Ponentzia bat sortuko dute Eusko Legebiltzarrean, adimen artifizialari buruzko herri estrategia bat osatzeko

EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk hitzartu dute ponentziaren sorrera. Helburua da lehentasunezko herri erronkak identifikatzea, gaitasunak eta gabeziak aztertzea eta herri estrategia integral baten oinarriak ezartzea.

Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 29a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusle edo eragile. Adimen artifizialak dikotomia hori planteatzen die agintariei: beste batzuek sortutako teknologien eta tresnen erabiltzaile hutsak izatea, edo tresna propioak garatzea eta erabilera herrialdearen beharretara egokitzea. Bigarren aukerarako, baina, estrategia bat behar da. Eusko Legebiltzarrak ponentzia bat sortzea onartu du gaur, estrategia hori definitzen hasteko. Jatorrizko eskaera EH Bildurena zen; azkenean, ordea, tarteko proposamen bat hitzartu du EAJrekin eta PSE-EErekin. Sumarrek babestu egin du, eta kontra bozkatu dute PPk eta Voxek.

«Nola ekarriko dugu gurera mundu mailako teknologia eraldatzaile hau? Zer egin behar dugu?», galdetu du Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkideak. Berak defendatu du koalizioaren eskaera. «Erronka ez da teknologiaren bilakaerari jarraitzea, baizik eta haren norabidean eragiteko gaitasuna izatea». Euskal Herritik: «Gure eskubideak, gure burujabetza eta erabakitzeko gaitasuna bermatuz».

«Erronka ez da teknologiaren bilakaerari jarraitzea, baizik eta haren norabidean eragiteko gaitasuna izatea»

LORE MARTINEZ AXPE EH Bilduko legebiltzarkidea

Harekin bat etorri dira EAJko Ainara Zelaia eta PSE-EEko Maider Lainez legebiltzarkideak. «Kontua ez da ea adimen artifizialak Euskadi eraldatuko duen, eraldaketa abian da», azaldu du Zelaiak. «Kontua da ea eraldaketa horretara egokitu baino ez garen egingo edo aurrea hartzeko gai izango garen, gure balioekin, gaitasunekin eta helburu kolektiboekin». Lainezen iritziz, «aukera bat zabaldu da, eta ezin dugu ikusle huts izan».

Adimen artifiziala iritsi da. AEB Ameriketako Estatu Batuetatik nagusiki. Eguneroko jarduera askotan txertatu da. Formaletan eta informaletan. Horiek horrela, Martinez Axperen iritziz, kontua da «ea prestatuta gauden, ea norabide argirik dugun, ea gai garen aukera berriak gure herriaren beharrekin lotzeko».

Adimen artifiziala teknologia da, baina Zelaiak nabarmendu du ezin zaiola teknologia politika gisa soilik heldu: «Gai estrategiko baten moduan heldu behar diogu. Eredu ekonomiko, sozial eta demokratikoari eragiten dio». Martinez Axpek gehitu du «herri ikuspegia» behar dela, beharrak eta lehentasunak osotasunean ulertzeko.

«Gai estrategiko baten moduan heldu behar diogu. Eredu ekonomiko, sozial eta demokratikoari eragiten dio»

AINARA ZELAIA EAJko legebiltzarkidea

Ponentziaren helburua, zehazki, hau da: «Adimen artifizialaren eraginaren aurrean lehentasunezko herri erronkak identifikatzea, gure gaitasunak eta gabeziak aztertzea eta herri estrategia integral baten oinarriak finkatzea». Zelaiak ñabardura bat egin nahi izan du: «Ponentziaren helburua ez da gobernuaren [Eusko Jaurlaritzaren] estrategia hartu eta estrategia paralelo bat sortzea, baizik eta herri estrategia bati ekarpena egitea, integrala, bateratua eta interes orokorraren zerbitzura dagoena». Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Batzordearen mendeko ponentzia izango da.

Indarguneak

Martinez Axpek agerian utzi nahi izan du Euskal Herria ez dagoela egoera txarrean, ez dela hutsetik hasiko. Badaudela ikerketa zentroak, industria teknologikoa, hizkuntza teknologien industria eta EHUren Informatika Fakultatea, duela 50 urte sortua. EH Bilduko legebiltzarkideak, hain zuzen, gogora ekarri ditu Eneko Agirre Hitz zentroko zuzendariak herenegun Euskarabildua jardunaldian egindako adierazpenak: «Adimen artifizialaren egoera, hemen eta euskararentzat, oso ona da. Bertako adimen artifiziala egiteko aukera dugu; euskara inoiz ez bezala dago teknologian». Martinez Axperentzat hori entzutea «izugarria» da «gurearen moduko herri batentzat».

Lainezek asko nabarmendu du adimen artifizialak ekonomian izango duen eragina. Uste du prestatu egin behar dela adimen artifiziala produkzio, teknologia eta gizarte ereduetan txertatzeko: «Onurak aprobetxatu behar ditugu, gizartea eraldatzeko eta onura horiek gure bizi kalitateari aurrerapena ekartzeko».

«Onurak aprobetxatu behar ditugu, gizartea eraldatzeko eta onura horiek gure bizi kalitateari aurrerapena ekartzeko»

MAIDER LAINEZ PSE-EEko legebiltzarkidea

Alde horretatik, Zelaiarentzat kontua ez da teknologia berriak hartzea edo enpresen produktibitatea sustatzea. Biak garrantzitsuak direla esan du, «baina bermatu behar da adimen artifizialaren onurak giza ongizaterako, kalitatezko enpleguaren sorrerarako, aukera berdintasunerako eta zerbitzu publikoak indartzeko erabiltzea», baita euskara eta euskal kultura aintzat hartuko dituela ere.

Lainezek ikuspegi ekonomikoan sakondu du, baina, Zelaiak bezala, ohartarazi du hobekuntzek zentzua izango dutela bakarrik pertsonak badituzte ardatz eta pertsonen eskubideak babesten badituzte. «Galdera da zer egingo dugun hori lortzeko», esan die legebiltzarkideei.

«Iraultza antropologikoa»

Martinez Axpek, bere hitzaldiaren sarreran, arriskuen berri eman du. Adimen artifizialaren garapena eta ezarpena AEBetako konpainia erraldoien eta haien jabeen esku uzteak dituen arriskuak aipatu ditu. Ez bakarrik arrisku politikoak, baizik eta baita ekonomikoak eta sozialak ere, besteak beste. Gizakien izaerari eragiten diotenak ere aipatu ditu: «Iraultza antropologiko baten erdian gaude. Adimen artifizialak nola bizi garen eraldatu du, baina ez bakarrik hori: planteatzen hasi da ea nola pentsatzen dugun, sentitzen dugun eta zer den gizaki izatea». Horiek horrela, ezinbestekoa iruditzen zaio gizakien oinarrizko izaera eta eskubideak babestea. «Zer zentzu izango luke gizarte teknologikoki aurreratuago bat eraikitzeak, demokratikoki ahulagoa eta sozialki desorekatuagoa balitz, eta pertsonak kontrolatzeko gaitasun handiagoa balu?», galdetu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA