Koronabirusak beste 44 hildako utzi ditu Euskal Herrian. Ostiralean emaniko datuen arabera, Araban beste zortzi pertsona hil dira, Bizkaian 28, Gipuzkoan lau eta Nafarroan beste lau. Beherakada handia da beraz atzokoa, aurreko egunekoarekin alderatuta, izan ere, asteazkena hildako gehien izan direnen artean bigarren eguna izan zen krisialdia hasi zenetik. Horiekin, 949 dira Euskal Herrian gaitzak hildakoak.
Diagnostikatutako kutsatu berri kopuruak, ordea, nahiko finko jarraitzen du azken egunetan, 550 eta 375 artean. Atzo 470 positibo berri atzeman zituzten, eta horiekin 13.876 dira jaso diren positiboak. Hala ere, herrialdekako datuak hartuta nabarmentzekoa da Nafarroan izan den positiboen gorakada. Atzo 108 positibo atzeman zituzten, eta gaur, 173. %4,8ko gorakada da. Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, osasun langileen artean "ahalegin berezia" egiten ari da kasu berriak atzemateko eta hori izan daiteke gorakada horren arrazoia. Gaineratu duenez, asteazkenean 200 proba egin zituzten, atzo 78 eta gaur 100 egitekoak dira. Osasungintzako 548 langilek eman dute positibo, plantillaren %3,6.
Edonola, egonkor mantentzen da ospitaleratutakoen kopurua Nafarroan: 476 dira. Atzo 64 gaixo ospitaleratu zituzten, eta 59 joan ziren etxera. Nafarroan ospitaletan dauden 476 horietatik 80 daude zaintza intentsiboetako uniateetan. Guztira, Nafarroan une honetan dauden 2.970 kasuetatik %80 etxean dago
Eusko Jaurlaritza baikor da datozen egunetako bilakaerari begira. "Kutsatuen tasa jaisten ari da, baina ezin gara lasaitu", esan du Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Planifikazio zuzendariak. Ospitaleratutakoen kopurua jaisten ari da Hego Euskal Herrian, eta martxoaren 31n baino ia 1.000 ospitaleratu gutxiago daude. 1.892 daude orain.
Nafarroako positibo gorakada proportzionalki handiena bada ere, kopuru osoetan Bizkaian izan dira kutsatu gehiago azken orduetan. 210 positibo gehiago atzeman dituzte, eta horiekin, 5.392 dira denera. Araban positibo berriak 40 dira eta Gipuzkoan, 47. Ikusi azken datuak eguneratuta, BERRIAren grafikoen orrialde berezian.