aurkako kritika egin du EH Bilduko eledunak, jeltzaleen burua estatus berriaren negoziazioei epemugak jartzen ibili ondoren. «Aste batean ziurtatzen du ura dagoela igerilekuan, eta hurrengoan, kontrakoa. Espektatiba horiekin jolasean aritzeak ez du laguntzen».
Bide berean sakonduz, Esteban «antsietate apur batekin» ikusten du Otxandianok, estatusaren negoziazioaren gaiari dagokionez. «EAJko presidente gisa agintaldia hasi zuen esanez ez zuela ikusten aukerarik estatus politikoa adosteko; gero, epemuga iazko urtearen amaierarako jarri zuen, zentzu handirik gabe; ondoren, esan zuen ura ikusten duela; gero, ezetz. Uste dut horrek ez duela laguntzen oso garrantzitsua den eduki bat jorratzeko baldintza eta giro egokia sortzen».
EAJk zuzenketa bat aurkeztu du Kongresuan, Konstituzioak «erabakitzeko eskubidea» jaso dezan
EAJk berriro ere adierazi du Espainiako Konstituzioa eguneratzearen alde dagoela. Espainiako Kongresuan, Balearretako Parlamentuaren erreforma proposamen bat baliatuta,11 zuzenketa aurkeztu ditu. Horiek horrela, zuzenketek erabakitzeko eskubideari, indar armatuen eginkizunei, erregearen bortxaezintasunari, eskubide historikoen berme instituzionalei, Auzitegi Konstituzionalari eta 155. artikuluari eragiten die. Erabakitzeko eskubideari dagokionez, Espainiako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea proposatu dute, eta xedapen gehigarri berri bat sartzea. Hala, erabakitzeko eskubidea «Euskal Herriaren eskubide historikoekin» lotuko luke testuak, «bere autogobernuaren adierazpen instituzional gisa», eta zehaztuko luke Espainiako Estatuarekin «itunduta» gauzatu beharko litzatekeela. Erabakitzeko gaitasunari lotuta, berriz, Auzitegi Konstituzionalean «Foru Sala» bat sortzea defendatu dute jeltzaleek, baita Arbitraje Batzorde sortzea ere, euskal erakundeen eta estatuaren arteko talkei aurre egiteko.