Perez Iglesiasek nabarmendu du «unibertsitatearekiko konpromiso irmoa» erakusten dutela Jaurlaritzaren aurrekontuarekin

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 653,3 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %6,6 handiagoa. EHUrako izango dira 426 milioi euro. EHUko errektorea ez dago ados, eta bilera bat galdegin du. lehendakariarekin.

Perez Iglesias sailburua aurrekontuak aurkezten, gaur, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Perez Iglesias sailburua aurrekontuak aurkezten, gaur, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 4a
14:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jakintza aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu». Hala nabarmendu du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen, behin Jaurlaritzak 2026ko aurrekontuak onartuta, sailez sail aurkezten ari dira, eta gaur, besteak beste, Perez Iglesiasek gidatzen duen sailaren txanda izan da. Orotara, 653,3 milioi euroko aurrekontua izango du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, iaz baino %6,6 handiagoa. «Igoerek Eusko Jaurlaritzaren unibertsitatearekiko konpromiso irmoa eta zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa islatzen dute».

Berriki polemika sortu da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketaren inguruan. EHUk joan den astean salatu zuen aurrekontuek «geldialdia» ekarriko dutela unibertsitate publikora, eta asteburuan irmo erantzun zion errektoretza taldeari sailburuak: Perez Iglesiasek esan zuen «dialektika hiperbolikoak» ez duela unibertsitatearen finantzaketa hobetuko. Gaur ez ditu hitzok errepikatu, baina beren-beregi aritu da unibertsitate publikoaren finantzaketaz. EHUri egingo dioten ekarpen arrunta 339,2 milioi eurokoa izango da, iaz baino %6,9 handiagoa. Alderdien galderei erantzuteko orduan, Perez Iglesiasek nabarmendu du «bi igoera handi» egon direla bera sailburu denetik.

Ohiko ekarpena ez ezik, diru gehiago ere ematen zaio EHUri: 42,7 milioi euro kontratu programen bidez; 19 milioi euro irakasleen ordainsari osagarrietarako; eta 25 milioi euro azpiegituretarako. Beraz, orotara, 426 milioi euroko aurrekontua izango du unibertsitate publikoak, aurreko aurrekontuetan baino 24,6 milioi euro gehiagokoa. Aurten iazko kopuru berbera jarriko dute azpiegituretarako; izan ere, sailburuak zehaztu duenez, hori unibertsitate planetan finkatzen dute —datorren urtean berrituko dute plana—. Dena dela, sailburuaren esanetan, agindu diete segurtasunarekin-eta lotutako obren kargu egingo direla. Eta gehitu du azpiegituren aurrekontuak «gastatzeko gaitasuna» ere behar duela, eta EHUk zenbait obra ez dituela egin: «Dirua dagoenean eta ez denean gastatzen, arazo bat dago, eta arazoa ez da gobernuaren ekarpena». 

Sailburuak unibertsitate bekak ere izan ditu hizpide: 34,3 milioi euro erabiliko dituzte horretarako, aurreko urteko kopuru berbera; izan ere, aurreko deialdietan ez dute agortu erabilgarri zegoen diru saila. Hori horrela, beka eskaera gehiagori baiezkoa emateko modua aztertzen ari da saila.

34,3

Bekak Unibertsitate beketarako 34,3 milioi euro jarriko dituzte.

Dirurik gehiena EHUk jasoko badu ere, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere jasoko dute parte bat: 10,1 milioi euro Deusturentzat —%1,6 gehiago— eta 8,3 milioi euro Mondragonentzat —%1,2 gehiago—. 

Sailburuak zientzian eta berrikuntzan egingo duten inbertsioa ere aletu du. Hain zuzen, 151,6 milioi euro izango dira ikerketarako eta berrikuntzarako. Sailburuaren esanetan, «historiako ekarpenik handiena» izango da. 47,6 milioi euro ikertzaileen prestakuntzarako, hobekuntzarako eta mugikortasunerako izango dira; azpiegituretarako, 32,8 milioi euro; ikerketa eta berrikuntza proiektuen garapenerako, 66,1 milioi euro; eta ezagutza gizartean zabaltzeko, digitalizazio programetarako eta Innobasquerako eta Euskampuserako, 9,2 milioi euro.

«Errespetu instituzional» eske

Berehala iritsi da EHUko errektore Joxerramon Bengoetxearen erantzuna, ohar bidez. «Errespetu instituzionala» eskatu du «unibertsitate publikoarekiko eta errektoretza taldeak ordezkatzen duen unibertsitate komunitatearekiko». Horretaz gainera, galde zehatza ere egin dute: «premiazko bilera» nahi dute Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin eta Perez Iglesias berarekin. Eusko Legebiltzarrean beste agerraldi bat egitekoak dira azaroaren 19an, eta proposatu diete agerraldi horren aurretik biltzea.

Gaurko agerraldiaz ere aritu da Bengoetxea. Ez dago ados sailburuarekin: «Aurrekontu proiektuan aurreikusitako igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrezko digitalizazioari, azpiegituren mantentzeari, talentua erakarri eta eusteko lanari eta eskaintza akademikoaren hazkundearen kudeaketari eta ikerketa jarduerari erantzuteko, orain arte unibertsitate komunitatearen konpromiso eta esfortzuarekin erantzun izan baitzaio: asko egin da oso gutxirekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.