EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok ohartarazi du balitekeela luze gabe «garai ilunak» izatea Euskal Herrian, eta horren eragileak zein izan daitezkeen ere zehaztu du Naiz irratian egindako elkarrizketa batean: «PP eta Vox». Horregatik, koalizio abertzaleko eledunak uste du alderdi abertzaleek «herri gisa» jokatu behar dutela, eta «gutxieneko akordioak egin, gure identitatea eta gure autogobernua defendatzeko». Argi eta garbi EAJri ari zitzaiola, Otxandianok nabarmendu du «elkar ulertzea ezinbestekoa» dela «herri honek etorkizuna eraiki dezan».
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Carlton hotelean egingo du gaur gobernu kontseilua, 1937an, Bizkaiko hiriburua bonbardatzen ari ziren garaian, Eusko Jaurlaritzak egoitzatzat zeukan lekuan, alegia. Bilbo erori eta gero, frankistek berehala kendu zuten handik Lendakaritza zioen kartela, baita ikurrina ere. Otxandianok argi dauka «elkar ulertzearen» aldeko mezua hedatu behar dutela gaur: «Hori da gaur Agirre lehendakaria gogoratzeko zentzua duen mezua».
Ikusi gehiago
EH Bilduko eleduna, ordea, kezkaturik dago EAJren EBBko presidente Aitor Esteban entzun duelako esaten nahiko lukeela PPk eta PSOEk elkar ulertzea. «Nolabait, Felipe Gonzalezen eta Aznarren parametroetan kokatzen ari da Esteban», esan du Otxandianok. «Uste du mehatxua ez dela PP, Vox baizik. Baina Ayusoren PP da hau. Badakigu zein den PP honek gure herriaren inguruan duen ikuspegia. Eta PPk, Espainian gobernatzen badu, Voxen eskutik gobernatuko du. Hori aukera erreal bat da».
PPren rola bozetan
Hausnarketa horri jarraikiz, koalizio abertzaleko bozeramaileak argi esan du «EAJ oso mezu kontraesankorrak» ematen ari dela, eta hori «deigarria» ez ezik «kezkatzekoa» ere badela. «Halako garai batean oso garbi izan behar du batek non dagoen, herri honi zer eskaintzen ari zaion eta zer esaten».
Hori horrela, gogoratu duenez, EH Bilduk Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari esan dio koalizioak «eskua luzatuta» duela. Ezker subiranistentzat, «PP eta Vox mehatxu» baitira. «Gero ez du balio PPrekin gauzak adostea. Zeren eta hurrengo udal eta foru hauteskundeetan, zer gertatuko da Gipuzkoan? Zer Araban? Zer Gasteizen?», galdetu du. EAJk eta PSE-EEk aspaldian dute itun estrategiko bat erakundeetako gobernuei eusteko, baina 2023ko udal eta foru bozetan PP ezinbestekoa bihurtu zen jeltzaleek eta sozialistek zenbait foru eta udal gobernu bereganatzeko.
«Berriro egingo dituzte gobernuak PPren eskutik? Esteban aditzera ematen ari da PPrekin bide bat urratu behar dela. Lehendakariaren mezua beste bat da, ordea. EAJk argitu egin behar du bere mezua»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean
«Berriro egingo dituzte gobernuak PPren eskutik?», galdetu du Otxandianok. «Badirudi Esteban aditzera ematen ari dela PPrekin bide bat urratu behar dela. Lehendakaria beste mezu bat da ematen ari da, ordea. EAJk argitu egin behar du bere mezua, eta argi adierazi euskal gizarteari».
Agirreren estrategia
Faxismoaren aurka egiteko estrategiak ahotan hartuta, Agirre lehendakariari erreparatu dio EH Bilduko eledunak. 1936an zer egin zuen gogoratu du. «Kontzentrazio gobernu bat egin zuen herri honentzat. Hau da, hemen gauden tradizio politiko ezberdinok bat egin behar dugu garrantzitsuena den hori babesteko eta defendatzeko».
Dena den, onartu du 1936ko egoera ez dela gaur egungoa. Hala ere, eskuin muturraren gorakadari lotuta, ezkerreko koalizioek uste dute balitekeela «garai ilunak» etortzea, ilunak «zentzu askotan». Gainera, arriskua dago «mehatxu erreal» hori «hilabete gutxi barru» iristea, Otxandianoren hitzei jarraikiz. «Hori horrela baldin bada, tokatzen da Agirre lehendakariaren izpiritua praktika politikora eramatea, eta Eusko Legebiltzarrean dauden gehiengo politikoak baliatzea». Hala, Pradales lehendakariari eskatu dio bere «kapital politikoa arriskatzeko» helburu hori lor dadin.