EAEko Auzitegi Nagusiak urratsa egin du: Espainiako Auzitegi Konstituzionalari galdetuko dio ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak ezarritako hizkuntza eskakizunen derrigortasunak konstituzioa betetzen duen. 187.5 artikuluari buruz galdetuko dio: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza-eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio-premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko».
EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Hirugarren Atalak erabaki du artikuluari buruzko kontrakotasun auzia Auzitegi Konstituzionalera eramatea. Hala ere, hiru epaileetatik batek boto partikularra eman du, erabakiarekin bat ez datorrelako.
PPk eta Voxek helegiteak jarri zituzten sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berriaren kontra. Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak konstituzio kontrakotasuneko auzi bat planteatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, uste duelako 187.5 artikuluak baldintzatu egiten duela Voxek jarritako helegiteari buruzko behin betiko epaia. PPrena bertan behera utzi du, Voxena erabaki arte, hari eragiten diolako eta funtsezko elementu komunak dituztelako.
EAEko Auzitegi Nagusiaren esanetan, orain arte Auzitegi Konstituzionalak ez du «berariaz» aztertu lanpostu guztiei hizkuntza eskakizun jakin bat ezarri ahal zaien, eta uste du «arrazoi ugari» daudela kontsulta hori egiteko.Â
«Disuasio elementua» erdaldunentzat
Auzitegi Konstituzionalari iritzia eskatu aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak eman du berea. Alde batetik, esan du euskara eskatzea «disuasio elementua» dela erdaldunentzat: «Lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna esleituta izateak, eta ez soilik proportzionaltasun printzipioaren arabera hori behar dutenak, objektiboki disuasio elementua da enplegu publikora iritsi nahi dutenentzat eta erdaldunak direnentzat».
Beste alde batetik, lanpostu guztiei hizkuntza eskakizun jakin bat ezartzea ez dela «kaltegabea»: «Une jakin batean aktibatzeko eta derrigortasun dataren bidez gauzatzeko helburuarekin esleitzen baita, eta une horretan betebehar galdagarri bihurtzen da».
Aurreratu du Auzitegi Konstituzionalak eman izan duela hizkuntza koofizialei buruzko iritzia, eta, konstituzioaren 23. artikuluan oinarrituta, «proportzionaltasunak» esan nahi duela ezin dela hizkuntza koofiziala jakitea eskatu lanpostu guztietan. Honela dio 23. artikuluak: «Era berean, herritarrek eskubidea dute, berdintasun-baldintzetan eta legeek ezartzen dituzten betekizunekin, funtzio eta kargu publikoetara heltzeko».
Aspalditik eta desorekarik ez
Hiru epaileetako batek boto partikularra eman du. Haren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aspalditik daude lanpostuei hizkuntza eskakizunak ezartzen dizkieten legeak, eta ez da auzitan jarri haiek Espainiako Konstituzioa betetzen duten edo ez. «[Legeek] Indarrean urte asko badaramatzate ere, eztabaida ez bada orain arte azaleratu, agian izan da legegileak erabilera eta lege politika zuhurrak egin dituelako euskara lanpostu publikoetara iristeko galdagarritasunaz», argudiatu du. Gehitu du Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako araudia baliozkotu zuela, zeina «funtzio publikoan hizkuntza koofiziala jakin beharrari buruz zorrotzagoa» den.Â
Nabarmendu du EAEko Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluak ez duela «desorekarik» eragiten gaztelaniarentzat.