PISAren gaineko eztabaida teknologia berrien eta hizkuntza ereduen inguruan «ez polarizatzeko» eskatu du Pedrosak

Emaitzak hobetzeko planteamendu «serio bat» dutela esan du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeak bide hori hartzeko prest daudela.

Begoña Pedrosa ikasturtea hasteko Jaurlaritzak egin zuen agerraldian, astelehenean, Amurrion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Begoña Pedrosa ikasturtea hasteko Jaurlaritzak egin zuen agerraldian, astelehenean, Amurrion. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 11
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PISA txostenaren azken emaitzak asteartean jakinarazi ziren; asteartean bertan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak onartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletako emaitzak txarrak direla, eta gaur horixe bera berretsi du Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean: bereziki nabarmendu du «inondik inora ere» ez zutela espero irakurmen gaitasunean halako beherakada erakustea datuek. Izan ere, handia da koska: 419 puntu lortu dituzte irakurketan, eta 2022an 466 izan ziren. Zientzietako eta matematiketako gaitasuna ere aztertzen du probak, eta gaitasun horietan ere beherakada nabarmena da. Joera hori aurretik dator, gainera. Kezka handia eragin dute datuek, haien gaineko eztabaida kalean dago, eta Pedrosak eskatu du debate hori ez «polarizatzeko» teknologia berrien eta hizkuntza ereduen inguruan. Izan ere, bi aldagai horien inguruko hainbat mezu ozendu dira, baina, sailburuaren ustez, «arinkeriaz» plazaratu dira mezu horietako asko. Emaitzen beherakadaren atzean kausa askoz ere gehiago daudela esan du, eta artaz aztertu behar direla guztiak. 

Gainera, Hezkuntza Sailak emaitzak hobetzeko planteamendu «serio bat» duela esan du sailburuak. Atzo bertan bilera bat egin zuten departamenduko buruek eta ebaluazioa aztertzeko batzordeko adituekin, eta gaur jakinarazi dituzte ebaluazioari eta sistemaren hobekuntzari buruz hizpide izandakoak, BECen, Barakaldon (Bizkaia), antolatuta zegoen jardunaldi batean. Seiehun zentrotako zuzendaritzetako kideak izan dira jardunaldi horretan. 

PISA txostena xeheki aztertzen ari direla esan du sailburuak, eta azterketa horretatik ateratako ondorioak kontuan hartuta erabakiko dutela zehazki zer «ekintza» abiarazi behar diren gaur egun hezkuntza sisteman ahulen dauden ikasketa eremuak indartzeko. Hemendik aurrerako urratsetan zentroekin batera aurrera joateak berebiziko garrantzia duela gogoratu du Pedrosak, eta baikor hitz egin du, azaldu baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeak prest daudela abiaraziko diren bide berrietan murgiltzeko. Era berean, gogora ekarri du iaz ja ezarri zituztela hobekuntzarako hainbat aldaketa, eta horien onurak ere espero dituztela aurki eskoletan.

Zentroetako ordezkariekin gaurko bilera bukatu eta gero, prentsa ohar batean zehaztu du Hezkuntza Sailak zer estrategia jarriko dituen martxan PISAko emaitza kaskarrei erantzuteko. «Emaitza onak ematen ari diren jardunbideak identifikatu, sistematizatu eta zabalduko dira, ebidentzian oinarritutako jarraibide metodologikoak ikasgelara eramateko. Lehentasun horrekin batera, estrategia integralaren barruan garatutako neurrien eragina ebaluatuko da, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak berrikusiko dira, baliabide digitalen hezkuntza erabilerari buruz dagoen ebidentzian sakonduko da, eta 2027ko errolda ebaluazioan funtsezko aldagaien bilakaera aztertuko da». 

Irakurmen gaitasuna

«Datu ofizialak» hizpide hartuta, nerabeek inoiz baino gehiago irakurtzen dutela esan du Pedrosak. Baina gaitasuna maiz eskasa dela: «Aurrean testu zailago bat jartzen diegunean, zehatzagoa, teknikoagoa, zerbaitek ihes egiten digu, eta horri erreparatu egin behar diogu», azaldu du. Pantailen erabilera gehiegizkoarekin lotu dute hainbat adituk eta eragilek arazo hori, baina sailburuak gogora ekarri du ezin dela teknologia berrien erabilera «deabrutu». Ikasgeletan teknologien erabilera egokia sustatu behar dela azpimarratu du, eta PISA txostenaren ondorioetako bat, hain justu ere, hori dela. Irakurmen gaitasunaren apaltzearen atzean, gainera, kausa gehiago ere badirela azaldu du, eta bere zabalean aztertu behar dela gaia.

Ikasleek PISAn lortutako emaitza kaskarrak ulertzeko ahaleginetan, hizkuntza ereduen gainean ere ozendu dira zenbait mezu, euskarazko murgiltze ereduaren kontra. Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak berak esan zuen atzo balitekeela euskarazko murgiltze eredua emaitza eskasen motiboetako bat izatea. Gogoeta horiek ere «zorroztasunez» egin behar direla zehaztu du gaur Pedrosak. «Gai garrantzitsu hori polarizatzen hasten bagara, ez dugu deus irabaziko, eta bide okerra hartuko dugu». Ororen buruan, zentro bakoitzari arlo linguistikoan ere «erabaki onak» hartzen lagundu behar diotela adierazi du, eta horretarako baliabideak jarriko dituztela. 

Bengoetxearen adierazpenen harira, kritika egin du EH Bilduk. Euskara «jopuntuan» jartzea leporatu dio: «Arduragabekeria da Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, inongo azterketarik eta ebidentziarik gabe, PISAren emaitzak murgiltze ereduarekin lotzea».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA