Atzera egin du Euskadiko Garraio Agintaritzak, eta bertan behera utzi patinete elektrikoak garraio publikoan sartzeko debekua. Hala, posible izango da autobus, tren eta tranbia publikoetan patinete elektrikoak sartzea. Hori bai, zehaztu dute araudia betetzen duten ibilgailuek soilik izango dutela horretarako baimena; debekatuta egongo dira, kontrara, erregistratu gabe edo manipulatuta dauden patineteak.
Araudia betetzen dutela ziurtatzeko, patinete elektrikoen erabiltzaileek izena eman beharko dute ibilgailu pertsonal arinen erregistroan, eta indarrean izan beharko dute erantzukizun zibileko asegurua. Baldintza horiek betetzen ez dituzten ibilgailuak debekatuta egongo dira bai garraio publikoan, bai espazio publikoan.Â
Duela bi urtetik dago indarrean debekua, argudiatuta ibilgailu horien bateriek «kalte fisiko eta material larriak» eragin izan dituztela, eta, hortaz, arriskutsuak izan zitezkeela garraio publikoaren beste erabiltzaileentzat.Â
%20ko deskontua
Patinete elektrikoei lotutako erabakiaren berri eman ez ezik, hobarien inguruan ere hitz egin du Euskadiko Garraio Agintaritzak, eta jakinarazi 2027an eutsi egingo dietela gaur egun indarrean dauden hobariei.
Espainiako Gobernuak finantzatzen du deskontuen %80, eta Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioek %20. Oraindik erabakitzeko dago Espainiako Gobernuak egitura hori mantenduko duen ala ez, baina Eusko Jaurlaritzak ziurtzat jo du datorren urtean behintzat indarrean egongo dela %20ko deskontua.