Hamar hilabete egin ditu Borja Senperrek politikako lehen lerrotik urrun, minbiziak hala behartuta. Asteon egin du buelta, eta PPko diputatua Madrilen da berriz. Bi alditan utzi du kargua, eta bitan itzuli da atzera. Lehen aldiz 2020an utzi zuen, argudiatuta «etsita» zegoela politikak hartutako norabidearekin. Handik bi urtera Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak bere eledun izateko deitu zion, eta baiezkoa eman zion Senperrek. Joan den urteko uztailean, baina, minbizia zuela jakinarazi zuen, eta orduantxe erretiratu behar izan zuen bigarrenez. Duela sei urtekoaren antzeko «etsipena» erakutsi du gaur, publikoki egin duen aurreneko adierazpenean, eta erran du itzuli dela «muturreko alderdiek gizartea zatitzeko ezartzen dituzten joko arauen aurka altxatu beharra dagoelako».
Ez da, gainera, «edozeinen» ondora eta «edozein» modutan itzuli: «Politika munduan konfiantzarik handiena ematen didan pertsonaren ondora itzuli naiz, Feijooren ondora». Bide batez, «inork zalantzarik edukiko balu», erran du «zirkuak, irainak, showak eta polemikak» alde batera utziko dituela. «Ez naiz horretara etorri».
Senperren irudiko, Espainiako politikak «lasaitasuna eta zentzua» behar ditu, eta sinistuta dago Alderdi Popularrak «politikaren prestigioa eta duintasuna berreskuratu» ditzakeela. Nueva Economia Forumen egin ditu adierazpen horiek, eta Feijook berak aurkeztu du solasaldia. Biek ala biek esplikatu dute PPk «erantzukizunaren bere partea» duela, alderdia ez baitago «degradazio eta gainbehera dinamiketatik kanpo». Edonola ere, Senperren aburuz, gobernatzen duenari eta gobernatzen ez duenari ezin zaio «maila bereko erantzukizuna» eskatu.
Kasik urtebete egin du lehen lerrotik urrunduta, baina horrek ez du erran nahi politikatik at izan denik. Aitzitik, kontatu du «egoera behatzen» aritu dela, eta salatu du gaur egun «normaltzat» jotzen direla bertze garai batean «eskandalua» piztuko luketen kontuak. Gobernua ikertzen duten epaileek jasaten duten «eraso sistematikoa» jarri du adibidetzat.