EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Posta bidezko botoa telematikoki eskatzeko epea zabaldu dute

Sinadura elektronikoa beharko da eskaria egiteko, eta uztailaren 2ra arte izango da epea.

Posta bidezko botoa eskatzeko ilarak maiatzaren 25ean, Correoseko bulego batean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 8a
11:32
Entzun

Correosek gaur jakinarazi duenez, zabalik dago Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta bidezko botoa modu telematikoan eskatzeko epea. Correosen webgunean egin beharko da tramite hori, sinadura elektronikoa baliatuta.

Salbuespenezko neurria da, koronabirusaren izurriak eragindako osasun krisiaren eraginez eta boto emaileen nahiz Correoseko langileen osasuna zaintzeko hartua, posta zerbitzuak ohar batean adierazi duenez. Telematikoki eskatzeko aukerak, ordea, ez du galarazten posta bidezko botoa aurrez aurre eskatzeko aukera ere; izan ere, maiatzaren 19az geroztik eska daiteke Correoseko bulegoetan. Posta bidezko botoa telematikoki edo aurrez aurre eskatu, bi aukeretarako epea bera da; uztailaren 2an amaituko da. Uztailaren 12an izango dira bozak.

Eskaria egindakoan, Correoseko langileek etxera eraman dezakete hauteskundeei buruzko dokumentazio guztia, ekainaren 22tik aurrera. Langileak nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena eskatuta egiaztatuko du boto emailearen nortasuna, eta hark sinatu beharko du paperak jaso dituela.

Boto emaileak, nahi izanez gero, aukera izango du orduan bertan postariari botoa emateko, Correoseko bulego batera joan behar ez izateko. Botoa eman izanaren egiaztagiri bat ere sinatu beharko du.

Correoseko hainbat langilek gaitzetsi egin dute posta bidezko botoa sustatzeko Jaurlaritzaren asmoa, haien ustez ez baitu laguntzen arriskua saihesten. Posta bidezko parte hartzea nabarmen handitu da, halere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.