Palestinaren aldeko elkartasun martxa egingo dute azaroaren 15ean, Bilbon

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida dela-eta egin dute deialdia Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarra plataformek, 'Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop' lelopean.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 10a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal selekzioak eta Palestinak futbol partida jokatuko dute azaroaren 15ean, San Mamesen. Baina ez da neurketa soil bat izango. Halaxe esan zuen Jibril Rajub Palestinako Futbol Federazioko lehendakariak: «Oroimenaren gune sakratu honetan hartzen du futbolak bere esanahirik handiena. Hau ez da trebetasun erakustaldi hutsa, futbolaren botere moralaren erakusgarria baizik». Bada, keinu solidario gehiago ere izango dira: Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarra plataformek elkartasun martxarako deia egin dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean

Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da martxa, 17:30ean, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da. Palestinari elkartasuna erakutsi nahi diote, eta baita «bi herriei dagozkien kirol eta nazio eskubideak aldarrikatu ere, selekzioen ofizialtasuna barne». Eragileei ekimenarekin bat egiteko deia egin diete.

Duela astebete iragarri zuten partida solidarioa. Laster jarriko dituzte sarrerak salgai; antolatzaileek adierazi zutenez, partida baino hilabete lehenago jarriko dituzte, Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean. Irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.