Pistola lapurretaren auzian, Ertzaintzak epailearen bertsioa gezurtatu du

Adierazi du lapurretari buruzko jakinarazpena bidali zuela epaitegira, modu telematikoan, akusatua aske utzi baino ordu batzuk lehenago. Gizonezkoak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik

2023ko azaroaren 23a
13:15
Entzun

Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati ustez pistola lapurtzeagatik atxilotutako gazteari buruzko auzian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezagutarazi du Bilboko epaitegiari bidalitako jakinarazpena, zeinak Bilboko epaile dekano Aner Uriartek esandakoak gezurtatzen duen. Atzo, Uriartek adierazi zuen Ertzaintzak ez zuela aurkeztu arma lapurretari buruzko atestaturik epaitegian, eta horregatik utzi zutela aske gizonezkoa. Gazteak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

Jakinarazpena modu telematikoanĀ bidali zuen Ertzaintzak astelehen eguerdian, epailearen esku utzi baino ordu batzuk lehenago. Idatzian irakur daitekeenez, hari leporatzen diote pistolaren lapurreta. Larunbatean iritsi ziren ondorio horretara, eta, bila aritu arren, ez zuten aurkitu. Haren bikotekide ohia arriskuan zegoela ondorioztatuta, haren babes neurriak handitzeko erabakia hartu zuten.

19 urteko gizonezkoak astelehen arratsaldean entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), eta Ertzaintzak jakinarazi zuen bi delituz akusatuta atxilotu zutela: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea. Gazteak, baina, ez zuen eraman ustez lapurtutako armarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.