Parte hartzeak goia joko duelakoan

«Blokeetan» oso nabarmen antolatu dira gaurko hauteskundeak, eta adituek «irekiak» ikusten dituzte; «lehia bizia» izango dela uste dute. EH Bildu «eroso» ikusten dute; EAJ, berriz, ataka zailean.

Andre bat botoa ematen 2023ko hauteskundeetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Andre bat botoa ematen 2023ko hauteskundeetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2026ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ozkatzeko ordua iritsi da. Eskubide hori baliatu nahi duenarentzat, behintzat. Inkesten arabera, herritar gehienek baliatuko dute, eta parte hartzeak goia joko duela iragartzen dute. Adituek sumatzen dute «blokeetan» oso nabarmen antolatu direla Espainiako Gorteetarako bozak: eskuinak denbora asko darama mobilizatuta gobernuaren kontra, eta ezkerra ere mobilizatu da hauteskunde deialdiaz geroztik. Halere, hautesle batzuek azken ordura arte itxarongo dute parte hartuko duten edo ez erabakitzeko, eta botoa nori emango dioten ebazteko. «Lehia bizia» izango dela espero dute adituek.

Hiru aditurekin izan da Berria: Iker Iraola Arretxe soziologo eta EHUko irakaslea; Braulio Gomez Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea eta Deustobarometroaren arduraduna; eta Eva Silvan Silvan&Miracle aholkularitza enpresaren sortzailea. Hirurek espero dute Espainiako Gorteetarako bozetan parte hartze handia izango dela: %75 ingurukoa.

2004tik ez da halako parte hartze daturik izan, Silvanek oroitarazi duenez. «Demokrazian inoiz izan den parte hartzerik handiena espero da; bost alditan baino ez da izan parte hartzea %75 baino handiagoa». 2023an, Espainiako Kongresurako hauteskundeen parte hartze datu orokorra %66,6koa izan zen; Hego Euskal Herrian, puntu bat txikiagoa, %65,4koa. Baina 2023ko bozak uztailean egin ziren, udan, eta, beraz, ezin dira orduko eta oraingo datuak zuzenean alderatu.

Posta bidezko botoetan parte hartzeak izan duen bilakaerak eman ditzake zantzu batzuk: 2019ko apirilean 70.800 herritarrek eskatu zuten botoa posta bidez ematea; 2019ko azaroan, 83.000 herritarrek; 2023ko uztailean, 262.000k; oraingoan, 94.400ek. Hortaz, 2019ko azaroko deialdiarekin alderatuta, %14 egingo du gora posta bidezko botoak.

«Demokrazian inoiz izan den parte hartzerik handiena aurreikusten da; bost alditan baino ez da izan parte hartzea %75 baino handiagoa»

EVA SILVAN Silvan&Miracle aholkularitza enpresaren sortzailea

Interes handiagoa piztu du aurtengo deialdiak, Gomezen esanetan: «Gorteetarako hauteskunde hauek interes handia sortu dute Euskadin, 2023koek baino gehiago». Zergatik? «Herritarrek sentitzen dutelako asko dagoela jokoan, eta haien botoak balio duela eta erabakigarria izango dela».

Parte hartzea handituko dela ia segurutzat jotzen bada ere, ez dago batere argi emaitza zein izango den. Baliteke eserleku gutxi batzuen banaketaren ondorioz egoera aldatzea. Iraolak esan du hauteskundeak «irekiak» izango direla: «Ez dago argi zein alderdik irabaziko duen, baina ezta zer bloke izango den ere gobernatzeko gai».

Gertatzen dena gertatzen dela, nori egingo lioke parte hartze handiak mesede? Azterlan gehienetan ondorioztatzen dutenez, abstentzio handia mesedegarri zaio eskuinari Espainian, eta, beraz, parte hartzeak mesede egingo lioke ezkerreko blokeari. Hauteskundeetako parte hartze datu historikoei so eginez gero, jende askok bozkatu duen ali gehienetan PSOEk irabazi du, 1986ko hauteskundeetan izan ezik —%70,5eko parte hartzea izan zen, eta PPk irabazi zuen—.

«Ikusi beharko da Hego Euskal Herriko ezkerreko botoa zer proportziotan joango den Alderdi Sozialistaren aldera edo EH Bilduren aldera»

IKER IRAOLA ARRETXE Soziologoa eta EHUko irakaslea

Silvanek adierazi du ustekabekoa litzatekeela parte hartzea %75etik gorakoa izatea, eta hala balitz agian mesede egingo liokeela ezkerrari. Baina, orain arte erabili dituzten datuei begiratuta, ezin dute ezer ziurtatu. Zehaztu du, ordea, euskal herritarrek ezkerrerako joera nabarmenagoa dutela, EH Bilduren aldekoa edo alderdi sozialistaren aldekoa.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ez dira jokalekurik egokiena izaten alderdi abertzaleentzat. Silvanek azaldu du euskal herritarrek ez dutela botoa berdin ematen udal hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoetan, esaterako; badagoela aldea. Iraolaren esanetan, parte hartzea estatukoa baino puntu pare bat apalagoa izaten da gutxienez. «Bada sektore bat ez dena aktibatzen Espainiako hauteskundeetan; beti pentsatu izan dugu abertzaleen parte bat direla horiek». Halere, iruditzen zaio hauteskunde hauetan hori apur bat aldatuko dela.

EH Bildu eta EAJ lehian

Inkestetako emaitzetan oinarrituta, Deustuko Unibertsitateko irakasleak alderatu egin du Euskal Herriko alderdi nagusi bakoitzak zenbat jende mugitu duen: «Jende dezente gehiago mobilizatu du EH Bilduk, EAJk baino; eraginkorragoa izan da EH Bildu hauteskunde orokorretarako». Silvanek ere esan du hauteskunde hauetako testuinguruak mesede handiagoa egiten diola EH Bilduri, EAJri baino.

Iraolak oso posizio erosoan ikusten du EH Bildu hauteskunde hauetan: «Inkestetan oso emaitza onak aurreikusi dituzte EH Bildurentzat, eta ikusi beharko dugu Hego Euskal Herriko ezkerreko botoa zer proportziotan joango den alderdi sozialistaren aldera edo EH Bilduren aldera». Iruditzen zaio ikusteko dagoela zer pisu hartuko duen Espainiako markoak, eta, horren eraginez, boto emaile «ez hain politizatu horrek» ez ote duen egingo PSOEren alde. 

Sozialisten emaitzak aurreikustera ausartu da Silvan&Miracle aholkularitza enpresako kidea: «Alderdi Sozialistak emaitza onak lortuko ditu, Pedro Sanchez oso balorazio oneko liderra baita, eta baliteke berriz irabaztea, 2023an bezala; horregatik arituko da EAJ sozialistekin lehian Arabako laugarren eserlekua lortze aldera, eta, Gipuzkoan, EH Bildurekin eta sozialistekin».

EAJ, aldiz, ataka zailean ikusten dute adituek: inkestek ez diote gauza onik opa. «Beherako joera bat islatzen dute: inkesta batzuetan diote oraingo bost eserlekuetako bat gal lezaketela, eta, beste inkesta batzuetan, Arabako ordezkaria galdu eta hiru eserleku baino ez dizkiote ematen», gogoratu du Gomezek.

Profil propioa eduki nahian EAJ zailtasun handiz ari dela iruditzen zaie hirurei. «Blokeen arteko lehiak parte hartzea aktibatuko du, baina bloke horietatik kanpo kokatu nahi du EAJk», esan du Iraolak. Silvanen ustez, EAJri mezua disolbatu egin zaio EH Bilduk argi adierazi duenean berak bloke aurrerakoiaren alde egiten duela; hala, EAJri are gehiago zaildu zaiola jarrera jakin bati eustea.

Iraolak antzeko iritzia du: «Esango nuke praktikan EAJ EH Bildurekin lehiatzen ari dela, eta horrek, neurri batean, ezkerreko bloketik kanpo kokatzen du. Baina beste blokean Vox ere badago, eta horrek Euskal Herriko ezkerreko eta abertzale gehienak aldentzen ditu erabat. Ez dute Vox dagoen bloke batean parte hartu nahi». 

Bide beretik jo du Gomezek: «Haiei gustatu edo ez, hauteskunde hauek blokeen araberakoak dira. Esan dute publikoki ez luketela Vox dagoen gobernu batean parte hartuko, baina herritarrak mobilizatzen ari dira, hain zuzen, bloke bat geldiarazi behar dela ulertzen dutelako».

Mobilizatuta eta mobilizatzeke

Gomezen arabera, herritarren parte hartzeko gogoak ez ezik, haien mobilizazio politikoak ere garrantzia du. Silvanek adierazi du mobilizazio politikoa handitu dela hauteskundeetara deitu zutenetik, inkesten arabera. Eta mobilizazio politiko horren azken urratsa da botoa ematea. Gomezek dikotomia batekin azaldu ditu hauteskunde hauek: «Bi bloke horiek bereiz daitezke: Sanchez bota nahi dutenak eta eskuin muturra edonola geldiarazi nahi dutenak».

Espainiako Gorteak osatzeko hauteskundeetara deitu baino lehen, inkesta gehienetan adierazia zuten eskuina eta eskuin muturra biltzen dituen blokea mobilizatuagoa zegoela. Deustobarometroaren arduradunak gehitu du eskuineko blokea ez dela inoiz hain mobilizatuta egon. Hirurek esplikatu dute herritar horiek Pedro Sanchezen gobernuaren kontra mobilizatu direla, eta jada badaramatela denbora horretan. 

«Baliteke eskuin muturrak gobernatzeko aukera egia bilakatzea, eta horrek mobilizazio esanguratsua eragin du, 2023an aktibo ez zegoen jendearena, adibidez»

BRAULIO GOMEZ Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, eta Deustobarometroaren arduraduna

Behin hautetsontzietara joateko deia eginda, ezkerrekoak aktibatzea lortu da, adierazi dutenez. Iraolak azaldu du ordura arte ezkerreko boto emaileak desaktibatuta egoteko arrazoia: PSOE gobernuan egotea gaur egun, horrek eragiten duen higadurarekin, eta, gainera, haren ezkerretara dauden alderdiak batuta ez egotea. 

Halere, Gomezek nabarmendu du zenbait jenderentzat erabakigarria izan dela PPk esplizituki esan izana gehiengoa lortuko ez balu Voxekin elkartuko litzatekeela. Haren arabera, horrek eragina izan du mobilizazio sozialean: etxebizitzaren aldekoak, greba orokorrekoak... «Eskuin muturrak gobernatzeko aukera egia bilakatzeko aukera dago, eta horrek mobilizazio esanguratsua eragin du, 2023an aktibo ez zegoen jendearena, adibidez». 

Gomezek esan du kanpainan ezkerraren mobilizazioak gora egin izanaren eraginez bi mugimenduak parekatu egin direla. Sozialisten aldeko bozkatzaileak gehiago mobilizatu dira; eskuinekoenak, aldiz, apalago aritu dira. «Horrek ez du esan nahi, baina, ezkerra soilik ari denik mugitzen, baizik eta biak parekatu direla».

Geroz eta beranduago

Abstentzioa da parte hartzearen beste aurpegia. Parte hartze handia espero dutenez gero, abstentzioa apala izango da. Iraolak aipatu duenez, herritarren laurdenak hauteskundeetako prozesu politikotik kanpo kokatzen dira beti, zenbait arrazoirengatik. Gomezen ustez, azken astean alderdiren batek egindako edo esandako zerbait gustatzeak edo ez gustatzeak ere eragina izan dezake horien hautuan.

Iraolak eta Silvanek aipatu dute azterlan gehienetan ondorioztatu dutela jendeak geroz eta beranduago erabakitzen duela botoa nori eman. «Batzuek azken astean erabakitzen dute, azken hiru egunetan, edo azken egunean». Hori dela eta, Iraolak esan du garrantzi handiagoa daukala orain kanpainak, azken egunetan eta hauteskunde egunean bertan gertatzen denak: «Geroz eta beranduago erabakitzen da botoa, azken hamarkadekin konparatuta; beraz, zeresan handia izan dezakete azken egunetako eztabaidek». 

gazteek ezkerrERA JOTZEN dute

Eta gazteak? Iker Iraolak esan du gazteen botoa oso garrantzitsua izango dela, eta Braulio Gomezek, berriz, adierazi du gazteak mobilizatuta daudela, eta bozkatzeko probabilitatea handiagoa dela aurten 2023an baino. Inkestek argi diote: EH Bildu da gazteen alderdirik gustukoena. Silvanek erantsi du bozkatzaile berri gehien erakartzen duen alderdia dela; are, millennial-en —1981 eta 1996 bitartean jaiotakoak— eta boomer-en —1946 eta 1964 bitartean jaiotakoak— artean ere arrakasta duela. 

Hego Euskal Herrian gazteak aktibatzen badira, Iraolak uste du abertzaletasunerantz eta ezkerrerantz egingo dutela. Beste modu batera zehaztu du: «Ezkerrak espero baino emaitza hobeak lortzen baditu, besteak beste gazteen botoa aktibatu delako lortuko ditu». Haren ustez, zalantza da gazteen botoa EH Bildun edo alderdi sozialistan kontzentratuko den.

 

Ezkerreko aktibazio horren zantzu bat azaroaren 11ko greba orokorrean ikusi zen, Iraolaren ustez: «Gazteen parte hartzea oso handia izan zen». Azaldu du badagoela gazteen politizazio bat alderdietatik at ere: «EH Bildu bozkatzeak ez du esan nahi mugimendu sozialak alde batera uzten dituztenik eta EH Bildurekin kritikoak ez direnik, baina ulertzen dute mobilizaziorako beste tresna bat dela botoa ematea».

 

Silvanek esan du, hala ere, gazteek aldatzen dutela gehien boto asmoa, «ez dutelako talde bat sustraituta; hori urteekin eratzen da. Zalantza gehien egiten dutenak dira gazteak, pentsamolde kritikoa dute, eta azken momentuan erabakitzen dute nori eman botoa». 

Iraolari iruditzen zaio moda moduko bat egon dela gazteak eta eskuin muturra lotzeko, baina logika horrek ez duela funtzionatzen Hego Euskal Herrian.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA