Palestinar erresistentziari elkartasuna helarazi diote Bilboko Aste Nagusiaren atarian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, manfestazio jendetsua egin dute Bizkaiko hiriburuan, eta Israelekiko harremanak eteteko exijitu dute.

Gaur arratsaldean egindako mobilizazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gaur arratsaldean egindako mobilizazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2025eko abuztuaren 15a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, mobilizazio jendetsua egin dute Bilbon, Aste Nagusiaren atarian. Plaza Eliptikotik hasi dute manifestazioa, eta hiru aldarri nagusi izan dituzte: palestinar erresistentziari «baldintzarik gabeko babesa» erakustea, «Israelen desegitea» eskatzea eta estatu harekin harreman oro eteteko betebeharra adieraztea.

Plataformako kideek konpromisoa adierazi dute auziaren inguruan «antolakuntza internazionalista sortzen eta zabaltzen jarraitzeko», eta erakundeen «hipokrisia» salatu dute. Izan ere, kritikatu dute Mendebaldeko enpresek eta gobernuek Gazako «genozidioarekin negozioa» egiten dutela.

Plataformak abuztuaren hasieran jakinarazi zuen hiriburuetako jaiak baliatuko zituela Gazako genozidioa salatzeko mobilizazioak egiteko; Israelgo Gobernuak Gaza hiria okupatzeko erabakia plazaratu baino lehen. Mobilizazioetarako deia egiterakoan, adierazi zuten jaietan ere ezin dela ahaztu «palestinar herriaren borroka eta egoera». Hilaren 6an egin zuten lehena, Gasteizen, eta 10ean bigarrena, Donostian. Beraz, Bilboko manifestazioarekin osatu dute hirukoa. Halere, ez da hor amaituko. Urriaren 4rako manifestazio nazional batean parte hartzeko deia egina du plataformak: Iruñean izango da.

Ez da Bilboko Aste Nagusiaren harira egin den egitasmo bakarra. Bilbo-Palestina Herri Ekimenak deituta, elkarretaratze bat egin zuten hilaren 9an. Orduan iragarri zuten mosaiko erraldoi bat egingo dutela abuztuaren 19an, Arriaga plazan. Era berean, Israelgo produktuei boikot egiteko deia ere egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.