Israelen eta Hamasen ordezkaritzak hiru egunez egon dira Donald Trumpen Gazarako proposamena negoziatzen, Egipton, eta AEBetako presidenteak berak goizaldean jakinarazi du aldeak ados jarri direla eta «bake planaren» lehen fasea onetsi dutela. Halaber, Palestinako talde islamistak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erabakia berretsi dute. Bada, Hamasen negoziazioetarako buru Khalil al-Hayyak agerraldi bat egin du ostegun iluntzean, Al-Jazeera telebista katean, eta jakinarazi bitartekariek —baita AEBetako administrazioak ere— «bermeak» eman dizkietela Gazaren aurkako erasoaldia «behin betiko» amaituko dela sinisteko.
Netanyahuren bulegoak goizean kaleratutako ohar batean, lehen ministroak esan du «Israelentzat egun handia» dela gaurkoa; Trumpi «bihotz-bihotzez» eskertu dio egindako ahalegina. Netanyahuren bulegoko bozeramaile Shosh Bedrosianek prentsaurrekoa eman du, eta adostu dituzten neurrien berri eman. Bi aldeek eta, gero, arratsaldean, Israelgo Segurtasun Kabineteak akordioa onartu badute ere, Netanyahuren gobernu taldeak baiezkoa eman arte ez zen akordioa indarrean sartzekoa. Gauerdian onartu du gobernuak, baina, erasoak, albiste agentzien arabera, ez dira eten. Gainera, Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindarrak mehatxu egin du koalizio taldea utziko duela baldin eta ez bada bermatzen Hamas «erabat desegitea» eta hark Gazaren gaineko kontrolik ez izatea.
Nolanahi ere, gobernu koalizioak onespena eman eta 24 ordura zen su etena indarrean sartzekoa, eta hori hasi bezain laster erretiratuko da Israelgo armada, lerro hori delakora —tropek Gazan jarraituko dute, eta, oraingoz, zerrendaren eremuaren erdia baino gehixeago kontrolatuko dute, %53 hain zuzen—. Armadak behin atzera egin eta gero, Hamasek 72 orduko epea izango du bahituak askatzeko.
Trumpen hogei puntuko planaren lehen fasearen arabera, talde islamistak aldi berean askatu beharko ditu gatibuak; uste da horietatik hogei daudela bizirik. Reuters agentziak Israelgo iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, igandean edo astelehenean espero da gatibuak aske uztea. Planak zehazten du Tel Avivek horren ondoren askatuko lituzkeela 2.000 preso palestinar —bizi osoko espetxe zigorra duten 250 preso eta azken bi urteotan atxilotutako 1.700 gazatar; atzo, hain justu, aske utzi beharrekoen zerrenda eman zion talde islamistak beste aldeari—.
AFP berri agentziak Gazako Defentsa Zibileko iturriak aipatuz kaleratu duenez, «hainbat leherketa» entzun dira batik bat zerrendaren iparraldean. Armadak ohar bat kaleratu du sare sozialetan, eta erretiratzea prestatzeko lanetan ari dela jakinarazi; era berean, Eyal Zamir armadako buruaren hitzetan, «edozer agertokitarako prestatzeko» agindu diete soldaduei, baita bahituen itzuleraz arduratzeko ere. Armadako bozeramaile batek, bestalde, ohartarazi du Gaza iparraldera itzultzea «biziki arriskutsua» dela, tropak bertan baitaude oraindik: «Borroka gunetzat jotzen da oraindik ere».
Bost urtetik beherako 55.000 haurrek pairatzen dute malnutrizioa Gazan
UNRWA Palestinar Iheslarientzat Laguntza eta Lan Bulegoaren ikerketa baten arabera, Gazako zerrendan 5 urtetik beherako 55.000 haur malnutrizioa pairatzen ari ziren abuztua amaieran; hau da, adin tarte horretan dauden adingabeen %16. Horren berri ematen duen ikerketa bat plazaratu du NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, The Lancet aldizkari zientifikoan. 55.000 horien artean %4 inguruk malnutrizio larria dute. Ikerketan adierazten denez, 2024 hasieran, esaterako, %4,7 ziren malnutrizioak jota zeudenak. Aurtengo urtarrilean portzentajea %14koa zen, eta su etena indarrean egon zen asteetan —ia bi hilabete, martxoa hasierara arte—, %5,5era jaitsi zen.
AEBetako presidentearen proposamenaren zazpigarren puntuan zera zehazten da: «Akordioa onartu bezain laster, laguntza humanitarioa berehala bidaliko da Gazako zerrendara». Netanyahuren kabineteak sinatzekoa du planaren lehen fasea, eta, sinatuta ere, ikusteko dago noiz irekiko dituzten zerrendarako pasabideak. Planaren arabera, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak, Ilargi Gorria eta gobernuz kanpoko zenbait erakunde arduratuko dira laguntza banatzeaz, «oztoporik gabe».
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak, Philippe Lazzarinik, sare sozialetan kaleratu duen mezu batean esan du datozen hiru hilabeteetarako nahikoa elikagai dutela gazatar guztientzat. Munduko Elikadura Programako zuzendari Cindy McCainek adierazi du «prest» daudela laguntza humanitarioa banatzeko. «Orain ekin behar diogu, ezin dugu denborarik galdu», erantsi du sare sozialetan.
Gaza berreraikia, «beste mundu bat»
Herenegun bi urte bete ziren Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. Bonbardaketek birrinduta utzi dute eremu hori, eta Trumpek iragarri du zerrenda «beste mundu bat» izango dela behin presoen eta bahituen trukea egin eta gero: «Leku seguruago bat izango da, eta eskualdeko herrialdeek hura berreraikitzen lagunduko dute, aberatsak baitira eta horrela izatea nahi baitute». Fox News AEBetako telebista katean egin ditu adierazpen horiek, eta zera erantsi: «Ziur nago bakea egongo dela Ekialde Hurbilean».
Bahituen senideek pozarren hartu dute aldeek planaren lehen fasea onartu izana, eta «[Bakearen] Nobel saria Trumpentzat» oihukatu dute goizean egin duten elkarretaratzean. Izan ere, Nobel saria ematen duen batzordea bihar da iragartzekoa nor izango den aurtengo sariduna.

Aldeak Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian bildu ziren astelehenean, Sinai penintsularen hegoaldean. Lehen bi egunetan, Qatar, Egipto eta Turkia aritu ziren bitartekari lanetan, eta atzo heldu zen AEBetako ordezkaritza; bada, Trumpek zenbait ordu geroago iragarri du aldeak ados jarri direla. Hamasek esan du negoziazio «arduratsu eta serioak» izan dituztela, eta bitartekarien ahalegina eskertu du.
Hurbilekoen erreakzioak
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak akordioa goraipatu du, eta «behin betiko irtenbide politikoaren ataria» dela adierazi: «Palestinako Estatuaren okupazioa amaitzeko modua emango du, eta estatu independente bat sortzekoa ere bai».
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere kontent da Israelek eta Hamasek Gazarako menia» lortu dutelako, eta sare sozialetan idatzi duen mezu batean jakinaraziko du «gertutik» ikuskatuko dutela hori betetzen duten. Halaber, erantsi du «borrokan» jarraituko dutela Palestinako Estatua ezarri arte. Abdul Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteak «historikotzat» jo du akordioa sare sozialetan: «Gerraren atala itxi du, eta itxaropenaren atea ireki dio etorkizun egonkor eta justuari».
Donald Trumpek bart gauean eman zuen akordioaren berri —goizaldea Euskal Herrian—, eta uste du elkarrizketek «bake akordioari» bide emango diotela. CBS telebista katean galdetu diote ea Hamasek eta Netanyahuk horretarako asmoa duten, eta zera erantzun du: «Bai horixe».