Palestinaren aldeko elkartasun keinuak izan dira asteburu honetan ere Euskal Herrian. Atzo iluntzean, genozidioa salatzeko eta Israelekiko harremanak eteteko eskatzeko, mobilizazio bana egin zuten Donostian eta Iruñean, Palestinarekin Elkartasunak deituta lehena eta Yala Nafarroak deituta bigarrena.
Donostian milaka lagun elkartu ziren Palestinaren erresistentziari babesa erakusteko. Bulebarretik abiatu zuten protesta, eta Sarriegi plazan amaitu. Leporaino bete zen, eta plazan sartu ezinda ere geratu ziren manifestari asko. Han, Palestinari «ekidistantziarik gabeko babesa» eman eta antolatzeko deia egin zuten, Mendebaldeko gobernuak estu hartzeko.
Ikusi gehiago
Manifestazioaren antolatzaileek gobernu horien hipokrisia gaitzetsi zuten: «Gosetea planifikatua izan da: duela bederatzi hilabete iragarri zuten publikoki, Rafahko pasabidea erabat itxi zutenean». Gogorarazi zuten Gaza 2005etik dagoela «setio etengabean», Mendebaldearen legitimazioarekin. Horregatik, salatu zuten Mendebaldeak «aurpegia garbitzen» diola Israeli, eta gutxieneko keinua harreman guztiak apurtzea litzatekeela adierazi. Ez dute uste erraza izango denik: «Enpresek eta estatuek negozioa egiten dute genozidioarekin, eta Asia Mendebaldearen kontrola mantentzeko interesa ere badute».
Azkenik, «nazioarteko langileei» antolatzeko deia egin zieten, protestarekin bat egin zutenen oihuen artean. Atzokoa Palestinarekin Elkartasunak deitutako azken manifestazio sortako bigarrena izan zen. Abuztuaren 6an Gasteizen mobilizatu ziren, eta atzo Donostian; hilaren 15ean Bilbon egingo dute protesta, eta urriaren 4rako manifestazio nazionalera deitu dute Iruñean.
Presazko manifestazioa
Iruñean, berriz, Israelekin harreman oro eten, konplizitatea stop! lelopean mobilizatu ziren, Yala Nafarroak deituta. Baluarte ondotik abiatu zen manifestazioa, eta Gazteluko plazan amaitu. Manifestariek genozidioa salatzeko mezuak erakutsi zituzten, baita Palestinaren aldekoak eta boikota eskatzen zutenak ere.

Hedabideei egindako adierazpenetan, Yala Nafarroako Maura Rodrigok adierazi zuen atzokoa «presazko manifestazio bat» zela, Israelgo Gobernuak Gaza hiria hartzea erabaki duelako. «Kolonizazio prozesua amaitzeko pausoa da», esan zuen Rodrigok.
Hori «astakeria bat» dela salatzeaz gain, Mendebaldeko gobernuei eskatu zieten genozidioa eteteko: «Bakartu dezatela Israel, nazioarteko legedia betearazi dezatela; gainontzeko guztia genozidio horren konplize izatea da». Zehazki, Espainiako Gobernuari zuzendu zitzaizkion, eta Nafarroako Gobernuari ere galdegin zioten Madrili presio egiteko.
Donostiakoaz eta Iruñekoaz gain, Bilbon ere egin zuten Palestinaren aldeko elkarretaratze bat, larunbatean. Bilbo-Palestina Herri Ekimenak deituta, Plaza Biribilean elkartu ziren, eta, hala, bat egin zuten bai Mugimendu Globala Gazara koalizioak —ingelesez Global Movement to Gaza— mundu guztirako egindako deialdiarekin eta bai koalizio hark egin dituen eskaerekin ere. Bilboko Aste Nagusiaren barruan Palestinaren alde egingo diren mobilizazio guztietan parte hartzera deitu zuten, baita Israelgo produktuei boikot egitera ere.