«Poliziaren inpunitatea» salatu eta protestarako eskubidea aldarrikatu du Justizia Aranarentzat plataformak

Justizia eskatu dute Iker Aranarentzat, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz zauriturik izan zela eta. Gaur zen deklaratzekoa auzian ikerketapean dagoen ertzain bakarra.

Iker Arana, eskuinean, elkarretaratzean erabilitako pankartari eutsiz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Arana, eskuinean, elkarretaratzean erabilitako pankartari eutsiz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko abenduaren 11
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur zen deklaratzekoa Iker Aranaren auzian ikerketapean dagoen ertzain bakarra, Bilboko epaitegian. Izan ere, apirilean, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan, Iker Arana auzokidea larri zauritu zuten Ertzaintzaren oldarraldi batean, eta barrabil bat galdu zuen Ertzaintzak jaurtitako foam bala baten ondorioz. Justizia Aranarentzat plataformak aukera baliatu du elkarretaratze bat egiteko epaitegiaren aurrean, eta, Aranari elkartasuna adierazteaz gain, «Poliziaren inpunitatea» salatu eta protestarako eskubidea aldarrikatu dute.

Ehun lagun inguru batu dira elkarretaratzean, eta Poliziaren inpunitatearen aurka leloa idatzia zuen pankarta bat zabaldu dute. Haien asmoa zen elkarretaratzea epaitegiaren ondoan egitea, baina han zeuden ertzainek aurreko espaloira bidali dituzte bertaratutakoak, eta, azkenean, han egin dute ordu erdiko elkarretaratzea, «justizia Aranarentzat» eta «Poliziaren inpunitateari aurre egin» oihu egiten zuten bitartean.

Aranaren iritziz, aferak erakusten du Ertzaintzak erabiltzen dituen jokabideak ez direla «egokienak», eta kexu agertu da ikerketak orain arte izan duen prozedurarekin: «Ikertuak ertzainak direnean, ez dago protokolorik. Kosta egiten zait sinestea Ertzaintza ez dela gauza izan froga bakar bat ere lortzeko, gaur egun dituen tresna guztiekin. Jakin nahiko nuke zer gertatuko zatekeen alderantziz izan eta zauritutakoa ertzain bat izan balitz». Esan duenez, ikertzen ari diren ertzaina lehenago deitu zuten deklaratzera, baina deklarazio hura atzeratu egin zuten. «Espero dugu oraingoan berriro ez atzeratzea».

Frogak lortzeko zailtasunak

Aranak gogorarazi du haren ingurukoek lortu dituztela auzibidean aurkeztu diren bideo eta argazki guztiak, auzokideei irudirik grabatu ote zuten galdetuta. «Ertzaintzak ezin dezake egin guk egin dugun lana froga horiek lortzeko? Azken finean, guk ateetako txirrinak jo baino ez dugu egin». Bestalde, gogorarazi du ertzainek eraman ohi dituzten gorputzeko kameretatik ez dela irudi baliagarri bakar bat ere lortu, 35 bat aztertu dituzten arren: «Zail egiten zait hori sinestea».

Duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen gomazko pilotak baztertu eta foam balak erabiltzen hastea. Aranaren ustez, «praktikak erakutsi du jaurtigai horiek ere arriskutsuak direla».

«Kosta egiten zait sinestea Ertzaintza ez dela gauza izan froga bakar bat ere lortzeko»

IKER ARANA Ertzaintzaren foam bala batez zauritua

Justizia Aranarentzat plataformako bozeramaile Asier Praderak esan duenez, auziak agerian utzi du «Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea», eta gogorarazi du azken hilabeteetan jende gehiago zauritu dela Ertzaintzaren jardueraren ondorioz: «Aranarena ez da kasu bakarra izan».

Bestalde, «protestarako eskubidea» aldarrikatu du plataformak: «Zilegi da injustiziaren kontra protesta egitea». Praderak gogorarazi du Arana zauriturik izan zela Etxarri II gaztetxea husteko operazioan. «Gaztetxeak oso garrantzitsuak dira gazteen antolakuntzarako, eta onartezina da gaztetxe baten alde elkartasuna adierazteagatik pertsona batek mutilatuta amaitzea Ertzaintzaren oldarraldien ondorioz». Protesten «kriminalizazioaren kontra» egitera deitu du Praderak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.