UPNk Espainiako Konstituzioa aldatzeko eskatu du, Nafarroa eta EAE batzeko aukera eragozteko

Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrean dago jasoa aukera hori, eta hura moldatzeko eskaera egin du Espainiako Kongresuan. UPNk sorreratik egin duen aldarrikapena berpiztu du Ibarrolak.

Cristina Ibarrola, otsailaren 13ko UPNren Kontseilu Politikoan, Gorraitzen (Eguesibar).
Cristina Ibarrola, otsailaren 13ko UPNren Kontseilu Politikoan, Gorraitzen (Eguesibar). VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko martxoaren 10a
14:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren betiko mamua berpiztu du UPNk. Izen itsusia du, baina alderdian izu-ikara eragiten du. Izan ere, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrak jasoa du Nafarroak eta EAEk bat egiteko aukera, betiere hala erabakiko balute Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak lehenik eta herritarrek erreferendum bidez gero. Xedapen haren onarpenak sumina piztu zuen UCDko ordezkari nafarren artean 1978 amaieran, eta hilabete geroago sortu zen UPN Union del Pueblo Navarro.

Noizean noiz laugarren xedapen iragankorra kendu egin behar dela eskatzen du alderdiak, eta martxan den legealdia ez da salbuespena. Balearretako Parlamentuak Espainiako Konstituzioa berritzeko eskaera ofiziala egin du, eta aukera baliatu du UPNk, zuzenketa baten bidez aukera hori behin betiko ixten saiatzeko.

Gaur goizean, Cristina Ibarrola UPNko presidenteak salatu du laugarren xedapenak EAEk eta Nafarroak bat egiteko atea «irekirik» uzten duela. Haren hitzetan, «nafarren gehiengo zabal batek nahi du Nafarroa erkidego bereizi bat izatea nazio espainiarraren barruan, eta ez ustezko euskal nazio baten barruan». Haren esanetan, Euskal Herria «ez da inoiz existitu ez juridikoki, ez politikoki, ez instituzionalki, ezta sozialki ere».

Ibarrolak adierazi du ez duela inor ustekabean harrapatuko UPNren eskaera horrek. «Uste dugu mezu argi bat bidali behar dugula orain, noiz-eta euskal independentismoa lurraldeko bigarren indarra izan daitekeen honetan». Haren irudiko, EH Bildu ez da foruzalea, eta herritarrak engainatzen ari da «foruak subiranotasunarekin edo independentismoarekin nahastuz». Hala, Nafarroa eta EAE batzearen kontra egin du, baita Euskal Errepublikaren kontra ere.

Subiranotasunari eta autogobernuari begira, foruen esanahi politikoari buruzko eztabaida XIX. mendetik dator, baina UPNk interpretazio bakarra egiten du: «Euren burua foruzaletzat duten alderdiei eskatzen diegu Espainiaren barruko Nafarroa foralaren alde egin dezatela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA