Israelgo Estatuak 78 urte beteko ditu hilaren 15ean, eta palestinarrek beste urte batez izango dute akorduan 1948ko egun hartako hondamendia: Palestinako biztanle arabiarren ia erdiek, 750.000 palestinarrek, etxetik alde egin behar izan zuten. Bada, Nakbaren 78. urteurrenaren harira, maiatzaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak: urte hartan hasitako «hondamendia hedatzen» ari dela salatzeko eta Palestinaren aldeko erresistentzia aldarrikatzeko.
Plataformak Hondamendira garamatzate. Israel desegin. Erresistentzia aurrera leloarekin blaitu asmo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuak, ohartarazi baitu 1948an abiatutako hondamendia oraindik ere abian dagoela, eta «Libanon, Iranen eta mundu osoan eragina izango duten gerrak sortzen» ari dela. «Sionismoa garai hartan abiatutako garbiketa etnikoaren proiektuari behin betiko bukaera eman nahian dabil», gehitu dute oharrean.
Bi urte eta erdi igaro dira Israelek 2023ko urriaren 7an Gazaren aurkako setioari eta sarraskiari ekin zienetik. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, Israel bere «proiektu kolonizatzailea» zabaltzen ari da ordutik, eta horren adibidetzat jo ditu AEBek Iranen aurka hasitako ofentsibaren harira Israelek Libanoren aurka egindako bonbardaketak. Plataformak esan duenez, Tel Avivek helburu bera du Libanon, Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean: lur palestinar gehiago hartzea, eta bere mugak eskualde osora zabaltzea.
Aliantzak eta zilegitasuna
Helburu horiek lortze aldera, ordea, zenbait aliaturen babesa izan du Israelek; bereziki, AEBena. Dena den, plataformak nabarmendu du Mendebaldeak ere «ahalbidetu» duela «Gazako genozidioa»; are, leporatu dio Tel Aviven eta Washingtonen «kide kriminala» izatea, argudiatuta Mendebaldeko herrialde horiek «armamentua, finantzaketa eta babesa» ematen diotela Israeli, eta estatu judua «ezinbesteko» pieza dela AEBek eta Europak Mendebaldeko Asiako baliabide energetikoak eta merkataritza ibilbideak «kontrolpean» izateko.
Horrez gain, plataformakoek iritzi diote Mendebaldeak erresistentziarako eskubidea «ukatu» diela bai Libanoko bai Palestinako herritarrei. Ekialde Hurbiletik harago, plataformak berak inoiz ez bezalako «mehatxu eta jazarpen neurriak» pairatu dituela ere salatu dute.
Hala, Israelen zilegitasuna «auzitan» jartzeko deia egin du Palestinarekin Elkartasunak, eta borrokan jarraitzeko eskatu: «Palestinaren askatasunak eta eskualde osoko langileen askatasunak Israeli aurre egin eta hura desegitea galdegiten du. Alemania nazia garaitua izan zen modu berean, Israel garaitua izan beharko da».