PSE-EEk «ia ezinezko» ikusten du EAJrekin hizkuntza eskakizunaren akordioa sinatzea

Bertze proposamen bat egiteko eskatu die Anduezak jeltzaleei, eta aurpegiratu die «oker handia» egin zutela PSE-EErekin zeuzkaten «adostasunetatik» aldenduta. Salatu du EH Bilduren eta EAJren eskakizunek «euskal gizartearen kontra» egiten dutela.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 21a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi proposamen daude Eusko Legebiltzarraren mahai gainean, tramiterako bidean: EH Bildurena, eta EAJrena. Izan ere, EAEko Enplegu Publikoaren Legearen gainean erreforma proposamenak egiten ari dira EH Bildu eta EAJ, baina bakar batek ere ez du aitzinera egiten, ez baitute adostasun nahikorik lortzen. Egoera bertzelakoa izanen litzateke PSE-EEk bietako bat babestuko balu, baina proposamen horien aitzinean kontrakotasuna berretsi du gaur Eneko Andueza sozialisten idazkari nagusiak, Bilbon egindako agerraldi batean. Jeltzaleei mintzatu zaie nagusiki: «EAJren proposamen honekin ez dugu akordio posiblerik ikusten. Ezinezkoa da. Hitz egiteko prest gaude, baina adostasun bat nahi badugu, beste baldintza batzuetan izan beharko du». Zeharka bertzerik ez du aipatu koalizio subiranista, harekin negoziatzeko atea «hasiera-hasieratik» egon baita itxita.

Zehazkiago, PSE-EEko buruak erran du EAJren proposamenak «urratu» egiten dituela euskal herritarren lan eskubideak, eta haien proposamenak ez duela balio «arazoak konpontzeko». Euskararen normalizazioaren alde dagoela azaldu du gero, eta beti «babestuko» duela haren ezagutza eta erabilera. Edonola ere, berehala apaldu ditu lehen erranak: «Administrazio publikoan euskararen erabilera bultzatu behar da, baina horrek ezin du gainerako eskubiderik ukatu. Euskara eskakizuna ezin da beste eskubideen gainetik egon».

Hortaz, «oso zail, ia ezinezko» ikusten du EAJrekin akordio bat ixtea, eta aurpegiratu dio «oker handia» izan zela jeltzaleak «adostasunetatik» aldendu izana. Izan ere, bi aldeek ez dute iritzi bera azken hilabeteetan administrazioan ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra onartu diren ebazpen judizialen aurrean. Horiek errespetatzearen alde azaldu dira sozialistak. EAJk, berriz, uste du aldaketak behar direla horren aurrean. 

«Irteerarik gabeko kale batean sartu zen EAJ, eta orain ez daki nola atera», erran du Anduezak, eta gaineratu du ez dagokiela sozialistei jeltzaleak «laguntzea». «Gu ez gara izango mahaitik altxatuko direnak, guk hemen jarraitzen dugu, baina beste proposamen bat egin beharko digute gure adostasuna lortu nahi badute. Oraingo moldeetan ez dago onar dezakegun ezer». Bide batez, esplikatu du «argi eta garbi» utzi nahi duela zein den PSE-EEren iritzia, ez dezaten adostasun baten itxura eman «gero egongo ez bada».

Errealitatearen «bizkar»

Euskararen ezagutza hasieratik egiaztatzeko betebeharra izan dezatela langile publiko berri guztiek; hori da EH Bilduk egindako proposamenaren muina. Jeltzaleek nahi dute egungo sistemaren oinarrietako bat ezabatzea: hots, derrigortasun indizerik gabeko eredu bat. Sozialistak, baina, ez daude konforme horrekin, eta Anduezak salatu du lege aldaketa horrek ez duela berme juridikorik, eta ez duela «epairik saihestuko». «Hizkuntza eskakizunak handitu nahi dituzte, eta gauza bakarra lortuko dute horrela: herri honen errealitate linguistikoari bizkarra ematea».

EH Bilduk ere bidali zien proposamen bat jeltzaleei eta sozialistei, baina ezezkoa berretsi du gaur Anduezak: «Haiekin ez da posible. Hori baztertuta dago». Eta ez hori bakarrik: adierazi du «euskal gizartearen kontra egitea» izanen litzatekeela EAJk eta EH Bilduk akordio bat egitea —75 eserlekutik 54 dituzte legebiltzarrean—, eta «etengabe» ariko liratekeela lan eskubideak «urratzen».

Koalizio subiranistaren proposamenean «erreferentziazko indize bat» sortu dute, eta horrexek zehaztuko luke administrazio bakoitzak zenbat lanpostutan malgutuko lukeen nahitaezko hizkuntza eskakizuna. Tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren araberakoa izanen litzateke hori, eta bortz urtean behin murriztuko litzateke indizea, joan den astean Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak esplikatu zuenez.

Jeltzaleek, berriz, sozialistekin egin nahi dute erreforma, eta euren proposamenari zuzenketak egiten ari dira, PSE-EErekin akordio bat erdiesteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA